Kameren aurrean dantzari

Jon Miranda Labaien 2019ko urtarrilaren 16a

Xabier Artolaren Alkizako er 1 1547663323520
Xabier Artolaren Alkizako er 2 1547663324564
Xabier Artolaren Alkizako er 3 1547663325769
Xabier Artolaren Alkizako er 4 1547663326613
Xabier Artolaren Alkizako er 5 1547663327125
Xabier Artolaren Alkizako er 6 1547663327680
Xabier Artolaren Alkizako er 7 1547663328269
Xabier Artolaren Alkizako er 8 1547663328871
Xabier Artolaren Alkizako er 9 1547663329436
Xabier Artolaren Alkizako er 10 1547663329990
Xabier Artolaren Alkizako er 11 1547663330595
Xabier Artolaren Alkizako er 12 1547663331159
Xabier Artolaren Alkizako er 13 1547663331674
Xabier Artolaren Alkizako er 14 1547663333252
Xabier Artolaren Alkizako er 15 1547663334525

Alkizan bizi den Xabier Artolak, ‘Dantza’ pelikula filmatzen ari zirela ateratako irudiekin erakusketa zabaldu du, eta otsailaren 6ra arte ikusgai izango da Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan.

Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Donostiako egoitzan, aurreko ostiralean zabaldu zuen erakusketa Xabier Artola Zubillagak (Donostia, 1957). 20 argazki dira, Dantza pelikula filmatzen ari ziren bitartean ateratakoak, eta Alkizan bizi den egileak esan du, «asko disfrutatu» duela lan hau egiten. «Argiztapena, adibidez, agerikoa da ez dela nik asmatutakoa; zoragarria da. Hori emana dator horrelako pelikuletan, baita eszenak ere. Kontua da, argazkilariak ezin duela egon filmatzen ari den kameraren toki berean, beste leku bat bilatu behar du. Beste ikuspegi bat bilatu behar izan dut eta hori izan da lan honekin izan dudan erronketako bat».


2014an Igartubeiti baserrian egin zituzten Dantza filmaren lehen saioak eta eten baten ostean, 2017an ekin zioten berriro. Filmazioko une gehienetan egoteko aukera izan du Artolak eta 4.000 argazki baino gehiago atera ditu tarte horretan. «Asko etxera iritsi bezain pronto baztertu nituen eta 2.300 inguru dauzkat gordeta. Horietatik aukeratu ditut hemen jartzeko 20 argazkiak. Ez da lan erraza izan eta aukeraketan lagundu didatenei eskerrak eman behar dizkiet, beraiek bakarrik dakite zenbateko matraka eman diedan». Ironiaz hitz egin du Alkizan bizi den argazkilariak erakusketaren inaugurazio ekitaldian: «Filmaketak oso bereziak izaten dira. Eszena bakoitza askotan errepikatzen dute eta hori niretzat abantaila izan da. Esaten dute, une erabakigarri hori harrapatu behar izaten duela argazkilariak, eta film baten grabazioan, badakizu lehenengoan ondo atera ez bazaizu, hamaika eta bat aldiz errepikatuko dutela une bera. Oso argazkilari txarra izan beharra dago, emaitza ona ez lortzeko».


Dantza filmaren atrezzo eta jantzien arduraduna izan da Alkizako Koldobika Jauregi artista. Herrian etnografiaren inguruan landutako hainbat proiektutan aritu izan dira elkarrekin Jauregi eta Artola, eta Ur marak argitaratutako Ikiliko txondorra liburuan argazkilari bezala aritu zen donostiarra. Aspaldiko ezagunak dira, beraz: «Oraingo honetan ere berak gonbidatu ninduen pelikularen filmaketan argazkilari bezala aritzera eta Iñaki Arregiri eta Telmo Esnali eskerrak eman behar dizkiet, hasieratik begi onez ikusi zutelako proposamena». Hain zuzen, Txintxua Films ekoizpen etxeak babestu du Donostian ikusgai den erakusketa.


«Lana izan da, baina plazera ere bai», esan du Artolak. Pelikula estetikoki «izugarria» dela uste du argazkilariak, eta gustatuko litzaioke erakusketak filma ikustera bultzatuko balitu ikusleak. «Argazki hauetan ikusten denak sor dezake gogoa gero Dantza ikusteko». Inaugurazio ekitaldian Telmo Esnal zuzendaria eta Koldobika Jauregi artista izan ziren eta baita filmean ageri diren hainbat dantzari ere.
Otsailaren 6ra arte izango da ikusgai Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan, Donostiako San Juan kaleko 27. zenbakian, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 21:00etara eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara. «Areto txikia da eta badakit argazki gehiago ere jarri izan dituztela hemen, baina nahiago nuen tamaina handi xamarrekoak egin eta argazki gutxiago erakutsi. Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiet Fotogunekoei, emaitza oso txukuna lortu dutelako. Bistakoa da beraien profesionaltasuna eta zeinen lan ona egin duten». Donostiatik Zarautzeko Photomuseumera egingo du salto eta han izango da ikusgai, otsailaren 12tik martxoaren 19ra, Kameren aurrean dantzari: ‘Dantza’ filmeko argazki sorta bat erakusketa.

Argazkilaria eta beste gauza asko
Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Informatika Fakultatean, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean eta hizkuntzaren prozesamenduaren arloan aritzen den Ixa ikertaldeko kidea da Xabier Artola Zubillaga. Euskaltzain urgazlea da 2006tik eta literatur munduan hainbat sari irabazi ditu.


Argazkilaritzarena aspaldiko afizioa du. «15 urte nituenetik beti ibili izan naiz kamera zintzilik dudala. Institutuko lagun bat zalea zan eta berak sartu zigun ar hori barruan. Lehenago ere, eliz mutil nenbilela, Antiguako elizako sakristaua argazkizale amorratua zen eta hark ere kutsatu gintuen». 40 urte baino gehiago daramatza, adibidez, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko bazkide gisa. Argazki erakusketa bat baino gehiago egin ditu eta lan guztien bilduma jasoa du www.artzubi.eus web gunean. Besteak beste, bertan ikusi daitezke, Ternuatik Ushuaiara, 2016an egindako sei hilabeteko bidaian ateratako bilduma, aurki, Gipuzkoako campuseko liburutegian ere ikusgai izango direnak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!