Apirilaren 28an eginiko osoko bilkuran Alkizako Udalak aztertu du, besteak beste, COVID-19aren krisiak izango dituen ondorioak 2020rako udal aurrekontuan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri baitu udalei foru-funtsaren bidez egingo dien ekarpenak % 20-25 bitarteko murrizketa izango duela. Horrek eragin handia du Alkizako Udalaren ekonomian, foru-funtsak sarreren % 56a osatzen baitu.
Osoko bilkuran Inaki Irazabalbeitia alkateak azaldu du egoera berrira moldatzeko zein pauso eman asmo dituen. Udalak identifikatu du jada zein partidetan dagoen aukera gastu murrizketak egiteko eta zenbatekoak izan daitezkeen. Udala jakitun da egoera aldakorra dela eta datu guztiak ez dituela mahaiaren gainean, baina proposatutako neurriekin 2020rako gastua % 10 murriztea posible ikusten du.
Irazabalbeitiak honakoa adierazi du: "Alkizarrok etxeko lanak egiten ari gara egoera berrira moldatzeko, baina bakarrik ezin dugu egin eta lan horretan goiko erakundeak gu laguntzea ezinbestekoa da". Batetik eskatu du foru-funtsean egin behar den murrizketak kontua izan dezala Alkiza moduko udal txikien egoera berezia, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dezala murrizketa tasa bera aplikatu udal guztientzat; Eta bestetik, beharrezkoa ikusten du udalaren jarduera ekonomikoa mugatzen dituzten baldintzak, gastu araua adibidez, malgutzea udalek maniobratzeko tartea izan dezaten.