Alkizako Ur mara museoa erasotu dute

Ataria 2019ko maiatzaren 14a

Museoaren beheko sarreran izan zen atzo erasoa, 16:00ak aldera. Eskultura bat lurretik atera eta erakusleiho baten kristala puskatu zuten.

Triskantza "handi xamarra" izan da, Koldobika Jauregi Ur mara museoko arduradunaren arabera. "Igandean beste kristal bat puskatu zutela sumatu genuen, baina umekeri bat izango zela pentsatu genuen. Atzo arratsaldean, ordea, eskultura bat errotik bota zuten, erakusleiho baten kristalak puskatu eta lokatzez zikindu zituzten bazterrak. Harrituta gaude".

Egun argiz egin zuten erasoa. Ur marako arduradunak larunbatean egingo duten ekitaldi bat prestatzen ari ziren museoaren bestaldean eta ez ziren gertatutakoaz jabetu. "9 urtetan ez zaigu horrelakorik pasa", esan du Jauregik. Ingurune natural batean dago kokatuta espazioa, toki irekia da eta horregatik erasoa gaitzetsi du Alkizako eskultoreak eta "kontzientzia" eskatu die horrelako ekintzak egiten dituztenei.

Azken orduotan jendearen babesa jaso dutela aipatu du Ur marako arduradunak, eta dagoeneko museoa lehengo egoerara bihurtzeko lanean ari direla aipatu du. "Ia dena konpondu dugu. Aurrera egin beharra dago".

Argazkiak: @inakiXabier

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!