Bisita gidatu tematikoak egingo dituzte Fagus Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 24a, 19:57

Azken hilabeteetan COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz Fagus Alkiza interpretazio zentroaren eskaintza guztia etenda egon da, bai ikastetxeentzat, baita bisita gidatu tematikoak egin nahi zituztenentzat ere. Egoera bere onera itzultzen ari dela ikusita, bi bisita gidatu antolatu dituzte uztailaren 4rako eta uztailaren 25erako.

Alkiza Hernio mendiaren magalean dago eta naturagune aparta izateaz gainera, ekologikoki balio handikoa da. Horregatik, Natura 2000 Sare europarraren baitan aitortuta dago eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten, besteak beste, Europar Batasunaren interesekoak diren espezieak bizi direlako bertan. Horien artean hegazti sarraskijaleak daude: sai arre eta sai zuriak.

Fagus Alkiza interpretazio zentroak hegazti hauek hobeto ezagutzeko ibilbide gidatua prestatu du uztailaren 4rako eta Jabier Vazquez basozain izango da bidelagun. Alkizako plazatik abiatuko dira 10:00etan eta bi ordu inguru iraungo ditu irteerak. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina dela esan dute antolatzaileek.

Uztailaren 25ean, berriz, zuhaitz lepatuak ezagutzeko aukera izango da Fagus Alkiza zentroaren eskutik. Hernioren gailurren azpian, pago motzen sail erraldoi bat dago. Mendeen joan etorrian, gizakiak garaian-garaiko egoerara moldatu eta diru iturri berriak aurkitu behar izan ditu eta horrekin batera moldatu du basogintza. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari den Balentin Mugartzak, arbasoengandik jasotako altxorrak hobeto ezagutzeko gidari lanak egingo ditu bisitan. Ibilbidea haurrekin egiteko modukoa izango dela jakinarazi dute eta bi ordu inguruko iraupena izatea aurreikusten da.

Bisitetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera mezua bidalita edo 688 604 466 telefono zenbakira deituta. Alkizarrentzako eta 12 urtera arteko gazteentzako doakoa izango da irteera, eta gainerakoek 4 euro ordaindu beharko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!