Artisten garapenerako habia

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 19a, 15:00

Bi artista eta hiru asteko egonaldia. Hirugarren urtez jarraian antolatu dute Alkizako Sormenaren Kabia, eta astebete luzatuta dator aurtengoa. Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko egonaldian parte hartzeko izen ematea zabaldu du. Sorkuntza artistikoa gizarteratzeko eta artisten lanari ikusgarritasuna emateko akuilu lana egin nahi du Alkizako Sormenaren Kabia ekimenak.

Kultura eta arte sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi dituzte, eta landa eremuko herri txikietan proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen diete artistei.

Uztailaren 5a bitarte eman dezakete izena egonaldian parte hartu nahi duten artistek. Postaz edota emailez eman daiteke izena, eta norberaren datuez gain, proiektuaren deskribapen laburra eta proiektua azaltzeko lagungarri den material grafikoa edo bestelakoak aurkeztu beharko dituzte, besteak beste.

Urtero, eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker ateratzen dute aurrera ekimena. Alkizako Udalak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Alkizako ostatuak, Lete apartamentuek, Inazio Urruzola txakolindegiak eta Koldobika Jauregiren Ur Mara museoak sustatutako proiektuari Ekotalo enpresa batu zaio aurten.

Horrez gain, Alkizako Udalak herrigunean lokal bat hartu du alokairuan, eta proiektuaren osagarri izango da. Herrira doazen bisitariei harrera egiteko baliatuko dute, eta artisten lanez gain, herriko hainbat produktu jarriko dituzte bertan.

Bi artistetako bakoitzak 1.000 euroko saria jasoko du. Gainera, euren lana ezagutzera emateko berariaz eginiko ikus-entzunezko bat grabatuko diete. Lanerako espazioaz eta ostatuaz gain, aholkularitza artistikoa eta izaera bereko beste hainbat egitasmo ezagutzeko erraztasunak ere emango zaizkie bi artistei.

Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke, hasi teknologia berrietatik eta modaraino. Nagore Legarretak duela hamar urtetik argazkilaritza du ogibide, eta iazko Sormenaren Kabian hautatua izan zen Alkizako egonaldirako. Aurten, berriz, epaimahaiko kide izango da. Alboan izango ditu Aizpea Goenaga zinema zuzendaria, idazlea eta aktorea; Koldobika Jauregi eskultorea eta Xabier Artola Zubillaga informatika doktore eta argazkilaria. “Ondo dago lau pertsonak eta profil ezberdinetakoek osatzea epaimahaia”, azaldu du Legarretak berak.

Argazkilariak barru-barrutik bizi izan du esperientzia. Lan artistiko eta esperimentalak egiten ditu batik bat, eta, maiz, natura eta gorputza lotzen ditu bere lanetan. Bere hitzetan, horiexek dira Alkizako Sormenaren Kabiak dituen gakoetako bi.

“Zaila” da Legarretak aukeratu duen bidea, baina “ezegonkortasunarekin eta ezjakintasunarekin” bizitzen ikasi duela dio. “Egoskortzat” du bere burua, eta hasi zenetik “tira eta tira” bide bat egin duela azaldu du. Egiten duenarekin “asko” disfrutatzen duela nabarmendu du argazkilariak, baina, hala ere, hautatu duen bidea “egunero garbitu eta zaindu beharrekoa” dela gaineratu du.

Iaz, Beñat Ralla musikariarekin batera egin zuen egonaldia Legarretak Alkizan. “Uste dut eredugarria dela Alkizaren sormen programa hau. Zoragarria da”, azaldu du, esperientzia gogoratuz. “Gauza on asko dauzka bai sortzailearentzat eta baita herriarentzat ere”. Landetxe batean jartzen diete tokia egonaldirako, eta “penaz” alde egin zuela aitortu du: “Ederra da paisaia horretan bizitzea”.

Artisten erakusleiho

Herritarrekin harreman zuzena izango zuen dinamika bat proposatu zuen argazkilariak, eta aurten ere ezaugarri hori baloratuko dutelakoan da. Herritarren laguntzarekin, ontziekin kamera bat egiteko lantegi bat egin zuen, eta “oso harrera ona” izan zuen.

Alkizak erreferentzia eta komunitate berri bat eman dizkiola azpimarratu du: “Alkiza lehen ez zegoen nire mapan, eta orain edozein aitzakia bilatzen dut Alkizara joateko”. Alkizan eskura dituzten baliabideak oso ondo baliatzen dakitela uste du Legarretak. “Eragile ezberdinek, elkarlanean, daukaten hori balioan jartzeko sekulako gaitasuna daukate. Niretzat eredugarria da hori”.

Legarretak mezu bat bidali nahi izan die parte hartzekotan direnei: “Nora doazen eta beka zertarako den kontuan hartzeko esango nieke. Herriaren profilarekin bat egiten duen edo ez begiratuko dugu. Ezin dira egin, adibidez, bostehun pertsonako gauzak; hau da, kontuan hartu beharko dute non egingo duten lan”.

Naturarekin kontaktuan lan egiteko “sekulako aukera” dela nabarmendu du Legarretak. “Ostatu zoragarri batean” egonaldia egiteaz gain, eta diru sariaz aparte, “mimo asko” jasoko ditu parte hartzaileak. “Adibide gisa, Unai Sorarrainek gure lanaren prozesua jasotzen duen bideo dotore bat ekoiztu zigun”. “Emaitzarekin ez beldurtzeko” eskatu die parte hartzaileei: “Prozesua baloratzen du ekimen honek, zein dinamika duen eta zer-nolako saltsa jartzen duen herrian. Emaitza bezainbeste baloratzen da lanaren prozesua”.

Legarretak “zalantzarik gabe” animatzeko dei egin die artistei: “Hasteko, esperimentatzeko eta jolasteko esango nieke. Erakusleiho bat da hau, eta norberaren lanari martxa eta saltsa pixka bat jartzen diote behin proiektua aukeratzen dutenean”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!