Lorea Agirre: «Ez dago beste lekurik ahalduntzeko, menderakuntza baino»

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 13a, 07:59
Lorea Agirre. ITZEA URKIZU ARSUAGA

Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea hitzaldia eskainiko du Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, datorren asteartean, Idurre Eskisabelekin batera, Tolosako pleno aretoan; 18:30etik aurrera, azken urteotan bildu eta landutako gogoetak izango dituzte hizpide, menderakuntza guztiek elkar elikatzen dutela plazaratzeko.

M enderatu izatea dohain bilakatu, eta mundu konplexuago baina horizontalago bat aldarrikatzen du Lorea Agirrek (1968), euskara eta feminismoaren ardatzetan dantzan. Esperientzia propioa abiapuntu hartuta, 2014an gogoeta horiek jendaurrean plazaratzeari ekin zioten Idurre Eskisabelek eta biek, eta, orduan Izan gaitezke feminista, euskaltzale izan gabe? galderaren bueltan hausnartuz hasitako bidea, entzule askorekin partekatu dute honezkero, eta eskualdea izango dute hurrengo plaza: datorren asteartean Tolosan ariko dira, Galtzaundi euskara taldeak antolatutako Euskara eta feminismoa: bidegurutzea elkargune hitzaldi zikloko lehen saioan. Oso jantzita ikusten ditu belaunaldi berriak eta, feminismoaren indarraldiari begira, itxaropen betean da Alkizan bizi den beasaindarra, feminista-euskaltzale edo euskaltzale-feminista zubia balizko gizarte aldaketarako giltzatzat joz.

Zer esango zenioke euskara eta sexu-genero sistema elkar lotzen ez dituen pertsona bati?
Esango nioke, hizkuntza, hizkuntza hautuak, hitz egiteko moduak eta sexu-genero sistema gurutzatu egiten direla, baina ez Euskal Herrian bakarrik: hori mundu guztiko hizkuntza guztietan gertatzen da. Zergatik? Bada, gure gizarteak, hainbat ardatzen artean, baduelako bat oso-oso markatua: sexu-genero sistemaren arabera gizartea antolatzea. Gizarteak ikaragarrizko seta du, mutilak mutil izan daitezen, eta neskak neska izan daitezen, eta txiki-txikitatik tematzen gara bereizten, bereizten eta bereizten. Bereizketa hori hitz egiteko moduan ere gertatzen da, eta desberdina da non, nork, zergatik eta zein autoritaterekin hitz egiten duen. Horri gehitu behar zaio, hizkuntza minorizatu bat ere badugula, beste bi hizkuntza hegemonikoren erdian espainola eta frantsesa, gutariko askok ingelesa ere nahiko barneratuta dugula, eta, horrez gain, Euskal Herrian beste ehun bat hizkuntza ere bizi direla gaur egun, horietako asko beren lurraldean minorizatuak. Errealitate horretan, hainbat baldintzak eragiten dute euskararen hautua egitea edo ez egitea, eta baldintza horietako bat oso garbia da: sexu-generoa.

Zu zeu noiz hasi zinen euskaldun izateak eta emakume izateak antzekotasunak zituztela ikusten?
Gizartea antolatzen dugun moduaren arabera, bazterreko gune, espazio, pertsona, diskurtso, leku, funtzio eta lanbideak sortzen ditugu, eta erdian daude beste batzuk. Badakigu eremu publikoa eta pribatua bereizten direla, orduan, esan dezakegu: nortzuk daude pribatuan eta nortzuk publikoan? Eremu pribatuan, gehienbat eta historikoki, emakumeok egon gara, eta publikoan gizonak. Publikoan zer jokatzen da, zer dago? Publikoan dago boterea, publikoan dago ekonomia, publikoan dago indarra, publikoan dago garrantzitsua dena. Eta, pribatuan zer dago? Pribatuan dago etxea, umeak, janaria, zaintzak. Galde diezaiokegu geure buruari, guk benetan zeri ematen diogun garrantzia: egunero porru-patatak prestatzeari, edo lan ordaindua eremu publikoan egiteari. Argi dago. Orain, egin dezagun galdera hizkuntzari begira: euskara non jarriko genuke, publikoan ala pribatuan? Nik lepoa jartzen dut: pribatuan dago. Herri honetan zein hizkuntzatan hartzen dira erabaki politiko, sozial eta ekonomiko garrantzitsu guztiak? Nork hartzen ditu? Euskaraz hartzen dira? Emakumeek hartzen al dituzte?

