Hiru astetara zabaldu dute artistentzako egonaldia

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 4a, 19:59

Alkizako Ur Mara museoan aurkeztu dute Sormenaren Kabia bekaren hirugarren edizioa; bi artistak egin ahal izango dute egonaldia Alkizan.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko egonaldia sortu zuen 2017an. Kultura eta arte sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta modu horretara landa eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi nahi izan zuten. Aurten hirugarren ekitaldia egingo dute. 

Lehenengo bi edizioetan parte hartu duten artisten aholkuak aintzat hartuz, egonaldiak astebete gehiago iraungo du aurten. Artistek denbora gehiago izango dute euren proiektuak landu ahal izateko, Inaki Irazabalbeitia alkateak nabarmendu duenez: «COVID-19ak eragindako egoera dela eta, murrizketak egon diren honetan, Alkizako herriak kulturaren aldeko apustuari eutsi dio. Aurtengo aurrekontua murriztuta ere, ez bakarrik mantendu, areagotu egin dugu artistek herrian egin ahal izango duten egonaldia». 
Ahalegin hori, neurri handi batean, herriko eragileei esker egin daitekeela esan du Irazabalbeitiak eta «bene-benetan» eskertu nahi izan die inplikazioa. «Lete nekazal turismoa, Inazio Urruzola txakolindegia, Alkizako ostatua eta Eko Talok egindako ekarpenik gabe, hau guztia ezinezkoa litzateke». Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza ere eskertu du alkateak.

Alkizako beste kultur eragile inportantea Ur Mara museoa da eta aurreko edizioetan bezala aurten ere Sormenaren Kabia proiektuan parte hartuko du bertako arduradun Koldobika Jauregik: «Bertako eta kanpoko artistei zabaldu nahi diegu deialdia eta nabarmendu nahi dugu arte esparru guztietako proiektuentzat dagoela zabalik deialdia, izan antzerkia, argazkigintza edota dantza». 

Jauregi beraren aholkularitza eta laguntza jasoko dute hautatutako artistek Alkizan egoten diren bitartean, eta aurten, herritarrekiko harreman zuzena errazte aldera, herriko plazan gune bat prestatuko dute, Jauregiren esanetan, «alkizarrek ere sormen prozesuaren segimendua egin ahal izan dezaten». Ohi bezala, Unai Sorarrain herritarrak ikus-entzunezko batean jasoko du artistek Alkizan egingo duten egonaldia, euren lana ezagutzera eman dezaten.

Bi artista hiru astez alkizan

Koldobika Jauregirekin batera, aurten, epaimahaikide berriak izango ditu Sormenaren Kabiak. Aizpea Goenaga zinema zuzendari, idazle eta aktoreak, Nagore Legarreta iaz egonaldian parte hartu zuen argazkilariak eta Xabier Artola informatikan doktore  eta argazkigintzan aritzen den herritarrak osatuko dute. Besteak beste, proiektuak epaitzerakoan, originaltasuna, hautagaiak parte hartzeko azaldu duen interesa eta Fagus Alkiza interpretazio zentroaren hiru ardatzekin proiektuak duen koherentzia hartuko dute aintzat. Antolatzaileek esan dutenez, proiektuak kontuan hartu beharko ditu landa eremuko herri txiki euskaldun baten ezaugarriak eta estimatuko dute herritarrekin jardueraren bat antolatzea. 

Parte hartu nahi duten artistek euren proiektua aurkezteko aukera izango dute ekainaren 5etik uztailaren 5era. Deialdi honetan adinez nagusia den edozein sortzailek parte har dezake, «eskarmentu handikoa nahiz hasi berria izan». Artistek bakarka zein taldean aurkeztu ditzakete euren proposamenak, eta edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke. 
Alkizako Udalaren eta Fagus Alkiza interpretazio zentroaren webguneetan eskuragarri daude deialdiaren oinarriak. Bi artista izango dira hautatuak eta Sormenaren Kabiak hainbat baliabide eskainiko dizkie lanerako: espazioa, aholkularitza artistikoa, izaera bereko beste hainbat proiektu ezagutzeko erraztasuna, ostatua eta 1.000 euroko sari bana. Ondoren, hiru asteko egonaldia iraila eta urria bitartean gauzatuko da eta antolakuntzak aukeratuak izan diren sortzaileekin adostuko ditu data zehatzak.

‘Alkizako kabia’ mokadua sortu dute aurten


«Gastronomia zerbait bada  horixe da: etengabeko sormena, prestakuntza eta esperimentazioa». Sormenaren Kabia egitasmoko antolatzaileak erronka batekin joan zitzaizkien Alkizako Ostatuko nagusi Markos Estebanengana eta Eko Talo enpresako arduradun Julen Altzelaiengana: «Ea gai zareten mokadu edo kutixia bat sortzeko Sormenaren Kabiaren arima islatzen duena» .

Alkizako Kabia da emaitza. Alzelaik aipatu duenez «irina egiteko artoa, labean xigortua da eta ukitu berezia ematen dio taloari. Talo kurruskari bat egin nahi izan dugu kasu honetan». Estebanek, ohiko taloaren ordez, tako bat osatzearen aldeko hautua egin dutela nabarmendu du. «Barruan baserriko arkumea darama, labean erreta, eta horrekin batera badaramatza, hemengo baratzetako barazkiak, tipula ozpinean ondua, martorria, soja saltsa eta Ibarrako piperrak».

Hemendik aurrera, Eko Taloko eta Alkizako ostatuko eskaintzen artean, tarteka, Alkizako Kabia mokadua probatzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!