"Denbora da zukutu nahi genukeen kontzeptua emanaldi berrian"

Ataria 2019ko urr. 18a, 09:11

Gaur bukatuko dute egonaldia Beñat Ralla Yustak (Donostia, 1985) eta bere taldekideek. Berezia izan da esperientzia beretzat, amak euskara ikasi zuen eraikin berean, sormenerako laborategia muntatu duelako semeak, 35 urte geroago, euskaraz.

Noiztik zaudete Alkizan eta zenbat denboran egongo zarete?

Aurreko urriaren 4a iluntzean iritsi ginen, aretoa prestatu eta etxea gure modura egokitzeko. Gaur bukatuko dugu egonaldia. Alkizako Udalak bertako zenbait eragilerekin batera martxan jarri duen Sormenaren Kabia izeneko deialdiaren baitan, gurea izan da aurtengo edizioan onuradun suertatu diren bi proiektuetariko bat.

Bestea Nagore Legarretarena izan da. Elkarrekin egoteko aukera izan duzue?

Bai. Berak egonaldia amaitu du eta kamera estenopeikaren bidez argazkiak ateratzeko modu horren inguruko tailerra antolatu zuen bi arratsaldeetan. Askotan entzuna neukan kamera horien berri eta gerturatu egin nintzen tailerrera, bide batez, Nagore aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen. Argazkilaritza magiko hori nola jorratzen duen ikusi eta ikasteko aukera izan nuen.

Diziplina ezberdinetan aritzen zareten artistak elkarrekin harremanetan jartzea ere bada beka honen helburua.

Bai. Nik uste dut gainera, bertako kultur teknikaria den Edurne Ayusok hori oso presente dauka. Hasieratik luzatu digu gonbita elkar ezagutzeko eta duela hiruzpalau aste, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrira joatera gonbidatu gintuen. Beste hainbat kultur eragilerekin batera, deialdi bat egin dute han eta erakusketaren inaugurazio ekitaldian izan ginen, bertako artistarekin harremanetan jarriz. Badago interes bat elkar ezagutu dezagun.

Aurkeztu iezaguzu zure burua.

Bokazio aldetik musika eta hezkuntza dira nire ardatzak. Lehenengo ikasketak, goi mailakoak, ingeniaritzarekin lotuta egin nituen, herri lanetako ingeniaritza hain zuzen, eta lan ere egin nuen bi urtez estudio batean arlo horretan. Garai oparoa izan zen ezagutza aldetik, eta karreran ikasitakoak errealitatean nola diren ikusteko aukera izan nuen. Baina aldi berean, kontserbatorioan aritzen nintzen erdi mailako ikasketak egiten, piano eta perkusio aldetik. Ikusten nituen ikaskideak, nola eguna horretan ematen zuten eta nik inbidia puntu batekin begiratzen nien. Nik, berriz, asteburuak eta denbora librea baliatu behar izaten nuen musikarako. Momentu batean erabaki nuen nire buruari oparitxo bat egitea eta urtebetez musikarekin loturiko ikasketak . Hezkuntzarekiko erakarpen bat nuenez, Musikenen Musikaren Pedagogia ikasi nuen eta etapa berri bat zabaldu zen nire bizitzan. Gero Genevan hiru urteko egonaldia egin nuen Dalcroze erritmikoa izeneko metodologian espezializatzeko eta esperientzia hartatik sorkuntzari loturiko bide bat hartu nuen, ikasketa horiek bazutelako, pedagogiatik harago, ikuspegi artistikoa. Genevatik bueltan sortu nuen MugMus Laborategia konpainia. Hasieratik onuradun izan gara hainbat bekatan eta bigarren proiektu batean lanean gabiltza orain. Alkizako egonaldia proiektu hori garatzeko baliatuko dugu.

Dalcroze erritmikoa aipatu duzu. Zer da metodologia hori?

Musikaren pedagogian XX. mendean zehar hainbat metodologia aktibo garatu ziren. Mugimendu horien atzean, paradigma horien bultzatzaile bezala pertsona bat egoten da eta kasu honetan Jaques-Dalcroze, dagoeneko XIX. mende amaieran eman zuen bere ikuspegia: mugimendua baliatzea musikaren nozioak bereganatzeko eta ildo didaktikoari buelta emateko. Modu zerebralean, mekanikoan landu behar ez izateko, mugimenduan oinarritu eta bizipenetik, zentzumenen bidez, batik bat gorputzetik abiatuta musika bereganatu ahal izatea da bere proposamena, bere zabaltasunean, nozio erritmikoak, harmonikoak, melodikoak, dinamikoak... jasoz. Gorputza eta mugimendua, musikaren zerbitzura jartzen du metodologia honek eta alderantziz ere bai.

Irakasle bezala ere jarduten duzu. Metodologia hau aplikatu ahal izan duzu hemen Euskal Herrian?