Bide horretan, ni praktika euskaldunagatik ohartu nintzen horretaz guztiaz. Beti bereizten dugu praktikarena, izan ere, hemen euskalduna den jende asko dago, baina, horrek eragozpena sortzen dienean, hizkuntzaz aldatzen dute eta, beraz, pertsona linguistikoki hegemoniko bilakatzen dira. Ez daukate gatazkarik, eta esango dute oso ondo bizi direla. Konfliktoa beti sortzen da zure euskalduntasuna praktikara eramaten duzunean eta, finean, konturatzen zara, emakume bezala eta euskaldun bezala, bazterrekoa zarela. Horrek inplikazio handiak ditu: ekonomikoak, sinbolikoak, estatusarenak, boterearenak, hitzarenak, erabakiguneetan egotearenak, norbere bizi aurreikuspenenak. Gauza asko dago jokoan eta, ikusten da, emakume eta euskaldun izanda gizarteak zein zerumuga jartzen dizun, eta gizon eta hizkuntza hegemonikoko izanda, gizarteak zein zerumuga jartzen dizun. Batean borroka gehiago egin beharko da, eta bestean autopista zabalik izango duzu.

Bazterreko izaera horiez eta beste zenbait kontuz ariko zara Idurre Eskisabelekin, eta honezkero iragarri dute, Susa argitaletxearen 'Lisipe' bildumako hurrengo liburuak ere zuen sinadurak izango dituela. Zein ideia nagusi jasoko dituzue?
Abiapuntua da, sexu-genero eta hegemonia-minorizazio sistemek bazterrekotasunak sortzen dituztela, eta bazterrekotasunak sortzeko modua berbera dela beti: naturalizazioa. Hau feminismoak asko landu duen gai bat da, eta euskal hiztun gisa ere asko balio diguna, konturatzen baikara, naturalizazioaren teoriak nola egin nahi gaituen bazterreko. Diskurtso oso bat martxan jartzen da gizartean, esateko, emakumeak nolakoak garen: goxoak, zaintzara emanak, boterea eta indarkeria gustatzen ez zaigunak,... Eta euskarari buruz ere gauza berak esaten dira: euskara txikia da, babeserako da, txokorako eta etxerako, ederra da baina ez du balio ideia handiak formulatzeko... Naturalizazio prozesua berbera da bi kasuetan.

Feminismoak erakutsi digu, naturalizazio prozesu hori eraikitako zerbait dela, gizartearen barreneko multzo bat menperatuta edukitzeko. Gure gizarteak funtziona dezan, norbaitek egin behar du ordaindu gabeko lana. Norbaitek behar du erabakimenik ez izan, beste norbaitek izan dezan; gehiegizko demokrazia inori ez zaigu gustatzen. Eta, naturalizazioa bi kasuetan berdina izateak baditu ideia interesgarri zenbait. Batetik: gizarteak jaiotzen garen momentutik eraikitzen baldin bagaitu, guk geuk sinesten dugu esaten diguten gezurra. Horri indarkeria sinbolikoa deitzen zaio. Eta, bigarrenik: eraikiak baldin bagara, deseraikiak izan gaitezke, guk nahi dugun, ahal dugun edo erabakitzen dugun ideia horren arabera. Euskalduntasunak eta euskalgintzak hauxe egin du azken 50 urteotan, nahiz eta horrela formulatuta ez izan.

