Alkizak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 13a, 16:13

Bihar, 10:00etan, zuhaitz lepatuak zer diren, zergatik eta nola lepatzen ziren ezagutzeko aukera izango da antolatu duten ibilbidean. 

“Ondarea Plazara” lelopean gauzatuko dira aurtengo jardunaldiak eta orotara, Euskal Herriko 32 herrik parte hartuko dute, tartean Alkizak.

Ondarearen Europako Jardunaldiak ekimenaren aurkezpenean, besteak-beste, Iñaki Irazabalbeitia, Alkizako alkatea, Denis Itxaso, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua eta Maria Jose Telleria, Kultura zuzendaria egon ziren.

Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea da.  Edizio honen ardatza Ondarea plazara! izango daAurten, publikoari eskatuko zaio esploratu ditzala aisialdiak ondarearekin zerikusian dituen osagai ukigarriak eta ukiezinak.

Gai zabala denez, ekitaldi honetako programaren barruan aisialdi ekintza ugari dago.  Jendeak gozatu ahal izango du hainbat ekintzarekin: ikuskizunak, bisita eta ibilbide gidatuak edo antzeztuak, jardunaldi edo lantegi gastro-kulturalak, erakusketa fisikoak eta birtualak eta abar.

62 jarduera aurkeztu dira, Gipuzkoa osoko 32 udalerrietan egingo direnak, eragile publiko nahiz pribatu askoren bitartez, hartara jendeak, egun batzuetan zehar, aukera izan dezan ondarearekin zerikusia duten baliabide ugaritara iritsi eta ezagutzeko, ohikoa ez den modu batean, gainera.

Alkiza Ondarearen Europako Jardunaldietako protagonistetako bat izango da. Asko dira  Hernio-Gazumen ditugun altxor naturalak, bada, horietako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko digu ekimen honek. Hala nola, irailaren 14an, zuhaitz lepatuak zer diren, zergatik eta nola lepatzen ziren ezagutzeko aukera izango da antolatu den ibilbidean. Urriaren 19an berriz, saguzarrei buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera izango da egingo dugun ibilbidean zehar. Argibide gehiago eskura dituzue Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren atarian: www.fagus-alkiza.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!