Kultur egitasmoei hasiera emateko prest daude Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 10a, 19:58

Alkizako historiaurrearen inguruko hitzaldia eskainiko du Jesus Tapia Aranzadi zientzia elkarteko kideak, bihar, 19:00etan, Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Abendurako kultur ekitaldi ugari antolatu ditu Alkizako Udalak. Herritarrek izango dute zertaz gozatua Gabon bueltako egunetan. Bihar emango diote hasiera egitarauari hitzaldi batekin, eta abenduaren 22an amaituko dute herriko musikari gaztetxoen kontzertu batekin.

Datorren urtarrilaren 31ra arte, Bigarren mailako errefuxiatuakerakusketa ikusgai izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Antonio Ruiz argazki kazetariaren argazkiak jarri dituzte. Norabait iritsi eta pertsonen oinarrizko eskubideak izateko hesi gainetik salto egiteko prest dauden pertsonei, aterpetuak izan nahi eta horretarako aukera ukatzen zaien gizon-emakume horiei erreparatu die Ruizek erakusketan.

BIHAR, LEHENA

Egitasmoei hasiera emateko, Alkiza eta bere ingurua historiaurreanhitzaldia eskainiko du Jesus Tapia Aranzadi zientzia elkarteko kideak, bihar, 19:00etan, Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Orain arte Alkizan egin diren indusketetako arrastoak aintzat hartuz, Hernio mendiaren ingurua lehen gizakiaren bizitokietako bat izan zela ondorioztatua dute. Hitzaldian, historiaurrean Alkiza ingurua nolakoa zen eta bertako gizakia nola bizi zen azalduko du.

ABENDUAK 13, OSTIRALA

Ostiralean, Sormenaren Kabia 2019egitasmoaren aurkezpena egingo dute, 19:00etan hasita, Fagus Alkizan.

Sormena eta kultura hiri eta herri handietatik deszentralizatzeko asmoarekin jarri zuten martxan Sormenaren Kabia egitasmoa: «Alkizako landa eremua sormena landu nahi duten artistentzat toki paregabea da». Horretan sinetsita jarri zuten martxan proiektua.

Artistentzako egonaldien bigarren ekitaldian Nagore Legarreta eta Beñat Ralla sortzaileen proiektuak izan dira aukeratuak. Legarretak, ontziekin argazki kamerak sortu eta argazkiak ateratzen irakatsi du bere egonaldian zehar. Zertarako baina? Zergatik? Ostiralean jakin ahalko dira erantzunak.

Beñat Rallak, berriz, MugMus Laborategiko Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre kideak bidelagun izan ditu. Garaiz: 60 taupada minutukoobra egin dute eta horren inguruko xehetasunak emango dituzte.

Bestalde, Unai Sorarrain bideogile alkizarra sortzaileen alboan izan da herrian egin duten egonaldian zehar; baita Alkizatik kanpora ere. Ostiral honetan, beraz, ikus-entzunezko horiek jendaurrean aurkeztuko ditu eta bertan izango dira Nagore Legarreta eta Beñat Ralla ere, lehen eskutik esperientzia kontatzeko. Ekitaldi amaieran Alkizako Ostatuan egindako mokadu batzuk dastatzeko aukera izango da.

ABENDUAK 14, LARUNBATA

Larunbatari sorkuntza lantegiarekin emango diote hasiera, 10:00etan, kultur etxean. Ainhoa Redondo ilustratzaileak familia giroan sormena lantzeko lantegia eskainiko du. Marrazketa, monotipoa eta collage teknika erabilita, haurrek eta euren guraso edo tutoreek elkarrekin une goxo batez gozatzeko aukera izango dute. Lantegian zehar artelan bat egingo dute eta marko dotore batekin etxera eramango dute oroigarri moduan.

Partaide kopurua mugatua denez, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Gehienez 6 bikoteko taldea onartuko da eta lantegia burutzeko, gutxienez, 4 bikotek eman beharko dute izena. Hamabi lagunek baino gehiagok izena emango balute, zozketa bidez erabakiko da nortzuk hartuko duten parte. Gainerakoentzat beste lantegi bat antolatuko dute datorren urtean. Izena emateko azken eguna bihar izango da, eta kultura@alkiza.eushelbidera idatzita edota 688 604 466 zenbakira deituta edo whatsappa bidalita egin daiteke. 10 euro ordaindu beharko du familia bakoitzak.

ABENDUAK 16, ASTELEHENA

Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, kulturarteko bizikidetzan balio etikoak sustatzeko Aniztasunaantzerki-foruma eskainiko du Baketik-ek. Fagus Alkizan izango da, 19:00etan. Helburua errespetuak duen balioa ulertaraztea da, migratzaileen inguruko estereotipoak modu kritikoan identifikatuz.

«Ertz asko dituen gai sakona» landuko dutela aurreratu dute; beraz, haurrik gabe joateko gomendioa egin dute. Antzerki parte-hartzailea izango da eta bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, aipatutako helbideetan.

ABENDUAK 22, IGANDEA

Ekitaldiei amaiera emateko, herriko musikari gaztetxoek Gabonetako kontzertua eskainiko dute Fagus Alkizan, 19:00etan. Urte guztian zehar Maixa Lizarribar, Shrabani Aranzabe eta Martin Lizardi irakasleekin ikasitakoa plazaratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!