Artistentzat bigarren deialdia luzatu dute

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 22a, 11:57

Fagus Alkiza zentroak, artistei sormen prozesuak gauzatzeko espazioa eta aholkularitza eskainiko dizkie Sormenaren Kabian.

Adinez nagusia den edozein sortzailek parte hartu ahal izango du deialdi honetan, eskarmentu handikoa zein hasi berria izan. Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, transmedia, diseinua, moda, eskultura eta abar. Gaurtik, ekainaren 30era egongo da zabalik izen emateko epea. Egilearen datuak, proiektuaren deskribapena, curriculuma edo aurkezpen eskutitza eta nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia bidali beharko dira, Fagus Alkiza zentrora postaz, edo kultura@alkiza.eus helbidera.


Atzo, Inazio Urruzola txakolindegian aurkeztu zuten aurtengo deialdia. Herriko udal ordezkari eta eragileekin batera han izan ziren Mikel Garaizabal enologoa eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailea. Aurkezpen ekitaldian bertan Sormenaren Kabiak aurten izango duen irudi efimeroa osatu zuen Mattinek. Abenduan Hendaiako Nekatoenean egonaldi batean parte hartzeko aukera izan zuen irudigileak.


Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira eta Jonā€ˆUmerez, Lorea Agirre, Koldobika Jauregi, Aintzane Lasarte, Ramon Agirre eta Haizea Barcenillasek osatuko dute epaimahaia. Fagus Alkizaren hiru ardatzekin (natura, gizakia eta kultura), proiektuak duen koherentzia, proiektuaren originaltasuna, artistaren interesa eta eskaintzen diren lan espazioetara eta baliabideetara egokitzeko gaitasuna hartuko dira kontuan. Izan ere, 2019ko iraila eta azaroa bitartean, hamabost eguneko iraupena izango duen egonaldia egin ahal izango dute aukeratutako bi artistek.
Egonaldia Alkizako Lete apartamentuetan egin ahal izango dute eta toki hori bera lanerako gune bezala eskainiko zaie artistei, Inazio Urruzola txakolindegiarekin eta Ur Mara museoarekin batera. Museoko arduradun den Koldobika Jauregiren aholkularitza ere jaso ahal izango dute sortzaileek, nahi izanez gero.

Herritarrekin partekatua

Egileei sormen prozesuak gauzatzeko espazioak eta aholkularitza artistikoaz gain, babes ekonomikoa ere eskainiko zaie, aukeratutako sortzaileei 1.000 euroko beka bana emango baitzaie. Gainera, Sormenaren Kabian parte hartuko duten artistei herritarrekin harremanak izateko bideak erraztuko zaizkie eta Nekatoeneako Artisten Etxea edo Igartubeitiko PATRIM erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko aukera emango zaie. Aukeratutako artistek, gainera, egonaldian zehar, nola lan egiten duten ikusteko aukera eskainiko diete herritarrei zein kanpoko bisitariei.


Fagus Alkiza interpretazio zentroak Gipuzkoako kultura maparen barruan egitasmo artistiko bat jartzeko asmoarekin jarri zuen martxan, iaz, Sormenaren Kabia, «kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, esperimentatzeko eta difusiorako gune bat izateko». Landa ingurunean egiten den jarduera «aintzakotzat hartu» eta lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzeko apustua egin dute antolatzaileek.
Sortzaileen eta herritarren artean elkarlana eta sinergiak sortzeko aukera eskainiko du Sormenaren Kabiak. Egitasmoan bat egin dute Alkizako Udalak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Alkizako Ostatuak, Inazio Urruzola txakolindegiak eta Koldobika Jauregiren Ur Mara museoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!