Bere burua berreraiki?
Duela 60 urte, Txillardegik eta Joxe Azurmendik euskaldun izateko modu berri bat formulatu zuten, ordura arte sekula entzun gabea. Ordura arte, euskaldun izatea zen arraza, zortzi abizenak eta bertan jaiotzea, baina horiek esan zuten ezetz, euskalduna dela euskaraz dakiena, alegia: euskara ikasi egin daiteke. Ordura arte pentsatzen zen ezin zela ikasi eta, gainera, ez zuela zentzurik euskara eskola batean irakasteak. Hori izan zen euskalduntasunaren eraikitze berri bat ekarri zuena, eta eskubide batzuk aldarrikatu, komunitate baten aldeko lana egiten hasi, eta kontzeptu berri batzuk sortu zituena. Beraz, kontzientziak ere egiten gaitu, eta hori uztargarria da feminismoaren ahalduntzearekin.

Feminismoa errealitatea esplikatzeko gai da, eta hori da bere abantaila handietako bat. Gai da niri, nire etxeko sukaldean, zer gertatzen zaidan azaltzeko. Errealitate hori ulertu nahi duen edonork uler dezake, bere buruaren kontzientzia hartzen badu: ikusten badu noiz den menderatu eta noiz menderatzaile. Feminismoak horregatik blaitzen zaitu: zeure buruaren esplikazio bat ematen dizulako. Uste dut euskalgintzak bertute hori izan duela, baina agian galdu egin duela.

Zergatik?
Oso konbentzituta gaudelako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskararen normalizazioaz; orain ez dugu normalizazioa behar, orain askatasuna behar dugu. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Baina, noski, askatasuna benetakoa izango bada, eskubide guztiak errespetatu behar dira, eta nik zerbaiterako eskubidea baldin badut, parekoak obligazioa du nire eskubide hori bete dadin.

Euskaldunek ahaldundu egin behar dute, beraz.
Gure ustez, interesgarria izan liteke euskalgintzak feminismoaren formulazio zenbait ekartzea, herritarren eskubideen planora. Demokraziaren parte bat euskara eta euskal hiztunak tratatzeko moduetan jokatzen da. Ezagutu berri dugu Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakia ere: euskara inposatzen ari garela Nafarroan.

Esan duzun guztiaren berreste bat.
Bai, eta etengabea da. Nahikoa dira 48 ordu hedabideei begira, naturalizazio prozesu horiek erabat lanean ari direla ikusteko. Etengabe emakumeak zer diren eta euskara zer den esaten ari direla ikusteko. Eta, horrek funtzionatzen ez duen kasuetan, inposizioaren eta feminazismoaren diskurtsoa baliatzen dute. Inposatzailea naiz ala minorizatua naiz? Minorizazioa utzi eta nire eskubideak aldarrikatzen ditudan aldiro, inposatzaile bat izango naiz. Eta hori da esklabotasunari ere esan izan zaiona, askatzen hasi izan direnean. Munduak horrela funtzionatzen du, eta guk ere sarritan horrela funtzionatzen dugu. Baina, zortea dugu, emakume izendatu izanda eta euskal hiztun izanda, badugulako eremu eder bat borrokatzeko. Maria Merce Marçal poeta kataluniarrak, Divisa izeneko poeman, esaten du hiru aldiz zanpatua dela, eta zer dohain duen hiru horiek eduki izanagatik, horrek bizitza bakarrean hiru aldiz errebelde izateko aukera eskaini diolako. Menderakuntzak makurkeriak izaten dira, baina, aldi berean, ez dago beste lekurik ahalduntzeko, menderakuntza baino.

Dohain hori nola balia liteke aurrerapausoak emateko?
Angela Davisek eta feminismo beltzak teoriara ekarri zuten feminismo intersekzionala, eta oso ideia baliagarri bat du, euskalgintzatik praktikara eramateko. 1977-1978an, feminismo korronte nagusia mendebaldekoa zen, Europakoa eta AEBetakoa, eta feminista beltzek esan zuten haiek guztiak emakume zuriak zirela, klase ertainekoak edo goragokoak, eta, gainera, heterosexualak. Beraiek, berriz, beltzak ziren, auzo pobre eta baztertuetakoak eta, gainera, horietako asko heterosexuala ez den joera sexualetakoak. Horrela, esan zuten: «Orduan, gu ez gara feministak? Bai, gu feministak gara, baina, kontua da, feminismoak zerbait egin behar duela, emakume guztiak barneratuko baditu». Modu horretan, emakume afroamerikarrek mahai gainean jarri zuten, ez dela kasualitatea emakume izatea, afroamerikarra izatea eta klase sozial baxukoa izatea. Menderakuntzak elkar indartzen dira.

