'Dantza' filmaren proiekzioa eta ondoren solasaldia izango dira Fagus Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 4a, 10:18

Ekainaren 22an, larunbata, Dantza filma proiektatuko dute eta ondoren 'Dantza: herri laborali baten historia unibertsala' solasaldia izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Aretoko tokia mugatua denez, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, ekainaren 17a baino lehen, kultura@alkiza.eus helbidean edo 688 604 466 telefonoan.

Telmo Esnal Dantza filmeko zuzendariak, Juan Antonio Urbeltz historialari eta koreografoak, Elena Carajabville Dantzako zuzendari artistikoa, Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea eta Xabier Artola argazkilariak parte hartuko dute solasaldian eta Iñaki Arregi dantza maisuak bideratuko du.

Dantzen bidez herri laborari baten historia unibertsala kontatzen du Telmo Esnalen filmak eta euskal dantzei esentzia berri bat emanez, dantza tradizionalarekin pelikula garaikide bat sortu du.
Koldobika Jauregi eskultore alkizarrak dantzarekin zerikusia duen zerbait sortzea proposatu zion Telmo Esnal dantzari eta zinemagileari. Hala, apurka-apurka, mimoz eta pazientziaz, urtetako lanari esker ondu dute Dantza filma.

Nondik gatozen eta nora goazen azaltzen digu filmak, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da Juan Antonio Urbeltz historialari eta koreografoaren parte hartzea. Urbeltzek dantzen atzean dagoen sinbologia zein den argitu dio lantaldeari eta filmaren grabaketan dantza eginez ere parte hartu du.
Hitz bakarra erabiliz, soinu bikainarekin, lokalizazio apartekin, estetika magiko batekin eta dantzari bikainekin, filma benetan ikusgarria osatu dute Telmo Esnalek eta bere lantaldeak. Elena Carajaraville zuzendari artistikoa eta Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea arduratu dira filmaren unibertso estetikoa sortzeaz, eta, emaitza bikaina izan da. Esate baterako, jantzi guztiek dute euren esanahia, euren sinbologia, detaile guztiak zaindu dituzte.

Dantza Euskal Herriko eta atzerriko hainbat zinema aretotan ikusgai izan da eta ekainaren 22an Alkizara iritsiko da. Fagus Alkiza interpretazio zentroan filma proiektatzeaz gainera, pelikulan parte hartu duten hainbat lagunek solasaldia eskainiko dute ondoren. Interpretazio Zentroan egunotan ikusgai dagoen Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat, Xabier Artola Zubillagak filmaren grabaketa saioetan ateratako argazkiekin osatu duen erakusketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!