Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan bisita gidatu tematikoak uztailaren 4tik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 16a, 17:21

Hernio-Gazumeko hegazti sarraskijaleak ezagutzeko bisita eta zuhaitz lepatuak ikusteko irteera antolatu dituzte, uztailaren 4an eta uztailaren 25ean, hurrenez hurren.

Azken hilabeteetan itxita egon da Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz zentroaren eskaintza guztia etenda egon da: bai ikastetxeentzat, baita bisita gidatu tematikoak egin nahi dituztenentzat ere. Egoera bere onera itzultzen ari da eta hainbat zerbitzu martxan jarriko dituzte berriro. Esate baterako, uztailetik aurrera, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko espezieak eta habitatak ezagutzeko hainbat irteeran egingo dituzte. 

HERNIO-GAZUMEKO HEGAZTI SARRASKIJALEAK

  • Alkiza Hernio mendiaren magalean dagoen landa-eremuko herria da. Naturagune aparta izateaz gainera, ekologikoki balio handikoa da. Izan ere, Natura 2000 Sare europarraren baitan aitorturik dago eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten, besteak beste, Europar Batasunaren interesekoak diren espezieak daudelako bertan. Esate baterako, harkaiztien gainean hegan ikusi daitezkeen hegazti sarraskijaleak. Alkiza sai arren eta sai zurien bizi-tokia da.
  • Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak hegazti hauek hobeto ezagutzeko ibilbide gidatua prestatu du. Jabier Vazquez basozain izango dute bidelagun. Vazquezek paraje hauek primeran ezagutzen ditu eta sai arre eta sai zurien inguruko hamaika bitxikeria azalduko ditu.
  • Bisita gidatua uztailaren 4an egingo da, larunbatez. Alkizako plazatik abiatuko dira 10:00etan eta bi ordu inguru iraungo ditu irteerak. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da.

ZUHAITZ LEPATUAK, HISTORIAREN LEKUKO BIZIAK

  • Hernioren gailurren azpian, bada pago motzen sail erraldoi bat. Alkizako basoetako egurrarekin egindako barkuek urruneko itsasoak zeharkatu zituzten. Gainera, bertan sortutako ikatzarekin berotzen zituzten bai alkizarren sukaldeak eta baita industrietako labeak ere. Mendeen joan etorrian, gizakiak garaian-garaiko egoerara moldatu eta diru-iturri berriak aurkitu behar izan ditu. Hainbat ogibide desagertu egin dira ondorioz. Esate baterako, Alkizan, sasoi batean, familia guztietan bazen ikazkinen bat. Ordea, txondorrak bezalaxe, langintza hori aspaldi itzali zen. Zuhaitz lepatuak, baina, ofizio horren lekuko biziak dira.
  • Uztailaren 25ean, Alkizako plazatik abiatuko dira 10:00etan. Balentin Mugartza, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria, gidari dutelarik arbasoengandik jasotako altxor hauek hobeto ezagutzeko aukera izango da. Ibilbideak haurrekin egiteko modukoak izango dira eta bi ordu inguruko iraupena izatea aurreikusten da.

Bisitetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera mezua bidalita edo 688 604 466 telefono zenbakira deituta. Alkizarrentzako eta 12 urtera arteko gazteentzako doakoa izango da irteera, eta gainerakoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Koronabirusaren izurriteari aurre egiteko, osasun agintariek ezarritako protokoloak aplikatuko dituzte. Bisita egunean bertan bizi den egoeraren araberako protokoloa jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!