Ostegunean, 16:00etan egingo diren haurrentzako jokoekin hasiko dira festak ez dute etenik izango igandera arte. 17:30ean, Andoni Ollokiegiren kontzertua eta txokolate jatea ere edukiko dituzte. Eta bi ordu beranduago iritsiko da momentu garrantzitsuena: txupinazoa eta oiloaren jaitsiera. Buruhandien laguntza ere izango dute horretarako. Indarrak berreskuratzeko, 21:00etan, herri afaria egingo dute Ostatu jatetxean eta festak Elizagoien ahizpen erromeriarekin jarraituko du.
Hurrengo egunean, kolorez beteko da Alkiza. Izan ere, mozorro eguna ospatuko dute. Goiza lasai pasako dute puzgarrietan saltoka, baina arratsalderako ekintza ugari dituzte prest: herriko beteranoen arteko pilota txapelketako finala, helduen toka txapelketa eta barrikotea. Iluntzean iritsiko da umoren betetako momentua: mozorroen sari banaketa. Jarraian, Xabi solanoren eta Zigor DZren emanaldiak izango dira eta DJ Jotatxo ere ez da faltako.
Asteburua kirola eginez hasiko dute Alkizan. Horretarako, 10:30ean haurren txirrindulari lasterketa jokatuko dute. Jarraian, erretirodunek hartuko dute festaren lekukoa eta bazkaltzera joango dira. Arratsaldean ere ez da kirolik faltako herrian falta diren gazteen omenez egingo diren kirol jolasekin eta giza probarekin. Ondoren, sagardo dastaketa izango da eta eguna kirola eginez amaitzeko, 23:00etan herri kirol saioa izango dute. Hala ere, festan jarraitu nahi duenak horretarako aukera izango du Ezten Giro taldearen erromeriarekin.
Festetako azken eguna mezarekin hasiko dute eta 11:00etan, haurrek pilota partidak jokatuko dituzte. Eguerdirako txakolin dastaketa izango dute eta arratsaldean, punta-puntako bertsolariek saioa eskainiko dute. Hain zuzen, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia arituko dira kantari. Eko Talo taloan saltzen arituko da eta Izer eta Alabierren erromeriarekin agurtuko dituzte festak hurrengo urtera arte.