Ez dira urte asko pasa ikatzak balio handia zuenetik. Txiki-txikitatik ikasi zuten txondorgilearen lanbidea Joxe Aierbe (Alkiza, 1929) eta Gregorio Iruretagoienak (Alkiza, 1933), baina hirurogei bat urte atzera egin behar dira txondor garaiez hitz egiteko. Harrez gero, ez da txondor asko piztu Alkiza inguruan.
«Ni oso gazte hasi nintzen. Bederatzi-hamar urterako, bakar-bakarrik egona naiz txondorra zaintzen», gogora ekartzen du Aierbek. Txabola behar zuen nahi eta nahiez ondoan: «Lo egiteko, jateko,... beharrezkoa genuen txabola», kontatu du Iruretagoienak. Aitek zituzten txondorgileak, eta beraiek irakatsi zieten lanbidea.
«Erretzen baduzu, bukatu egiten da egur pila. Txondorrak egosi egin behar du», dio Iruretagoienak behin eta berriz. Hori da sekretuetako bat behintzat txondorgileentzat, bestela, hautsa geldituko litzateke, egurra erreta.
Urteetan gauzak asko aldatu direla diote, eta diferentzia «ikaragarria» sumatzen dute biek ala biek: «Gu umeak ginenean, txekorrekin oinez joan behar izaten genuen Tolosako hiltegira, eta Anoetatik hasi, eta Tolosaraino zer-nolako soroak ziren! Zer arbi, arto eta gari soroak! Orain denak tailerrekin daude», azpimarratzen du diferentzia hori nabarmenduz gazteenak.
Haurtzaro garaian Alkizan txondor asko egiten zirela gogoan dute. Ia baserri bakoitzak izaten zuen berea: «Etxe gutxi izango ziren txondorrik egiten ez zutenak». Udaberri garaia izaten zen txondorrak egiteko sasoi ona, eta «dozena bat txondor batera egoten ziren», dio Iruretagoienak. Hamazazpi kontatuak ere badituzte.
«Neguan preparatu behar izaten ziren txondorrak, baina egosi udaberrian», azaldu dute. Martxoa edo apirila aldera, artoa egin aurretik, pizten zituzten txondorrak. Ikazkinaren nolakotasunak baldintzatzen zuen txondorra, eta nolako egurra eta nolako txondorraren arabera, egun gehiago edo egun gutxiago egoten ziren txondorrak piztuta: «Batzuk zortzi egunean egingo zuten, eta beste batzuek hamabost egunean».
Nolako egurra halako ezpala, dio esaera zaharrak, eta egur ikatza ateratzeko ere, «nolako egurra den, eta enborrekin egina edo adar hutsekin egina den alde ikaragarria dago», azaldu du Aierbek. Eta Iruretagoienak jarraitzen du, «pago enborra edo adarra izan aldea dago. Pago bati adar bat edo bi inausten zizkioten, besteari bi edo hiru, eta horrela kentzen zizkioten pagoari adarrak. Egur horiekin lehenago egosten zuten». Etxe askotan omen ziren txondor-zuloak, eta udazkenean, etxearen inguruan piztu ohi zituzten txondorrak. «Erremedioz behar zituzten», ekartzen du gogora Aierbek.
Hogei-hogeita hamar urteren bueltan utzi zioten ikatza egiteari. Aierbek dio: «Hemen, ikatza, butanoa sartu zen garaian bukatu zen». «Kalean lehen, denek, egurra eta ikatzarekin egiten zuten sua. Ez zegoen butano edota gasik».
Esaterako, Iruretagoienak gogoan du Tolosara astero ikatza nola eramaten zuten: «Petra gozogileari, astean bi edo hiru aldiz eramaten zioten ikatza». Dirua zuenak ikatza erosten zuela diote: «Kerik ez du ikatzak, eta egurrak bai».