Suzanne Romaine soziolinguistak, esaterako, Afrikako emakumeekin lan egiten du, eta berak esaten du munduko biztanleen bi heren pobreak direla, eta bi heren horien %80 emakumeak direla. Eta, gainera, emakume pobreen %80 ere, hizkuntza minorizatu bateko hiztun direla. Hori ere kasualitatea da? Ez. Eta horrek kontrako teoria ere badu, hau da: zuria izanda, gizona izanda, hizkuntza hegemonikoko hiztuna izanda, klase sozial ertainekoa izanda eta heterosexuala izanda munduaren jabe izateko loteria eros dezakezu.

Horrenbestez, feminismoak lortu behar duena da, menderakuntza guztiak izendatzea, eta bakoitzari elkargune bat jartzea, intersekzionalitateak aukera eman baitu, errealitatea konplexutasunetik begiratzeko. Feminismoak ezin du itsu izan arrazakeriaren, borroka ekonomikoen, edo beste mila borrokaren aurrean. Orduan, koherentea da euskalgintza itsu egotea? Bada, segur aski, ezin dugu gure borroka aurrera eraman, horiek kontuan hartu gabe.

Mugimendu feministak menderakuntzen elkargune horiek barneratuta dituela ulertuz, nola ikusten duzu ahizpatasuna Euskal Herrian?
Nik uste dut ahizpatasuna lantzen ari dela. Ahizpatasuna da konplexutasunari beldurrik ez izatea eta, ondorioz, gatazkak egongo direla onartzea. Horregatik da feminismoa anitza, eskuzabala, inklusiboa eta holistikoa. Hori esanda kontraesanak egon daitezkeela? Bai, baina onartu egin behar da kontraesanak existitzen direla, eta barnean ditugula; batzuetan, kontraesanei helduta egin behar dugula aurrera.

Feminismoaren barruan badira urte luzetako eztabaidak, hainbat feminismo motak oso modu kontrajarrian ikusten dituzten gaiak. Baina hori gauza bat da, eta beste gauza bat da ahizpatasuna ez praktikatzea. Eta hori da gakoa: gatazkaren errealitatea ikustea eta gatazka beste modu batzuetara kudeatzeko bideak asmatzea, gatazkan norbere burua non dagoen kokatuz, eta adostasunetan aurrera eginez.

Emakume talde, asanblada eta abarretan, ideia feminista askorekin ados dauden emakumeen artean, hizkuntza ohiturek talka egiten dute. Nola kudeatu behar da hori?
Mugimendu feminista oso anitza da, hainbat erakunde, talde eta antolakuntza daude, baina euskararekiko eta hizkuntza ez hegemonikoekiko sentsibilitatea, oro har, bada. Nahiago nuke gizarteko beste mila egitasmotan halako sentsibilitatea balego. Hori ikusiko da, adibidez, azaroko jardunaldi feministetan. Sistema oso bat jarri da martxan, hizkuntza nagusia eta komuna euskara izan dadin, eta, aldi berean, gainontzeko hizkuntza eskubideak berma daitezen. Azken finean, elkartasun sistema bat da.

Egia da, euskaltzale eta feminista bezala, feminismoari kritika egin izan diodala, hizkuntz praktiken inguruan. Baina, oro har, uste dut feminismoak ulertzen duela, hizkuntzarena menderakuntza bat gehiago dela: izan zaitezkeela militante feminista bat, baina hizkuntza minorizatua menderatzen aritu, eta alderantziz. Azaroaren 13ko Mugimendu feminista eta hizkuntza praktikak mahai ingurua horretarako antolatu da: esateko, hortik ezinbesteko aliantza politikak atera behar direlako.

