«Metodologia ludikoa, parte hartzailea eta kooperatiboa da proposatzen dena»

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 13a, 09:46

Abenduaren 16an, Aniztasuna Antzerki Forumaren saioa izango da Alkizan. Zure azalean obra Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira eskainiko dute Aintzane Crujeiras eta Jon Zumelaga aktoreek, bertaratutakoen parte hartzearekin. Baketik Fundazioaren ekimena da eta Elena Aranbarrik (Tolosa, 1967) gidatuko du saioa.

Baketik-ek Antzerki Forumaren metodologia darabil 2007tik. Zer da metodologia hau?

Antzerki Forum metodoa Brasilen sortu zen 70eko hamarkadan nekazariek eta langileek euren eskubideak aldarrikatzeko erabili zutenean. Augusto Boal izan zen sortzailea eta Paulo Freireren pedagogiari jarraipena eman zion. Ondoren irakasleek eta ikasleek erabili zuten; eta gaur egun praktikan jartzen dute artistek, gizarte langileek, psikoterapeutek eta GKEek, kale, eskola, eliza, sindikatu, antzerki, kartzela, eta abarretan (www.theatreoftheoppressed.org).

Eskolan eta hezkuntza ez formaleko esparruetan antzerki eredu hau aplikatzerakoan, lehen zatian, 30 minutu inguru irauten duen antzezpenak aukeratutako gaiarekin harremana izan (arrazismoa eta eskola-indarkeria, harreman sexu-afektiboak, migrazioari eta integrazioa…) eta bukaera zorigaiztokoa duen istorio bat kontatzen du. Antzezpenaren ondoren, bigarren zatiari ekiten zaio. Moderatzaileak ikuslegoari galdetzen dio istorioaren zein elementu alda zitezkeen amaiera positiboago batera bideratzeko. Orduan ikuslegoa istorioaren parte sentitzen hasten da. Iradokizunak, momentuan, bat-batean asmatzen dira, eta azkenean ikusleak beraiek dira nahi dituzten aldaketak adierazten dituztenak, taula gainean, aktoreekin batera. Honela eurak dira kontu honetan esku hartzen hasten direnak.

Horrela, antzezpenak irauten duen bitartean, antzerki lan bera ikuspegi desberdinetatik kontatu ahal izango da, ikusleen adierazpen eta iradokizunen arabera, hauek norabide aldaketa positibora bideratuak izango direlako. Euren adinekin lotura duten gaiei aurre egiterakoan metodo eraginkor eta parte hartzailea erabiliko da, eta egunero bizi dituzten harreman eta emozio berberak dauzkaten pertsonaien bidez, ikusle gazteak aurkezten zaien istorioarekin identifikatuta sentitzen dira. Esperientzia honek gazteak antzezpenarekin inplikatzea lortzen du, maila emozionalean eta baita fisikoan ere.

Errealitate-entsegu hau metodoaren hirugarren zatira luzatzen da. Orduan ikuslegoa talde txikitan banatzen da ezagutzen dituzten edo eskolan eta euren testuinguruan aurre egin behar izaten dituzten egoera desberdinak aztertzeko. Programaren azken zatiak bizikidetza hitzarmena dakar, irakasle /hezitzaile eta ikasleen informazioaren laguntzarekin. Hitzarmen hau ikasle guztiek sinatu beharko dute.

Frogatu ahal izan dugu esperientzia honek ikuslego guztiaren arreta bereganatzen duela eta eskola eremuan kikilduta edo larderiatuta sentitu ahal izan zirenei edo ahulagoak izan zitezkeenei hitza ematen diela. Larderiazko jokabidea zuten gazteei ere antzerki ispilu batean euren ekintzen ondorio negatiboak ikustarazten laguntzen die, era berean. Programa amaitzean haurrak euren buruarekiko seguruago sentitzea espero dugu, aldaketak sortzeko eta hauek aurrera eramateko gai. Irakasleak, euren aldetik, pozik joaten dira gaian sakondu dutelako eta aldaketa horiek gelan gauzatuko direlako.

