Uemako kide izateko erabakia hartu du Alkizako Udalak

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 6a, 10:07

Abendua erdialdera deituko du mankomunitateak hurrengo batzar nagusia eta orduan onartuko du ofizialki kide bezala; Eskualdeko 16. udalerria izango da Ueman.

Alkizako Udalak osoko bilkura egin zuen urriaren 29an eta Uemako kide izateko prozesuari hasiera ematea erabaki zuen. Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, «Alkiza arnasgune izanik ere, ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre. Uemako kide izateak desafio horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkigu, bai udalari berari dagozkion zereginetan baita gizartean eragiteko unean ere».

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %91,3 dira herrian. Oro har euskaraz bizi dira Alkizan, baina Uemak aditzera eman duenez, udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: «1996 (%96,9) eta 2016 (%91,3) urteen artean 5,6 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak». Uemako kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuarekin ekiteko asmoa adierazi du Alkizako Udalak.

Uemak abendu erdialdean egingo du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza onartzeko. Batzar nagusiak Alkiza Uemako kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 16 izango dira mankomunitateko parte. Gaur egun, Euskal Herri osoko 86 udalerrik osatzen dute Uema.

ESTELAKO ERABAKIAK

Urriko osoko bilkuran, bestalde, Oilategitik herri aldizkariari urteroko diru laguntza ematea onartu zuten hautetsiek. 2.803 euroko ekarpena izango da.

Azkenik, osoko bilkurak Goiener eta Nafarkoop energia kooperatiben kide egitea onartu du. Ina Soriak, ingurumen arazoen ardura duen zinegotziak azaldu duenez, «udalaren helburu nagusien artean Alkizaren aztarna ekologikoa gutxiagotzea da eta horretarako trantsizio energetikoari ekitea ezinbestekoa da. Goiener eta Nafarkoop helburu hori lortzeko bidaide egokiak direla uste dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!