Bai. Saiakerak egin ditut ahal izan dudanetan. Hezkuntzan aritu naizenetan aurrera eramaten ahalegindu naiz. Kontua da, hemen ez dagoela ikuspegi hori zabalduta, ez Suitzan bezainbeste; Munduko eta Europako zenbait tokitan nahikoa errotuta dago. Eraldaketa batzuk ematen ari dira hemen eta Dalcroze erritmikoa ere ez da metodologia bakarra, ni neroni ere ez nago itxita. LHn eta DBHn, testuinguruaren arabera, saiatu naiz ikuspegi hau txertatzen. Suertatu izan zait baita ere irasleei formazioa ematea honen berri emateko.

MugMus konpainia sortu zenuen ideia horri jarraituz. Noiz sortu zenuten?

MugMus izenak, mugimendua eta musikari egiten dio erreferentzia. Konpainia 2016 inguruan sortu genuen. Genevan lan bat egina nuen, master amaierakoa, hamar minutuko eszenaratze bat planteatzen zuena, hain zuzen. Lagun bati erakutsi nion eta gustatu egin zitzaion. Donostia Europako kultur hiriburutzaren testuinguruan sormen beka baterako deialdia egin zuten eta proiektua aurkeztu nuen, gehiegi pentsatu gabe. Beste lau proiekturekin batera saritu zuten. Bat batean, gauetik goizera, konpainia bat egituratu behar izan nuen, eta gero, bi egonaldi burutu genituen Zumaian eta Luhuson, eta aldi berean, Gasteizko Baratza aretoan. Hiru egonaldi horietan ondu genuen Esku Harriak: Oteizaren (h)aria lan inter diziplinarra. Zuzeneko musika, dantza, eszenografia eskultoriko bat eta laugarren lengoaia moduan, hitza eta euskara biltzen ditu. Horretan, Amets Arzallus bertsolariaren kolaborazioa izan genuen. Lan horri ahalik eta zabalpen handiena ematen saiatu gara ordutik. Amaiera ematen ari gara emanaldi sorta horri eta 33. aldiz eman berri dugu. Baditugu aretoko eta kaleko aldaerak bakoitza bere berezitasunarekin.

Bigarren proiektuak zein martxa darama?

Abuztu amaiera, iraila hasieran abiatu genuen lehenengo entsegu zikloa eta Alkizan hamabost egunez beste bultzada bat eman diogu. Beste egonaldi bat hitzartu dugu abendurako edo urtarrilerako. Eta seguruena antzokia bati begira jarriko gara, gero, azken ukitua eman eta agertokia, argiztapen eta bestelakoekin janzteko.

Zeintzuk osatzen duzue konpainia?

Lehenengo lan horretatik bigarren honetara, taldea egonkortzeko apustua egin dugu eta taldekideak berdinak gara. Agertoki gainean lau kide gara: dantzariak Jone Amezaga donostiarra eta Ioritz Galarraga amasarra dira, eta musikarekin, Iñar Sastre irurarra eta ni neu aritzen gara. Aurreko ikuskizunean kale aldaeran bertsolari batek parte hartu ohi zuen, emanaldiko ezberdina zela. Oraingo honetan, gonbidatu berezia idazle bat izango da. Ideia emanaldi bakoitzerako idazle batekin kontatu ahal izatea da eta bertsolariren bat ere gonbidatzea, noiz edo noiz.

Zeren bueltan arituko zarete ikuskizun berrian?

Aspektu transzendental puntua izango du. Denbora izango da zukutu nahi dugun kontzeptua. Denbora eszenan irudikatzen saiatzea, zuzeneko musikarekin, mugimenduarekin, eszenografiarekin. Denbora mugimenduan jartzea, denbora jendearen ikusgarri jartzea, denbora jendearen entzungai jartzea. Hori da helburua.

Idazleren bat gonbidatu duzue dagoeneko?

Ez dugu idazle konkreturen batean pentsatu. Apustua da emanaldi bakoitzerako idazle ezberdin batekin kontatzea. Aurrekoan Amets Arzallusekin kontatu genuen eta Luhusoko egonaldian ere izan zen, antzokiko emanaldietan testu egonkor bat nahi genuelako. Olerki eta pasarte batzuk prestatu zizkigun. Gero saio bakoitzean bertsolari diferente bat aritzen zen. Kasu honetan, ez dugu aurreikusten testu egonkor bat behar dugunik eta ondorioz, aldiro idazle batekin harremanetan jarri eta bere ekarpena jaso nahi genuke. Ez dugu izenik, baina irizpide bezala emakume diren idazleekin aritzea pentsatu dugu.

Musikan zer da eskainiko duzuena?

Biok aritzen gara, Iñar eta biok. Biok dugu formazioa pianoan eta perkusioan. Iñar gainera inprobisatzaile bikaina da pianoan. Biekin jokatuko dugu beraz, piano eta perkusioarekin eta instrumentu elektriko batzuk erabilera egiteko asmoa dugu, beste atmosfera batzuk lortzeko.

Dantzariek ere inprobisatu egingo dute?

