Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Alkizako barnetegia berreskuratu nahi dugu"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 4a, 08:57

Europarlamentari gisa bildutako esperientziarekin eta Tolosan zinegotzi eman dituen urteetan ikasitakoarekin ekingo dio karguari.

70eko hamarkada erdialdera izan zuen lehen harremana Inaki Irazabalbeitia Fernandezek (Donostia, 1957) Alkizarekin eta 30 urte luze dira jarraikortasun batekin bertan bizi dela. «Alkizak asko eman dit eta iruditzen zait bazela garaia Alkizari zerbait ematen hasteko», esan du.

Zer moduz joan dira lehen asteak?

Joan dira espero nuen bezala. Batetik lana ondo egina zegoelako, Jon Umerezek ondoan izan duen taldeak lan ona egin du azkeneko zortzi urteotan eta hori estimatzekoa da kargu berria hartzen duzunean. Zer nolako herria nahi dugun garbi zuen aurreko ekipoak. Diseinua eginda dago eta plan hori aurrera ateratzea dagokigu guri. Nik esperientzia luzea izan dut Tolosako Udalean, 12 urtez izan naiz zinegotzi, banekien beraz zerekin egingo nuen topo. Diru baliabideak eta giza baliabideak mugatuak dituen udal txiki bat da Alkizakoa. Nik hemen maneiatzen ditudan diru baliabideak, Tolosan hezkuntza eta hizkuntza departamenduan maneiatzen nituenak baino txikiagoak dira. Horrek ematen du udalaren tamainaren berri. Talde bikaina dut hemen, baina baliabide mugatuak ditugunez, kanpoko laguntza beharko dugu. Legealdi honetan, gure herrian lagundu dezaketen erakundeak, bereziki Gipuzkoako Foru Aldundia konbentzitzea, gurea bezalako herriak bizirik irautea nahi badute inbertsio bereziak egin ditzaten. Poztekoa da, agintaldi honetan Diputazioak landa herritarako zuzendaritza bat abian jarri duela lehen aldiz, Jon Ander Azpirozek du sailaren ardura eta bere bisita izan genuen joan den astean. Itxura ona du, baina orain falta dena da, asmo horiek errealitate bihurtzea eta aldundiak beste politika batzuk garatzen hastea gurea bezalako tipologia duten herriekin.

Nola antolatu zarete udal taldean?

Aurreko urteetako taldean aritu diren bi lagunek jarraitzen dute, Pepe Aranzabek eta Koldobika Jauregik. Aranzabe, Alkizako udal taldearen memoria historikoa da, 1963tik ari da udalean lanean eta eskertzekoa da egiten duena. Eta bestalde, gurekin jarraitzen du Koldobika Jauregik, laugarren agintaldia du hau. Esperientzia duen jendea badago talde berrian, ni neroni bezala, baina baita ere, esperientziarik ez dutenak eta beste ikuspegi bat eman dezaketenak. Badugu kezka bat: ez genuen baserri giroko profila zuen pertsonarik lortu zerrendarako. Hala ere, aurretik aritu zen Xabier Mujika ondoan dugu aholku ematen, eta berekin lankidetzan ari gara herriko ganaduzaleekin, larreen erabileraren inguruko proiektuan.

Nola animatu zinen zerrendaburu izatera?

Jon Umerez etorri zitzaidan. Ohitura izaten da, aurretik datorrenak berriak bilatzeko saiakera egitea. Herri kandidatura da gurea eta herri batzarretan eskatzen dira boluntarioak, baina zaila izaten da, inongo ordain ekonomikorik ez duen lan bat hartzea. Niri ñan hau gustatu egiten zait eta gainera ni erretiroaren atarian nago, beraz Umerez jakitun zen denbora izango nuela Alkizari dedikatzeko. Herriarentzat ere lagungarri izan daiteke urteotan osatu dudan harreman sarea. Niri Alkizak asko eman dit, eta iruditzen zait bazela garaia Alkizari zerbait ematen hasteko, ahal dudan neurrian behintzat.

