Deustuko unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena sinatuko du Alkizako Udalak

Ataria 2020ko uztailaren 3a

Turismo ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte Fagus-Alkiza interpretazio zentroan hitzarmenari eskerrak.

Ekainaren 30ean ohiko osoko bilkura egin zuen Alkizako Udalak eta Deustuko unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena onartzearekin batera, herriko ostatuan eta Inazio Urruzola txakolindegian erabiltzeko kontsumo bonuak banatzeko erabakia hartu zuten udal ordezkariek.

Bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango du eta establezimendu horietan otordua egiteko erabili ahal izango dira, 2020ko abenduaren 31ra bitartean. Udal ordezkariek adierazi dutenez, bi helburu dituzte bonuek: "Herriko eragile ekonomikoak laguntzea krisiaren ondorioak gainditzen eta, herriko festarik egingo ez denez, herritarrei nolabaiteko konpentsazioa ematea. Herriko festetako aurrekonturen zati bat erabiliko da bonuak finantzatzeko".

Bestalde, udalak jakinarazi duenez, asmoa du gainerako herriko eragileak laguntzeko bestelako ekimenak bultzatzeko urtea bukatu baino lehenago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!