Zer nolako gaien inguruko sentsibilizazio egin duzue orain arte?

2019-2020 ikasturterako Antzerki Forumeko programak landuko dituen gaiak honakoak dira: Eskolan indarkeria eta jazarpen jarreren prebentzioa, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleei zuzendua; Errespetu eta berdintasun balioak bultzatzeko kultur aniztasunarekin eta migrazioa, DBH3-4 mailetatik gorako ikasleei zuzendua; Afektibitate eta bizikidetza harremanetan errespetuaren, askatasunaren eta berdintasunaren gaia; Bide-segurtasunarena, DBH3-4 mailetako ikasleei zuzendua; Euskal auzian izandako giza eskubideen urraketen biktimei eskolan adierazi beharreko elkartasuna; Eta bizikidetza eta adiskidetzea sustatzea euskal auzian, 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa.

Alkizan zein gai jorratu nahi duzue?

Aniztasunari buruzko programa landuko dugu, errespetu eta berdintasun balioak bultzatzeko.

Nola lantzen dituzue migratzaileen inguruko estereotipoak?

Proposatzen dugun Antzerki Forum egitasmoa, errespetu eta berdintasun balioak bultzatzera zuzendutakoa da, kultur aniztasunarekin eta immigrazioarekin lotuta, beti ere. Saio hauen helburua da bertan parte hartzen duten gazteek, beren bizipenetik, desberdintasunaren aurrean errespetuaren eta berdintasunaren balioen eta aurkako balioen kontzientzia kritikoa garatzea.

Mundu bakar batean bizi gara, plurala. Lankidetzatik eta elkartasunetik begiratuta, hazteko eta elkar aberasteko iturri bat da kultur eta familia aniztasuna. Ezberdintasun horretan bizikidetzak kontrastea eta horrekin batera desadostasunak, liskarrak eta gatazkak dakartza. Ona izango litzateke, kasu honetan, positiboan heztea, aniztasuna eta desberdintasuna baloretzat hartuz.

Antzerki Forumaren bidez autoestimua eta besteenganako estimua lantzen dugu, norberaren eta beste pertsonen pertzepzioa garatzeko, positiboa negatiboa baino gehiago azpimarratuz. Gazte baten autoestimua hasieran besteek itzultzen diguten irudiarekin eraikitzen da. Hezitzaile gisa erantzukizun handia dugu norberak bere buruarengan sinesten laguntzeko. Norberak pertsona gisa dituen merituez gain, bere kultura baloreak ere lantzen ditugu, familia bateko kide gisa, bere nortasunaren izaera eta garrantzia dena delakoa izanik.

Bakegintzarako hezkuntzan ikuspegi sozio-afektiboa deitzen dugunari erantzuten dio lan metodo honek. Edukiez gain, jarrerak eta baloreak transmititu eta azpimarratu nahi ditugu. Gogoeta eta espiritu kritikoa bultzatuko duen metodologia ludikoa, parte hartzailea eta kooperatiboa da proposatzen dena. Landu nahi den egoera norberaren azalean bizitzea da ikuspegi sozio-afektiboa. Konpromiso pertsonal eraldatzaile batera zuzenduta, helburua da lantzen ari garena ulertzera eta sentitzera eramango gaituen esperientzia izatea, azterketa bultzatzea, eta azken finean, enpatia jarrera bat garatzea, geure jokatzeko moduak aldatzeko.

Norentzat aholkatutakoa da Antzerki Foruma?

Gazteentzat eta hezitzaileentzat, bereziki, baina denontzat dago irekita. Aurrez eman behar da izena kultura@alkiza.eus helbidean edo 688 60 44 66 telefonoan.

Nola animatuko zenituzke Tolosaldeko herritarrak?

Antzerki Forumak ikuslearen jarrera pasiboa gainditzea eta antzerki eta bizitzan autore-aktore bihurtzea ahalbidetzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!