Abendu kulturala antolatu dute Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 3a, 13:20

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutakoekin batera, abenduaren 11tik aurrera kultur ekitaldi ugari izango dira herrian.

Datorren urtarrilaren 31ra arte, Bigarren mailako errefuxiatuak erakusketa ikusgai izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan, Antonio Ruiz foto-kazetariaren argazkiak erakusten dituen erakusketa. Hamaika komunikabidetan argitaratu dira bere lanak, hala nola El Mundon, Le Monden, The Guardianen eta abar. Ruizek, norabait iritsi eta pertsonen oinarrizko eskubideak izateko hesi gainetik salto egiteko prest dauden pertsonei, aterpetuak izan nahi eta horretarako aukera ukatzen zaien gizon-emakumeei erreparatu die erakusketan.

Horrekin batera, beste ekimen hauek ere antolatu dituzte Alkizan.

  • Abenduak 11, asteazkena

19:00. Fagus Alkiza interpretazio zentroan Alkiza eta bere ingurua historiaurrean hitzaldia eskainiko du Jesus Tapia Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurreko Arkeologia saileko kideak.

Jesus Tapia Filosofia eta Letretako lizentziaduna da. Hainbat indusketatan eta arkeologia- lanetan parte hartu du Aranzadirekin 1993tik. 2002tik Aranzadiko Kide Aktiboa eta Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea da.

Burututako lanek eta kolaborazioek Euskal Herriko Historiaurrearen arloari eta Kantauriko eremuari erreparatu diote batez ere, baina beste gai batzuetan ere parte hartu du, adibidez, Erdi Aroko eta Aro Modernoko Arkeologian edo Gerra Zibileko zein Gerraosteko hobi komunetatik gorpuak lurpetik ateratzeko lanetan. Sirian eta Argentinako Patagonian garatutako nazioarteko ikerketa-proiektuetan parte hartu du.

Orain arte Alkizan egin diren indusketako arrastoak aintzat hartuz, Hernio mendiaren ingurua lehen gizakiaren bizitokietako bat izan zela ondorioztatu daiteke. Tapiak, historiaurrean Alkiza ingurua nolakoa zen eta bertako gizakia nola bizi zen azaltzeko hitzaldia eskainiko du abenduaren 11an.

  • Abenduaren 13, ostirala

19:00. Fagus Alkiza interpretazio zentroan, Sormenaren Kabia 2019 aurkezpena.

Sormena eta kultura hiri eta herri handietatik deszentralizatzeko asmoarekin martxan jarri genuen Sormenaren Kabia. Alkiza landa-eremuan sormena landu nahi duten artistentzat toki paregabea dela sinistuta martxan jarri genuen proiektu hau.

Artistentzako egonaldien bigarren ekitaldian Nagore Legarreta eta Beñat Ralla sortzaileen proiektuak izan dira aukeratuak. Legarretak, magoa bailitzan, ontziekin argazki kamerak sortu eta argazkiak ateratzen irakatsi digu bere egonaldian zehar. Zertarako baina? Zergatik? Abenduaren 13an jakingo ditugu erantzunak.

Beñat Rallak MugMus Laborategiko, Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre kideak bidelagun ditu euren bigarren lanean. Zer kontatu nahi digute “Garaiz: 60 taupada minutuko” obran? Abenduaren 13an ezagutuko ditugu xehetasunak.

Unai Sorarrain bideogile alkizarra sortzaileen alboan izan da herrian egin duten egonaldian zehar eta baita Alkizatik kanpora ere. Argazki kamera eskutan, talentuz eta arimaz jarraitu du sortzaileen lana. Abenduaren 13an Sorarrainek egin dituen ikus-entzunezkoak jendaurrean aurkeztuko ditugu eta jarraian, Nagore Legarreta eta Beñat Rallaren esperientzia ezagutuko dugu euren ahotik.

Ekitaldia amaitzeko, Alkizako Herri Ostatuan egindako mokadu batzuk dastatzeko aukera izango dugu.

  • Abenduak 14, larunbata

10:30 - 13:00. Sorkuntza lantegia familian ekitaldia egingo da Alkizako kultur etxean.

Ainhoa Redondo ilustratzaileak familia giroan somena lantzeko lantegia eskainiko du. Marrazketa, monotipoa eta collage teknika erabilita, haurrek eta euren guraso edo tutoreek elkarrekin une goxo batez gozatzeko aukera izango dute. Lantegian zehar artelan bat egingo dute eta marko dotore batekin etxera eramango dute oroigarri moduan.

Partaide kopurua mugatua da eta beharrezkoa da aurretik izena ematea. Gehienera ere, 6 bikoteko taldea onartuko da (12 pertsona gehienez) eta lantegia burutzeko, gutxienez, 4 bikotek izena eman beharko dute. Hamabi lagunek baina gehiagok izena ematen badute, zozketa bidez erabakiko da nortzuk parte hartuko duten. Gainerakoentzat beste lantegi bat antolatuko da datorren urtean.

Izena emateko: kultura@alkiza.eus helbidean edota deitu edo bidali WhatsApp 688 604 466 zenbakira.

Epea: abenduaren 11a Prezioa: 10 euro familiako.

  • Abenduaren 16, astelehena

19:00. Falgus Alkiza interpretazio zentroan, Aniztasuna antzerki foruma.

Baketik 2007. urtetik dabil Antzerki Forumaren metodologiaren bitartez sentsibilizazio lan bat egiten, haur eta gazteei zuzenduta batez ere, eskola-jazarpena, arrazismoa, alkoholaren kontsumoa, bide hezkuntza, aniztasuna edo gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bezalako gaien inguruan.

Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Alkizan, Kulturarteko bizikidetzan balio etikoak sustatzeko antzerki-foruma eskainiko du Baketik-ek. 2008an martxan jarritako proiektua da, eta bere helburua da ikus-entzuleek desberdinen arteko bizikidetzan errespetuak duen balioa ulertaraztea, migratzaileen inguruko estereotipoak modu kritikoan identifikatuz.

Ertz asko dituen gai sakona lantzen du “Aniztasuna”k eta hortaz, haurrik gabe joatea aholkatzen dugu. Antzerkia parte-hartzailea denez, ikus-entzuleek emanaldian zehar parte hartzea nahitaezkoa da eta, gutxieneko partaide kopurua osatuko dela bermatzeko, aurrez izena eman behar da.

Izena emateko: deitu edo bidali WhatsApp mezu bat 688 604 466 zenbakira edota idatzi e-mail bat kultura@alkiza.eus helbidera.

  • Abenduak 22, igandea

19:00. Gabonetako kontzertua Fagus Alkiza interpretazio zentroan. 

Alkizako plazan dabilen edozein bisitarik noiznahi entzungo ditu trikitia, piano, pandero, gitarra edota dultzaina soinuak. Gaur egun, Alkizan sekula baina musika ikasle gehiago ditugu. Maixa Lizarribar, Shrabani Aranzabe eta Martin Lizardi herriko haurrak musikaz maitemintzeko ahalegina egiten dute ikasturte osoan zehar, mimoz eta pazientziaz. Urtea agurtu aurretik, herriko musikari txikiek euren dohainak erakutsiko dizkigute apropos prestatu duten urte amaierako kontzertuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!