"Gizakia naturarekin harremanetan jartzea da nire proiektuaren ideia"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 18a, 09:07

Argazkilaritza pasio eta ogibide ditu Nagore Legarreta Alcelayk (Hernani, 1981). Gaur egun klaseak eta tailerrak eman eta sortzaile eta erakundeentzat enkarguak egiten ditu. Artista gisa, ikerketan eta sormenean dabil.

Noiz izan zinen Alkizan eta zer moduzko esperientzia izan da?

Irailean bi astez izan nintzen bertan. Esperientzia oso zoragarria izan da. Normalean egonaldiak hiri handiagoetan izaten dira eta kasu honetan egonaldiaren berezitasuna da oso herri txikian garatzen dela. Bueno, txikia biztanlez, ze ingurunean duen ondarea eta baso azalera ikaragarriak dira. Gozamena izan da kamera hartu eta inguruko basoetan galtzea. Herritarren aldetik oso harrera ona izan dut eta berehala etxean sentitu arazi ninduten.

Zein harreman duzu zuk argazkilaritzarekin?

Adar ezberdinetatik dator nire zaletasuna. Printzipalena Hernaniko Kronikan lan egin nuen garaietatik dator, kazetari aritu nintzen eta langintza ezberdinetan jardun nuen sei urtetan. Eta gero, aitak etxean argazki kamera izan du eta tresnak eskura izan ditut. Hortik hasi nintzen eta afizio izugarrian bihurtu zitzaidan, buru-belarri murgiltzeraino.

Egin dituzu gaian trebatzeko ikastaroak?

Bai, ikastaro eta tailer ezberdinak burutu ditut eta beste gauza asko nire kabuz ikasi ditut. Gaur egun, hiru arlotan aritzen naiz: alde batetik, nire ikerketa pertsonala edo ikerketa propioa egiten dut, alde artistikoarekin eta egonaldian egin dudan lanarekin lotzen dena; bestetik, klaseak eta tailerrak ematen ditut argazkilaritzarekin lotuta; eta gero, enkarguak egiten ditut, sortzaile eta erakundeentzat, beraien proiektuak zabaltzeko argazkiak egiten ditut.

Aurretik beste egonaldiren batean egona zara?

Egonaldien ideiak asko erakarri izan nau betidanik. Gehiago izan naiz horrelako deialdietara aurkeztekoa, lehiaketa eta bestelakoetara baino. Egonaldiak ematen dizu aukera beste leku batzuk ezagutzeko. Duela bi urte, udan, bi hilabetez egon nintzen Polonian, Etxeparek eskainitako beka batekin. Hain zuzen, bertan garatu nuenaren haria hartu eta Alkizara eraman nuen, bertan aurkeztu eta onartu egin zuten.

Polonian garatu zenuen proiektuak 'Ibaia ez da toki bat' du izenburua. Nola eman diozu segida ikerketa honi Alkizan?

Urumea ibaiarekin hasi eta Polonian jarraitu nuen proiektua. Ibaiak garrantzia handia du gurean, geografikoki eta demografikoki. Hemen Hernani aldean eta baita ere Polonian egon nintzen Wroclaw hirian. Egia da Alkizan dauden ezaugarriengatik, ibaiak ez du hainbesteko inportantzia, han Hernio-Gazume inguruak hartzen du bertako biztanleen arreta eta protagonismoa. Azkenean proiektuaren ideia da, gizakia naturarekin harremanetan jartzea, ekintza artistikoak gauzatuz.

Nik egin nuena izan zen, ontziekin argazki kamerak eraikitzeko tailerra antolatu. Jendeak tresnak eduki zitzan bere ingurunea esploratzeko eta galdetzeko beren buruari ingurunearekin zein harreman duten. Zein txoko gustuko duten aukeratu eta horren testigantza jasotzea proposatu nien. Proiektuak badu beste alde bat, eta asmoa izan da naturak nola ikusten dituen gizakiak ikertzea, naturaren begietan kamera jarrita. Horretan aritu naiz,  galdera horri erantzun nahian.

Zein harreman klase dugu gizakiok naturarekin?

Naturarekin badago harreman kontraesankorra. Bizkar eman diogu naturari, baina inguruneaz baliatu gara gure bizimodua ateratzeko, natura ustiatuz, gehienetan oso modu arduragabean. Gaur egun erakundeen agendetan naturaren eta ingurugiroaren gaia sartzen ari da, geroz eta indar gehiagoz. Ideia horri buelta ematea da interesgarria. Gizakia eta naturaren arteko harremana oreka batera iritsi dadin egin behar dugu lana.

Kamerak egiten ikasteko ikastaroetan jende askok parte hartu al zuen?

Hasiera batean inork gutxi zuen fedea horrelako gauzaren batean jendeak izena emango ote zuen. Baina gero alde magiko horrek arreta deitu zuelako-edo, ontzi batekin kamera egitearena bitxia baita. Oso profil ezberdinetako jendeak eman zuen izena: haurrak, helduak bakarrik, gurasoak seme-alabekin, argazkilariren bat ere bai... Oso pozik geratu nintzen parte hartzearekin.

Nola garatu duzu proiektuaren bigarren partea? Zer ikusten da naturaren begietatik?

Alde hori garatzeko, saiatu naiz basoan murgiltzen eta nire buruaz ahazten. Naturak nora begiratuko lukeen galdetuz jarri ditut kamerak. Batez ere landareetan jarri dut arreta eta Hernio-Gazume inguruan dauden errekatxo txikietan. Ikertzen saiatu naiz, landare batek zer beharko lukeen eta biologoekin ere hitz egin dut. Segur aski, argia, ura eta horrelako gauza sinpleak direla landareak behar dituenak. Horren inguruan bueltan aritu naiz, irudi erakargarriak lortu asmoz.

Zertan gauzatuko da gero proiektua?

Alkizako Udalak Unai Sorrarain bideogilea jarri du lanean Sormenaren Kabirako eta esan behar dut fenomeno hutsa dela. Prozesu guztia dokumentatzen aritu da eta sekulako materiala biltzen ari da. Beñatek eta nik egindako lanaren inguruko ikus-entzunezko lan bat prestatzen ari da eta abenduan aurkeztuko da. Hor ikusi ahal izango da emaitzaren zati bat.

Bertako eragileekin harremana izan duzu egonaldiak iraun duen bitartean?

Baliatu dut eta baliatuko ditut. Hamabost egun horiek materiala jasotzeko balio izan dute, baina hemendik abendura bitartean ateak irekita dauzkagu. Oraindik badut gogoa Ur marara gerturatzeko edota txakolindegia ezagutzeko. Gustatuko litzaidake haiekin harremana egin eta zerbait sortzeko, batez ere abenduko aurkezpen horri begira.

Zure ikerketa pertsonal horrekin jarraituko duzu?

Nire ikerketa pertsonalak jarraituko du, bai. Ni pertsona kuriosoa naiz, ez dakit gauza propioak sortu gabe egoten. Ahal dudan neurrian bilatzen ditut tartean nire kezkak eta kuriositate horiek garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!