Ingurumen hezkuntza proiektu berritzailea Alkizan

Ataria 2019ko api. 25a, 19:58

Udalak eskatuta, Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia sailak unitate didaktikoa prestatu du, eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzeko.

Herria kokatuta dagoen ingurunetik abiatuta, Alkizako Udalak garapen proiektu oso bat gauzatu du aspaldiko urteetan. Fagus Alkiza interpretazio zentroaren bitartez hiru ardatz landu ditu: natura, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kultura. Aitzindariak diren proiektuak sortu dituzte herrian, turismoaren, artearen edo naturaren kontserbazioaren arloetan, eta, orain, hezkuntzaren esparruan esperientzia berritzailea jarri dute martxan, herriko eskolarekin elkarlanean.

Alaitz Bilbao Ingurumen teknikariak jaso zuen, Kutxa Ekogunetik, Alkiza Baso Eskola proiektura batzeko proposamena, 2017-2018 ikasturtean. Udalak begi onez ikusi, eta herriko eskolari proposatu zion egitasmoa. Orduz geroztik, astean behin basoan ematen dituzte eskola orduak, Alkizako Eskolako Haur Hezkuntzako umeek. «Azken batean, natura da haurren ikasgela, eta naturak eskaintzen dituen baliabideak eta elementuak baliatzen dira, umeen jakin-mina pizteko, umeek esperimentatzeko eta jolas berriak asmatzeko. Irakasleek behatzaile rola hartzen dute eta, ezinbestekoa ez bada, ez dute esku hartzen», aipatu du Bilbaok.

Haur Hezkuntzan ikasleek jasotzen duten formazioak Lehen Hezkuntzan jarraipena behar zuela pentsatu zuten Alkizako Udalean: «Babestutako ekosistema batean bizi gara eta, pentsatu genuen, Baso Eskolan haurrei sortzen zaien har horrek, segida behar zuela Lehen Hezkuntzan».

Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia saila arduratu da proiektua garatzeaz, eta haientzat ere berritzailea izan da egitasmoa, Maite Lasok azaldu duenez: «Orain arte, gure sailean, tailerrak eta ingurumen heziketa proiektuak landu izan ditugu, baina behin ere ez eskolan lantzeko gisa honetako jarduerarik». Natura tresna bezala erabiliz, eskolako oinarrizko konpetentzia batzuk lantzea da helburua. «Lehen Hezkuntzako curriculumean ageri diren konpetentziak dira, hasi gizarte zientzietatik, matematika, hizkuntza, arte hezkuntza eta gorputz hezkuntzaraino. Animaliek, eta zehazkiago hegaztiek, aukera handia ematen dute konpetentzia horiek lantzeko», esan du Lasok.

BOST ASTEKO LANKETA

Afrikatik zenbait hegazti migratzailek egiten duten bidea geografia ikasteko baliatzen dute ikasleek, edo hegazti horiek egin duten kilometro kopurua matematika lantzeko. Hegazti bakoitzaren berezko izena latinez ikasten dute, eta, era horretara, hizkuntza gaitasuna jorratzen dute.

Bost unitate didaktiko prestatu dituzte, Lehen Hezkuntzan ari diren 8 eta 12 urte bitarteko 18 umerekin lantzeko. Irakasleentzat eta ikasleentzat prestatu dute materiala Aranzadin, eta bost astetan garatzeko jarduerak prestatu dituzte. «Jarduera bakoitzean lau ekintza landuko dituzte, astelehenetik ostegunera, irakasleekin ikasgelan. Gu ostiraletan azalduko gara, ekintza berriak garatzeko eta egindakoak errepasatzeko», esan du Lasok.

Aste Santuko oporren aurretik lehenengo unitatea landu dute, landazabal paisaiaren ingurukoa. «Nekazaritza paisaia bat da, gizakiaren esku hartzearen ondorioz sortzen dena. Barnebiltzen ditu larreak, basoak, hesi biziak, baserriak eta baita gizakiak ere. Euskal Herri osoko eremuaren %20 hartzen du paisaia mota honek». Hurrengo saioetan, biodibertsitatea landuko dutela aurreratu du Lasok, «bere garrantzia» ikusarazteko, eta bertakoak diren espezieak ezagutuko dituzte, «horietako asko galtzeko arriskuan baitaude».

Unitate didaktiko horietako bat, adibidez, miru gorriari eskainiko diote. «Harrapakari bat da, hemen, Gipuzkoan, arriskuan dagoena, baina, zorionez, Alkizan oraindik erraz ikus daitekeena», nabarmendu du Aranzadiko Ornitologia saileko kideak. Ekainaren 6an eta, Alkizan egingo duten Aste Berdearen barruan, kanpora atera, eta landu dituzten jarduerak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute ikasleek, «ikus dezaten, landu dituzten elementu guztiak hor daudela».

Aitzindaria da Alkizan landu duten proiektua eta, aurrera begira, unitate didaktiko gehiago prestatzeko asmoa agertu dute Aranzadi zientziak eta Alkizako Udalak.

'NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA', II. TOPAKETA

Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Gipuzkoako kultura maparen barruan, egitasmo artistiko bat jarri zuen martxan, iaz: Sormenaren Kabia artistentzako egonaldiak. Euskal Herriko sortzaileek ez ezik, mundu osokoek tokia dute ekimen horretan.

Egitasmoari lotuta, hainbat jarduera sozio-kultural antolatu zituzten 2018an, besteak beste, Natura, gizakia eta artea izeneko topaketa. Aurten ere egingo dute, eta ekainaren 8an ospatuko da.

Irudimena erabiliz, sorkuntza landu eta garatzen duten emakume zein gizonek, hasiberriek zein beteranoek, denek izango dute tokia topaketa horretan. Bigarren ekitaldi horretan, sortzaileek basoa hartu beharko dute aintzat, eta horretarako diziplina ezberdinak erabili ahal izango dituzte: musika, pintura, egur taila, sukaldaritza...

Sortzaileek emandako leloari heldu, eta Alkizako ingurunea begi aurrean dutela, artelan bat sortu beharko dute, egunean bertan. Herritarrek artisten sormen eta sortze prozesua zer nolakoa den ikusteko aukera izango dute, bertatik bertara.

Artistek eta herritarrek aurrez aurre egoteko aukera izango dute, eta Natura, gizakia eta artea topaketak interakziorako aukera eskainiko du. Ekitaldi horrek sortzaileentzako bilgune ere izan nahi du, euren esperientziak, galderak, proposamenak eta kritikak elkarbanatzeko espazioa ahalbidetuko baitie.

Alkizako hainbat gunetan gauzatuko dute topaketa, ekaineko bigarren larunbatean. Herriko plaza kokagune nagusia izango bada ere, sormen espazioak Ur mara museora ere iritsiko dira, bertan, Koldobika Jauregi eskulturagile ezaguna bidelagun izango dutelarik.

Alkizan natura eta artea eskutik doaz, naturak berak eskaintzen baititu artelanak. Ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena, zentzumen guztiak lantzeko aukera eskaintzen du arteak, are gehiago, Hernio mendiaren magalean.

II. Topaketa horietan parte hartu nahi duten artistek Alkizako kultura sailarekin harremanetan jarri beharko dute. Antolaketari dagozkion argibideak jaso ahal izango dituzte, kultura@alkiza.eus helbide elektronikoan edo, bestela, 688 60 44 66 telefono zenbakian. Informazio guztia eskuragarri izango dute, interesatuek, www.alkiza.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!