Artisten kabia ematen ari dena

Ataria 2019ko abenduaren 17a

Sormena eta kultura hiri eta herri handietatik deszentralizatzeko asmoarekin martxan jarri zuten Sormenaren Kabia Alkizan.

Alkiza landa-eremuan sormena landu nahi duten artistentzat toki paregabea dela sinistuta martxan jarri zuten proiektu hori. Artistentzako egonaldien bigarren ekitaldian, Nagore Legarreta eta Beñat Ralla sortzaileen proiektuak izan dira aukeratuak.
 
Legarretak, magoa bailitzan, ontziekin argazki kamerak sortu eta argazkiak ateratzen irakatsi die gerturatutakoei bere egonaldian zehar. Natura ikuspegi berri batetik behatzen ikasi dutela azaldu dute alkizarrek.
 
Beñat Rallak MugMus Laborategiko, Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre kideak bidelagun izan ditu euren bigarren lanean, Garaiz: 60 taupada minutuko obran.
 
Unai Sorarrain bideogile alkizarra sortzaileen alboan izan da herrian egin duten egonaldian zehar eta baita Alkizatik kanpora ere. Argazki kamera eskutan, talentuz eta arimaz jarraitu du sortzaileen lana. Abenduaren 13an Sorarrainek egin dituen ikus-entzunezkoak jendaurrean aurkeztu zituzten eta jarraian, Nagore Legarreta eta Beñat Rallaren esperientzia ezagutu zuten euren ahotik. Ekitaldi xumea, gertukoa eta hunkigarria izan zen.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!