Noiztik bizi zara Alkizan?

Nik herriarekin lehen harremanak, 1975 edo 1976 urte inguruan izan nituen, lagun baten familiak hemen etxea zuelako. Gaztetako abentura guztiak hemen bizi izan genituen. Jarraikortasun batekin, 1986 ingurutik bizi naiz hemen.

Urratu du herriak garapen eredu bat etorkizunera proiektatuko duena. Asmatu da bide horretan?

Gure garapen ez bakarrik ekonomikoa, soziala baizik eta baita ere ingurumenarena, Fagus Alkiza proiektuaren barruan kokatzen dena. Hernio Gazume kontserbazio bereziko eremuaren testuinguruan kokatuta dago interpretazio zentroa eta Alkizaren parte handi bat eremu horren barruan dago. Gure ardatza aurrera egiteko, natura, gizakia eta kultura dira. Hiru osagai horiek kontuan hartuta, herri garapenerako proiektua osatu dugu. Naturaren ikuspegitik, ibilbideak, espezieen babesa, pago motza eta larreen inguruko proiektuak dauzkagu martxan. Ingurune pribilegiatuan bizi gara eta hori zaindu beharra dago. Gure helburua da Alkizan bizi diren pertsonak izan ditzatela, herri handiagoetan bizi direnen zerbitzu antzekoak; eta kultura bukatzeko, Sormenaren Kabia proiektua hor dugu, baita Ur mara museoa ere. Gure etorkizunaren ardatza hor eraikitzen ari gara. Lehen sektorea, turismo kontrolatua eta kulturaren inguruko jarduerak. Ez dugu lur industrialik herrian, eta asmorik ere ez. Alkiza hazten ari den herria da, azken 15 urteetan 100 biztanle gehiago dauzkagu. Gure populazioaren %25k 20 urte baino gutxiago dauka. Herri gaztea da gurea: 53 ume dabiltza eskolan eta 37 nerabe daude 12 eta 16 urte artean. Etorkizuna badago eta horientzako etorkizuna eraikitzen saiatu behar dugu, bizia herrian egin ahal izan dezaten, gutxieneko baldintza batzuekin. 375 biztanle gara.

Lortu duzue herriko eragileekin hartu-emana. Garapen proiektua aurrera eramateko, publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatuko duzue?

Noski. Aurrera egin nahi badugu herri guztiaren indarrak beharrezkoak izango dira. Lete nekazalturismoa, Inazio Urruzola txakolindegia, herriko ostatua eta Ur mara museoa behar beharrezkoak dira. Udalak bakarrik ezingo luke. Eragile horiek gure egitasmoetan parte aktibo izatea erabakiko prest ez baleude, ez litzateke posible izango aurrera egitea. Inportantea da udala baina garrantzitsuak dira baita ere herritarrak eta eragileak.

Etxebizitza proiekturik baduzue Alkizan?

Lau urteotan daukagun egitasmoa plan orokorra onartzea da. Beharra badago, baina ez epe motz motzera. Etxebizitzak non izango diren marrazten hasi behar dugu. Prestatu egin behar dugu. Horrekin batera, bigarren lehentasun nagusi bat Fagus Alkiza proiektua bere dimentsio osoan indartzen eta sendotzen joatea da; hirugarrenik, gure aztarna ekologia murriztu nahi genuke, energiaren alorrean autosufizientzia lortu nahi genuke udalerri gisa; herriko ur hornikuntza eta ur saneamendua hobetzen ari gara baita ere; Baina ure proiektu izarra, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailak Alkizan zuen euskara barnetegia berreskuratzea da. Bi arrazoiengatik: jarduera ekonomiko bat delako, bi enplegu sortuko lirateke, eta bestetik erreferentzialtasuna ematen diolako herriari.

Zenbat denbora da barnetegia itxita dagoela?