Honi lotuta, aipatu nahiko nuke ez direla gatazka gehiago sortzen azken boladako migratzaileekin, duela 60 urteko migratzaileekin baino; momentu honetan, emakume migratzaile horiek ez dira arazo bat euskararentzat. Arazoa gehiago da euskaldunon erdalduntasuna eta, areago, oraindik ere euskaldun ez direnena. Baina feminismo euskaltzalearen aldarria da, emakume guztiei feminismorako eskubidea bezala, euskararako eskubidea ere ematea.

Esango zenuke euskal komunitateak idealizatuta izan dituela euskara eta euskaltzaletasuna, balizko jarrera matxistei dagokienez?
Ez dakit idealizatuta izan dituen, baina horri ez zaio asko begiratu. Gure praktikak eta gure gizarte funtzionamendua erabat patriarkalak dira, beraz, euskaltzalea ere, izan emakume deitua edo gizon deitua, oso patriarkala da. Hori arazo bat da, baina, albiste ona da, minorizazioaz konturatzen garenean, hizkuntza-mina identifikatzeko gai garenean, urrats bat eman dugula, gai izango baikara beste min batzuk identifikatzeko, nahiz eta guk ez sentitu. Gizonezko euskaltzaleak leku on batean daude, sexu-genero sistemaren minak edo emakumeok bizi ditugun minak ulertzeko.

Dena den, beste kontu bat da, zer den euskaldun izatea edo zer den euskalduntasuna: ea zeintzuk diren prestigioa ematen diegun euskalduntasunak eraikitzeko moduak. Alegia, guretzat euskaldun eredugarri bat al da, Barakaldon jaiotako gazte bat, euskaraz Tolosaldekook bezala egiten ez duena? Eta, horri segika, arnasgune deitzen ditugun herrietako euskaldunak, «horiek bai jatorrak eta sanoak» esaten diegun horiek, zer dira? Euskaldun jatorra gizon bat da? Lepoa jokatuko nuke baietz; sanoa gizon bat da. Batzuetan, guk zer idealizatzen dugun ere begiratu behar da; begiratu behar da gure idealizazioek zenbateraino duten begirada kritikoa generoarekiko, eta emakumeekiko zer suposatzen duen eredu horrek. Eta horrek, irudi bezala, zein ondorio dituen gure seme-alabengan; gure semeek hori izan nahi ote duten, eta berdinzalea ote den edo ez den. Nik zalantza handiak ditut, praktika zehatzak aparte utzita. Uste dut galdera horiek interesgarriak direla, egunero egiten dugulako herrigintza; eta hor adi egotea interesgarria da.

Eskafandra bildumako lehen liburua Angela Davisen 'Emakumea, arraza eta klasea' izan zen eta, orduz geroztik, pentsamendu feministako hainbat mugarri argitaratu dituzue euskaraz. Euskal gizartea jantzi al da jakintza horietan?
Euskaraz hutsune handiak ditugu, bai gure pentsamendu propioa sortzen, eta baita munduko pentsamenduak ezagutu eta gure galbahetik pasatuta euskaraz eskaintzen ere. Munduko pentsamendu horietan, faltan-faltan dugun eremuetako bat feminismoa da, eta hori izan zen, duela lau urte, gure asmoa: guretzako garrantzitsuak diren liburuak euskarara ekartzea, azaltzeko, zer den Euskal Herrian euskal hiztun eta emakume izatea, zer sortzen duen horrek eta zer egin dezakegun horrekin. Eta hori da Eskafandraren helburua, teoria horiek geure burua esplikatzeko baliatzea. Bildumako liburu guztiak oso giltzarriak izan dira feminismoan, eta azkena, orain Durangorako dokumental batekin aterako duguna, guretzako benetan liburu garrantzitsua da, ez bakarrik feminismoaren barruan, baizik eta pentsamendu filosofikoaren barruan: Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua. Liburu fundazional bat da, eta Simone de Beauvoir-ek hor esaten du bere esaldi ezagun hori: «Emakumea ez da jaiotzen, emakumea egin egiten da». Guretzat, hori ideia giltzarri bat da, esateko, euskalduna ez dela jaiotzen, egin egiten dela, bi zentzutan: menperatu gisa eraikitzen gaituztela, baina geure burua egin dezakegula, ahaldunduz.

