Aurrekontuaren herena inbertsioetara bideratuko dute Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 7a, 09:58

Ur eta saneamendu azpiegiturak hobetzea, herri ostatuko azpiegitura eraberritzea, Errekaldeko zaborrontzi gunea txukuntzea eta jubilatuen txokorako altzariak erostea azpimarratu dituzte inbertsio nagusien artean.

Abenduaren 26an eginiko osoko bilkuran 2020ko aurrekontua onartu zuen Alkizako udalbatzak. Guztira, 601.978 euroko diru gastua aurreikusi du udalak, kopuru horretatik % 33a inbertsioetarako izango da. Inbertsioen artean honokoak aipatu ditu udalak: ur eta saneamendu azpiegiturak hobetzea, herri ostatuko azpiegitura eraberritzea, Errekaldeko zaborrontzi gunea txukuntzea eta jubilatuen txokorako altzariak erostea. Era berean, herriko hirigintzako plan orokorra bukatzeko diru sail bat ere aurreikusi dute.

Diru laguntzen artean euskara ikastekoa, eskolari eta guraso elkarteari esleitutakoa eta Tolosaldea Sahararekin elkarteari emanikoak aipatu dituzte.

Udalaren sarrera nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsetik jasoko dena da, 340.394 eurokoa hain justu. Herritarrek ordaintzen dituzten tasek eta zergek diru sarreren % 20,7a osatzen dute.

Bestetik, udal batzak Orain presoak, euskal presoak Euskal Herrira mozioa onartu du eta dei egin zien herritarrei abenduaren 31an, 17:00etab Zizurkil eta Villabona artean egin zen presoen aldeko manifestazioan parte hartzera

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!