Basoa da topagunea Alkizan

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 5a, 19:58

Bihar, 10:00etatik 14:00etara, plazan elkartuko dira diziplina ezberdinetako sortzaileak, basoaren inguruan aritzeko.

Fagus Alkiza interpretazio zentroak artistek gogoeta egin, esperimentatu, sortu eta esperientziak elkarbanatzeko ekimen berritzaile bat sortu zuen iaz: Sormenaren Kabia, artistentzako egonaldia. Egitasmo honek, besteak beste, herri bizitza sustatzeko akuilua izan nahi du, eta horregatik, urtean zehar Sormenaren Kabiari lotutako hainbat kultur ekintza antolatzen dituzte. Horietako bat izango da biharko topaketa: Natura, Gizakia eta Artea izenekoa.

Topaketaren bigarren ekitaldian basoa izango da parte hartzaileek aintzat hartu beharko duten gaia. «Hamaika izan daitezke hari horri heltzeko moduak», esan du Edurne Ayuso Alkizako kultura teknikariak. «Hernio-Gazumeko kontserbazio bereziko eremuan babestuta dagoen habitat horietako bat da. Basoak badu, gainera, elementu magiko bat. Pago motzek ematen dioten itxura berezi horrek irudimena pizteko aukera ematen du. Ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena; zentzumen guztiak lantzeko aukera eskaintzen digu arteak».

Ekimen honetan parte hartzeko deialdi irekia egin zuten orain aste batzuk sare sozialetan, Fagus Alkiza interpretazio zentroaren atarian eta baita ahoz aho ere. «Jendea jarri da gurekin harremanetan parte hartzea gustatuko litzaiekeela esanez, eta oso pozik gaude». Honenbestez, artea eta natura maite duten dozena bat lagunen proposamenak jaso dituzte eta bihar erakutsiko dituzte Alkizako plazan atondutako lau gune ezberdinetan.

Topaketa goizean zehar, Alkizako plazan ospatuko dute eta hiru atal izango ditu: Natura, gizakia eta artea tailerren gunea; Natura eta gizakia. Interakzioa sorkuntza-gunea eta Sustraietatik geroa osasunari eskainitako gunea. Espazio guztiak basoaren soinuekin estali nahiko dituzte eta horretarako Txakun, Txukun txalaparta eta alboka taldearen eskutik ikuskizuna izango da goizean zehar.

Egonaldi artistikoa, udazkenean

Joan den igandean amaitu zen Sormenaren Kabia egonaldi artistikorako proiektuak aurkezteko epea. «Kirioak dantzan ibili ditugu proposamenak iristen ez zirelako, baina zaparradan iritsi zaizkigu azken egunetan», esan du Ayusok. 24 proiektu jaso dituzte guztira, «iaz baino gehiago», eta mota guztietako egitasmoak dira aurkeztu direnak: «Antzerkiari, literaturari, dantzari lotuak... diziplina guztietako proposamenak ditugu, Euskal Herrikoak zein kanpokoak eta emakume asko dira aurten ere aurkeztu direnak». Uztaila bukaerarako epaimahaiak erabakiaren berri emango du eta aukeratutako artistek egonaldia egingo dute Alkizako Sormenaren Kabian, iraila eta azaroa artean.

UZTAILAK 6, LARUNBATA

'NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA' TAILERREN GUNEA

11:00 - 12:00. Kamishibai: ipuinak sortzeko tailerra. Iñaki Martiarena Mattin-ek ilustrazioen bidez istorioak kontatzeko teknika japoniarra azalduko du.

12:30 - 13:30. Paperezko txoriak egiteko tailerra, Koldobika Jauregiren eskutik. Origamiaren bidez, edo papera tolestuz irudiak egiteko arte japoniarraren bidez, paperezko txoriak egiten irakatsiko du eskultoreak.

*Doakoak dira tailerrak, parte hartzeko nahikoa da ordurako plazan egotearekin.

'NATURA ETA GIZAKIA. INTERAKZIOA' SORKUNTZA GUNEA

12:00 - 12:30. Interakzioa performancea, Miren Fagoaga eta Naiara Delgado artisten eskutik. Gizakiok, naturarekin eta oro har bizitzarekin dugun harremanaz gogoeta egingo dute euren ikuskizunean.

10:00 - 14:00. Basajaun eta basandere, basoen zaindari. Hector Luna sortzaileak pintura eta collage teknikak erabiliz eta basoan jasotako elementuekin artelana osatuko du.

'SUSTRAIETATIK GEROA' OSASUNARI ESKAINITAKO GUNEA

10:00 - 14:00. Urki-ura, ezkurra eta basa landareak. Zergatik eta zertarako? Postua jarriko dute plazan Zorione Mendezek eta Beñat Irazustak. Gure arbasoak naturarekin harreman estuan bizi ziren, eta hala, lurrak emandako guztiari etekina ateratzako gai ziren.

10:00 - 14:00. Aitonaren ukendua, ondo gordetako errezeta. Maddi Minerrek ukendua egiten irakatsiko du sendabelar ezberdinak erabiliz. Sendabelar ezberdinak bereizten eta hauen erabilera desberdinak zeintzuk diren ikasteko aukera izango da bere ondoan.

'TXAKUN, TXUKUN' BASOAREN SOINUA

Goizean zehar. Iñaki Iriarte eta Ainara Agirre musikariek ekitaldirako apropos egokitutako ikuskizuna eskainiko dute. Txakun, Txukun txalaparta eta alboka taldea osatzen dute bi kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!