Saltzeko egiten zuten ikatza, eta eskuan dirua izateko. Etxean oso gutxi erabiltzen zuten. «Etxean, ekonomikan, egurrarekin egiten zen sua, eta ikatza Tolosarako izaten zen», diote. Orain adina gauza ez zituzten erosten lehen, baina etxera zerbait erosita eramango bazuten, dirua behar; horretarako ikatza saldu behar izaten zuten. Gurdirik ez, eta zaldian kargatuta eramaten zituzten bederatzi-hamar kiloko zakuak.
Lan oso gogortzat dute ikazkinarena: «Gauean ere beti alertan egon behar izaten zenuen. Lan pisua zen eta arriskutsua ere bai». Galdutakoak ere badituzte. «Behin hanka sartu eta atera ezinik geratuz gero, bakarrik zaila izaten zen ihes egitea».
Txondorraren magia
Txondor-zuloa garbitu eta prestatu behar izaten zuten lehenengo, eta nibelean jarri. Neguan egurrak prestatzen zituzten. Egurra ekarri, moztu eta txondorra egiten zuten. «Jaio ordurako mendian ibiltzen ziren, eta haiek bazekiten nola egin behar ziren», gogoratzen du Aierbek. «Gero egurrarekin kargatu esaten zuten, eta orbela botatzen zioten. Bustia nahiago lehorra baino, eta dena lurrez tapatzen zuten, bestela sua kanpora ateratzen zitzaion txondorrari eta erretzera zihoan txondorra».
Poliki-poliki egurra egosten mantendu behar izaten zuten, eta gau eta egun, norbait zaintzan egon behar izaten zuen. «Ez zegoen beste erremediorik», adierazi du Aierbek, eta gaineratzen du, «lehenengo egunetan ematen zuen lanik gehiena. Berriz ere egurra prestatu behar izaten zen, betegarria; eta lana ematen zuen».
«Txondorrak zuloa izaten zuen erdian, goitik behera sua lanean hasten zenean, txondorra egostean, muturra jaitsi egiten zitzaion, eta egur motzak edukitzen zituzten prest. Ireki muturra, eta egur motzak sartu, eta berriz ere muturra egiten zioten, eta itxi egiten zuten».
Eskailera behar izaten zuela txondorrak diote, eta Aierbek kontatzen du: «Eskailera bakarrik ez gainera. Beste bat izaten zen sataga esaten zitzaiona, luzea. Betegarria botatzerako garaian, estuasunak ematen zituen keak. Ito egin behar, eta norabait saltatu egin behar izaten zen».
Mutil kozkor arinak izanagatik, alde batera edo bestera salto egin behar izaten zutela diote. Zaintza lanak tarteko, jatekoa ere bertara eraman behar izaten zuten. «Gu oso goian aritzen ginen, eta bertan egiten genuen jatekoa», esan du Aierbek. Txondorra egosten zegoen garaian, gehienetan, txabolan pertsona bakarra egoten zela diote. Urtean txondor bat edo bi seguruak izaten zituzten. «Urte askoan ezagutu nuen gure aita zena mendian bi txondor egiten. Eta etxe ondoan udazkenean, bestea. Bakarra egiten zutenak ere izaten ziren», dio Iruretagoienak.
Txondorraren arabera jasotzen zituzten ikatz kiloak. Batzuk txikiagoak eta besteak handiagoak egiten zituzten. «Zenbat egur jartzen zenuen, horrenbeste ikatz jasotzen zenuen». Eskari handia zegoela kontatzen dute, «bestela ez zuten egingo». «Errementariak ia herri guztietan izango ziren, eta haiek ere ikatza behar izaten zuten».