Jendeak baliatu duen edo estimatu duen? Pentsatu nahi dut baietz. Horrelako bilduma bat orain posible da, badagoelako giro oso bat eta mugimendu feminista handi bat. Mugimendu feministaren barruan badagoelako euskaltzaleen mugimendu handi bat, eta euskalgintzan badabiltzalako feminista asko. Duela hamar urte ez zen posible izango, baina momentu historiko bat iritsi da, eta orain badago hau guztia hartu eta pentsatuko duen jende bat.

Durango eta 'Bigarren sexua' aipatu dituzu; jende asko zain egongo da honezkero. Azokako postuetatik begira, zein da liburu horiek kontsumitzen dituzten irakurleen profila?
Oso irakurle gazteak, 19-22 urte bitarteko neska-mutilak, etorri izan dira liburu horietara, eta hori urre gorria da. Liburu mardulak dira, fisikoki nahiz edukiz. Ez dira irakurtzeko gauza sinpleak, baina ikusi ditugu hiru neska elkarrekin liburu bat erosten, eta horrelako gogo bat sumatu dugu. Oro har, esango nuke, liburu horiek erosten dituztenak euskaltzale feministak edo feminista euskaltzaleak direla; bizitzak sentiarazten dienaren erantzuna, feminismoak eta euskalgintzak elkarrekin emango diela ikusi duen jendea. Beharbada teorizatzen ez dakizu, baina intuitiboki badakizu zerbait, eta horri erantzutera datoz liburu hauek.

Azken urteotan feminismoak hartu duen protagonismoarekin, belaunaldi berriek eskuragarriago dituzte, orain, teoria eta pentsamendu feministak. Apar horren igoera nola bideratu behar dela uste duzu, indarrari eusteko?
Ez dakit. Uste dut mugimendu feministak urte luzetan erakutsi duela, aliantzak eraikitzearen aldeko mugimendu bat dela, konplexua eta ahalik eta horizontalena. Ekitaldi batzuetan masifikatua da, eta bereziki masifikazio horrek asko du autogestio desberdinetatik; bakoitzak erabakitzen du, Martxoaren 8ko greba nondik eta nola egin. Kudeatzeko desberdina eta zaila da, baina ikaragarrizko aberastasuna du, ordu eta deialdi bakarrera ohitutako herria aniztasun horretara bideratzen duelako; hori feminismoak erakutsi du. Beraz, gakoak aniztasuna, aliantzak eta borrokari eustea direla uste dut. Gertatzen diren gauzekiko begirada zolia izatea, eta begirada intersekzionala izatea, esan bezala. Nik esperantza handia daukat feminista gazteengan, eta gustatuko litzaidake feminista gazte horiek euskaltzaletasunera urratsa ematea. Ohartzea, euskaltzale izatea emantzipazio orokor horretan ezinbestekoa dela eta, beraz, alderantziz ere bai: euskaltzaleak ohartzea, genero berdintasunik gabe ez dagoela emantzipaziorik. 

Eskafandra liburu bilduma

Eskafandra liburu bildumak (Elkar-Jakin) 2016. urtean ekin zion bere ibilbideari, feminismoaren azken hiru mendeetako hainbat lan giltzarri euskaratzeko helburuz. Pentsamendu feministaren esparruan euskarak zuen hutsunea betetzeko kezkari erantzun nahian elkartu ziren, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez eta Anari Alberdi, honako bost lanak argitaratuz. Aurten, Durangoko Azokan, pentsamendu feministarentzat eta filosofiarentzat ezinbestekoa den beste lan bat plazaratuko dute, dokumental bat lagun duela: Bigarren sexua (Simone de Beauvoir).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!