Hirugarren ikasturtea da itxita dagoela, eskola berritzen hasi zirenetik. Badakigu helburu zaila dela, baina herriarentzat inportantea da. Eraikina, XIX. mende hasierakoa da. Barnetegia zena, orain eskola eta liburutegia da. Ikusi besterik ez dago, irisgarritasun ikuspegitik zein gabezia dituen.

Eskola berria noizko egongo da zabalik?

Eguberriak pasata hasiko dira. Hilabete eta erdi barru bukatuta egongo da eta oporraldi hori aprobetxatuko dute trasteak lekuz aldatzeko. Urtarriletik aurrera han emango dituzte eskolak. 3 eta 12 urte arteko, 53 ume dabiltza. 2001-2002 ikasturtean bederatzi ume baino ez ziren. Hazkunde handia izan da azken urteetan.

Baliabide murritzak dauzkazue herrian. Lankidetza bultzatuko duzue horretarako?

Ideia hau saldu nahi genuke: Alkiza bezalako herriek izan ditzatela diru baliabide propioak beraientzako, proiektu estrategikoak aurrera atera ahal izateko. Hemen, barnetegiaren kasua bezala. Eraikin hori egokitzeko inbertsio handi bat egin behar da, eta baliabide nahikoa ez du Alkizako Udalak horretarako. Kanpoko erakunderen bat inplikatu behar da horretan, edo ez da posible. Gurea bezalako herriak, gure tamainaren bueltakoak, beraiek sortzen dituzten baliabide propioekin, tasa eta zergekin eta foru aldunditik jasotako funtsarekin, justu-justu ordaintzen da gastu arrunta: langileen soldatak, argi indarra, beharrezkoak diren mantenu lanak... Inbertsioetan sartzeko, laguntzak beharrezkoak dira. Gure tipologikoak ez diren herriekin lehian sartzen gara eta guk lehia horretan irabazteko gutxi daukagu. Gai estrategikoak sortzen direnean, finantziazio sistema propioa beharko lukete herri txikiek eta legealdi honetan ideia hori defendatzen saiatuko naiz, noan lekura noala.

Egon izan dira horrelako diru laguntzak. Herri bakoitzak planteatzen zuen zein laguntza behar zuen eta horren arabera ematen zitzaion laguntza. Don Juanena etxea berritu genuen hemen Alkizan gisa horretara. Azken urteetan, adibidez, diru laguntzetako lerroak atera dira baserri bideak berritzeko, baina guk adibidez, behar hori ez dugu herrian.

Zerbitzu baten falta sumatzen duzue herrian?

Guk Aiztondo mankomunitatearen bitartez bideratzen dugu gizarte laguntza. Gustatuko litzaiguke langilea dedikazio handiagoz jardun ahal izatea Alkizan, baina hori baliabideen araberakoa da. Garraio publikoari dagokionez, uste dugu badagoela hobetzeko tartea. Eskualde mailako kontua da eta guk hor egingo ditugu ekarpenak. Badaude beste aukera batzuk, gurea bezalako herrietan garraio publikoaren erabilera handitzeko herritarren artean, gaur egun ez baita oso handia. Eskaripekoa da zerbitzua gaur egun. Pentsa liteke autoa konpartitzeko sistemaren bat, edo auto elektrikoen parke bat eratzea eskualde mailan. Arazo konplexua da, eta alternatibak begiratu beharko dira, denentzako konponbidea akaso ez, baino plaza inguruan bizi direnentzako garraio publiko ikuspegitik irtenbide jasangarriago bat lortzeko.

Herri bizia da Alkiza. Herritarrek badute ohitura udal kontuetan parte hartzeko?

Parte hartzen dute udal kontutan gaiaren arabera, toki guztietan bezala. Herri bizia da, interes bat badago eta gu saiatzen gara herritarrekin ahalik eta erabaki gehien partekatzen, eta haien iritziak ahalik eta gehiena kontuan hartzen. Parte hartzea handitzea da erronka.

Zein mezu bidali nahi zenieke alkizarrei bukatzeko?

Udaletxe honetako ateak irekita daudela. Prest eta gogoz gaude, haien kexak, iradokizunak eta komentarioak entzuteko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!