Artelana ote den aipatuta, aho batez, baiezkoa adierazi dute: «Edozeinek txondorra egin behar duela esan, eta ez du egingo», nabarmendu du Joxe Aierbek. Eta Iruretagoienak gaineratzen du, «Txondorraren berririk ez duenak, ezin du hasi egiten». Egurrak jartzean dago artea, baina baita sua ematean ere, eta nola ez, baita egurra egosten mantentzean ere. Jakin gabe txondorrari su emanez gero, «ikatz zuria» aterako litzakeela kontatu dute. Eta anekdota ezberdinak ere badituzte kontatzeko: «Bi gazte joan ziren txondorra egitera mendira, eta txondor-zulo txiki samarra egin zioten, eta azpiko aldea hazi egin omen zitzaien. Lurra botata jarri izan behar zuten, baina ez ondo egin. Gero azpitik airea hartu, eta beraiek jakin ez zein akats zuen txondorrak. Segituan dena sutan». Zer gertatu zitzaien tankerarik ere ez omen zioten eman. «Erretako txondorretik, ez dago ikatza ateratzerik», azaltzen du Aierbek.
Lehengaia, egurra
Egurra pagomugarroak «altura batetik moztutako pagoak izaten ziren», dio Aierbek. «Hemen oraindik dezente dago pago mugarroa», gehitzen du Iruretagoienak, baina «zahartuta» daude, eta handiegiak egin direla dio. Eta Aierbek jarraitzen du, «nahi adina ez zitzaien haziko, baina bakoitzari adarren bat edo beste kendu eta... horrela osatzen zen egurra». Zuhaitz asko behar zituzten. «Orain adarrak kenduz gero, ez lukete pujarik emango. Orduan berriagoak nola mozten baitziren, ondotik beste puja bat ematen zuten», azaldu du Iruretagoienak.
Basoa izugarri aldatu dela diote, eta 40 urte baino gehiagoan ez dela egurrik atera, eta jaiotzen den guztia luzea dela kontatzen dute. «Orain inork ez du mugarratzen».
Hogeita hamar urteren bueltan egin zuten azken txondorra, eta txondorgileen lana ia beraiekin batera bukatu zen Alkizan. Penaz begiratzen diote baserri munduari, eta urtez urte baserriak izan duen bilakaerari. Eta orokorrean, gizarteak izan duen aldaketari sinetsi ezinik begiratzen diote: «Ikaragarri aldatu da, ez pentsatu brometan aldatu denik», gaineratzen du.
Txondorgilearen lana oroituz, omenaldia egingo diete herrian eta herritarrek, baina ez diote berebiziko garrantzirik ematen horri.
Urteak bizkar gainean izanagatik sasoiko daude Aierbe eta Iruretagoiena. Ez dira etxean geldirik geratzen, eta eguraldi ona bada behintzat, baserrian ez da lanik bukatzen eta horretan aritzen dira; bide bazterrak garbitzen ez bada, baratzean lanean. Irribarre artean diote: «Lau pareten artean baino hobeto gaude kanpoan».
Ikiliko Txondorra
Alkizan aspaldiko ohiturak edo lanbideak berreskuratu nahi izan zituzten, eta 2010ean, ikazkinak eta txondorrak izan ziren protagonista. Emaitzeko bat Ikiliko Txondorra liburua izan zen. Bertan, txondorra nola egiten den ikusi daiteke Xabier Artola Zubillaga herrita- rrak ateratako argazki desberdinen bidez
OHARRA: BERTAN BEHERA
Herriko txondorgileei asteburuan omenaldia egitekoak ziren Alkizan, baina jakina den moduan, Koronabirusa dela eta, bertan behera geratu dira ekitaldiak. Asteklimaren Euskadiko Klima Aldaketaren Astea barruko ekimena zen, eta Udalsarea 2030 udalen sarean sartuta dauden udalek ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.
Plazatik abiatuta, ibilbide gidatua egin nahi zuten zuhaitz lepatuak bisitatuz, eta jarraian, herriko txondorgileekin solasaldia eta omenaldia.
Bertan behera utzi duten arren, aurrerago egingo dute, eta jakinaraziko dute.