Garapen jasangarriaren aldeko ekintzak sustatzeko laguntza jaso du Alkizako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 18a, 17:51

Eusko Jaurlaritzaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsen bidez, 47.500 euroko diru laguntza jaso du, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan egiten ari den lanengatik.

Alkizako lurren gehiengoa hartzen du Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuak, duen balio ekologiko handiagatik Europako Natura 2000 sare ekologikoan sartuta dagoenak. Alkizak bioaniztasunaren aldeko apustu argia egin du eta bide horretan, udalak zenbait lan eginak ditu, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren Kudeaketa Planean aktiboki hartzen baitu parte.

Eremu honetan, adibidez, Europa mailan babestuta dauden hainbat landare eta animalia daude. Esate baterako, intsektu deskonposatzaileak, kiropteroak eta hegazti sarraskijaleak. Kudeaketa Planak jasotzen duenez, eremu honetan bizi diren eta usteltzen ari den egur hilaz elikatzen diren intsektu saproxilikoak, kiropteroak eta saguzarrak babestu beharreko espezieak dira, mehatxatuta baitaude. Basoek izan duten ustiaketa intentsiboaren eraginez, zuhaitz espezie ezberdin gutxi daude eta denak adin bertsukoak dira. Ondorioz, intsektu saproxilikoek eta kiropteroek ez dute behar adina babesleku eta elikagai. Gabezia hauei aurre egiteko, Alkizako Udalak, besteak beste, apropos saguzarrentzako egokitutako hainbat habia-kutxa ezarri ditu zuhaitzetan.

Betalde, animalia horien bizitokiak edota habitatak babestu beharrekoak direla dio Kudeaketa Planak, alegia, kobak eta kabidade karstikoak, basoak eta larreak. Norabide horretan, pagadien egoera hobetzeko asmoz, basoetako soilguneak handitu ditu udalak eta hildako egurraren kantitatea gehitu du. Halaber, heskai edo hesi biziak sortzeko asmoarekin, hainbat zuhaixka landatu ditu herriko zenbait larretan. Esku hartze honi esker, ekotonoak, hau da, belardien eta basoen arteko trantsiziorako bizitokiak edo habitatak sortu dira. Hauek zenbait organismok bizirik irauteko ezinbestekoak dira.

Esku hartze hauei esker Alkizako Udalak 47.500 euroko laguntza jaso du. "Babes ekonomiko honek garapen jasangarriaren aldeko ekintzak egiten jarraitzea ahalbidetuko dio Alkizari", esan dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!