Litekeena da, koreografiaren barruan momentu libre batzuk edukitzea, baina gehiengoa koreografia egonkor bat izango da, idatzitakoa. Kasu honetan aipagarria da Eneko Balerdi dantzariaren kanpo begirada izango dugula, Alkizan izan da gurekin. Niretzat zaila da batzuetan kanpo begirada bat eskuratzea eszena barruan nagoelako. Beharrezkoa izaten dut norbaitek beste begirada bat ematea eta aholkularitza ematea.

Nola baliatu duzue Alkizako egonaldia?

Lanerako espazio bat eskaintzen dizu bekak berak eta hortik harago, badu diru zuzkidura bat. Bertan bizitzeko aukera ematen dizu eta egunotan Lete nekazalturismoan egon gara. Egonaldiak aukera ematen digu gure lanean erabateko murgiltzeko. Burbuila batean sartzen gara eta bi astez oso zentratuta egoten gara. Egokitu dugu psikomotrizitate gela eta hori da gure entsegu eremua. Bertan muntatu ditugu soinu instalazioak eta instrumentuak. Hori izan da gure lantokia, goiz eta arratsaldez hiruzpalau orduko entseguak egin ditugu.

Bertako eragileekin harremanetan jartzeko aukera ere ematen dizue Sormenaren Kabiak. Hori baliatuko al duzue?

Bai. Herriko pertsona adinduekin elkarrizketa batzuk egin ditugu ikusteko denbora nola irudikatzen. Gehienbat garai bateko eta gaur egungo denborarekiko pertzepzioaren arteko aldea aztertu nahi genuke, horretarako solasaldi libre eta erdi filosofiko bat edukita. Hortik ideia batzuk bereganatu ditzakegu eta grabatu asmo ditugunez, audio horiek akaso baliatuko ditugu gero ikuskizunean, musika bezala fondoan jartzeko, collage modura. Gu hiritik gatoz, eta landa giroan segur aski, ingurunearekiko eta naturarekiko beste harreman bat egon denez, horrek eragin handia du bizitza, urtea eta eguna antolatzerako orduan.

Gero, horren inguruko ikerketa egina dudanez, txalaparta saioren bat ere eskaini dut Alkizan eta Ur mara museoa bisitatzeko aukera izan dut hamabost egun hauetan.

Zein da denboraren inguruan duzuen tesia edo ikuskizunarekin defendatzen duzuna?

Ez da erraza erantzuten. Horrelako emanaldietan utzi behar zaio entzuleari edo ikusleari bere narratiba egiten eta gauza propioak irudikatzen. Ez nuke erantzun irmo bat eman nahi. Kasu honetan ari gara jokatzen, denbora dela geratzen ez den elementu bat, etengabe aurrera doan zerbait da, natura beti ari da emanean, ziklikotasunari ere erreferentzia egiten diogu askotan. Zenbateraino gauzkan gu denbora azpiratuta, edo guk denbora? Hori adierazten saiatuko gara, gero ez dakit asmatuko dugun. Denborari egin nahi diogu erreferentzia modu artistiko batean, estetika jakin batekin eta hortik aurrera ikusiko dugu zer iristen zaion ikusleari.

Azkenean sormen prozesuan gaude. Egonaldi honek, laborategi izaera hartzen du, ez gatozelako gidoi aurre idatzitako batekin. Forma bat eta egitura hartzen doa emanaldia, ez goaz istorio bat kontatzea, gaur egun bizi dugun hiritartze-materialista horren aurrean, denboraren beste kontzeptu bat mahaigaineratu nahi genuke. Ikuspegi estetikotik zerbait eskaintzera gatoz, denbora ardatz duena.

Noiz izango duzue emanaldia prest?

Laguntza honetaz gain, Eusko Jaurlaritaren ekoizpenerako diru laguntza bat jaso dugu eta 2020an estreinatu behar dugu lan hau. Beraz atzera kontua hasi da, eta hori ona da, erabakiak hartzera behartzen gaituelako. Datorren urtean, antzoki bertsioa aurkeztu nahi genuke, eta honek bere kale aldaera izango duela pentsatzen dut. Aurreneko lanak eman digun ikusgarritasuna baliatu nahi genuke eta ea horrek laguntzen digu ikuskizun berria herriz herri mugitzeko.

Alkizan eskainiko duzue?

Nahi genuke. Segur aski, abenduan egingo dugu beste aurrerapen bat. Aurreikusita dago Nagorek eta guk aurkezpen formatu txiki bat egin nahi genuke eta hor zerbait aurreratuko dugu. Niretzako berezia da gainera herri hau: nire amak entseatzen ari garen eraiki honetan ikasi zuelako euskara, ni jaio aurrerik. Zer eta handik 34 urtera, badator bere semea euskaraz proiektu artistiko bat aurkeztera toki berera. Nik esanahi berezia ematen diot horri.

Izena badu emanaldi berriak?

Bai. Garaiz, 60 taupada minutuko izenburua eramango du.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!