'Natura&Artea' jardunaldiak egingo dituzte Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 11a, 16:10

Abenduaren 17tik 22ra bitartean ekitaldiak antolatu dituzte ingurumena eta artea uztartuta.

Fagus Alkiza interpretazio zentroarentzat esanguratsua izan da  2018. urtea, izan ere, Hernio-Gazumeko altxorrak  ezagutzeko gune honek, bost urte bete baititu. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dira urtean zehar eta Natura&Artea ingurumena eta artea uztartzen dituen jardunaldiak egingo dituzte orain.

2018an etorkizunerako estrategikoak diren zenbait ekimen jarri dituzte martxan Alkizan.  Esate baterako, Gipuzkoako kultura maparen barruan, egitasmo artistiko berri bat jarri dute abian. Artistentzako hausnarketarako, sormenerako eta lanerako ekimen bat sortu dute: Sormenaren Kabia artistentzako egonaldiak. Kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, ikerketarako eta difusiorako gunea izateko xedearekin jaio da Sormenaren Kabia. Artearen sorkuntza gizarteratzeko eta sozializatzeko tresna izan nahi du Gipuzkoa osorako.

Artistentzako egonaldien lehen edizioan parte hartzeko deialdia egin eta hogeita hiru proiektu aurkeztu ziren, antolatzaileen aurreikuspenak gaindituz. Hautagai guztien artean finalera iritsitako bi lanen maila ona ikusita, azkenik, Sormenaren Kabiaren lehen edizioan bi artistek parte hartu dute. Beka, Kimia Kamvari eta Txiki Keixeta artistei ex aequo ematea erabaki zuen epaimahaiak.

Natura&Artea jardunaldietan Sormenaren Kabiaren lehen ekitaldia nola gauzatu den, artistek esperientzia nola bizi izan duten ezagutzera eman nahi dute. Unai Sorrarain bideogileak oso gertutik jarraitu du Txiki Keixeta zein Kimia Kamvariren sortze prozesua. Hasiera-hasieratik amaierara arte euren alboan izan da, askotan enbaxadore eta gidari lanak ere eginez. Azaroaren 21ean Sorarrainek mimoz egin duen ikus-entzunezko lana ikusteko aukera izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Hau, ordea, ez da izango Natura&Artea jardunaldietako ekitaldi bakarra. Abenduaren 17tik 22ra bitartean, natura eta artea eskutik izango dira Alkizan.

Abenduak 17tik 28ra

HIMALAIA: natura, gizakia eta kultura argazki erakusketa.  Arri Zugarramurdi argazkilaria Alex Txikon mendizalearekin batera izan zen Himalaian. Bertako paisaiek eta espedizioan ezagututako pertsonek liluratuta utzi zuten eta noiz itzuliko zain dago. Himalaian jasotako irudien artean, natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura islatzen duten argazkien aukeraketa egin du  Zugarramurdik Fagus Alkiza interpretazio zentrorako. Himalaia mendiak bertakoengan zein atzerriko mendizaleengan eragiten duen miresmena eta errespetua ulertzeko aukera izango da abenduaren 28ra bitartean.

Abenduak 19, asteazkena

18:30. Fagus Alkiza interpretazio zentroan, Alkiza&Hernio. 150 milioi urteko kontuak hitzaldia emango du Koldo Nuñez geologian doktore denak. Hernio-Gazume orain bost urte Kontserbazio Bereziko Eremu izendatua izan zen ofizialki. Bere baitan natur ondare izugarria du, besteak beste, babestutako hainbat fauna eta flora espezie aurkituko ditugu bertako lurretan (sai arrea, sai zuria, intsektu xilofagoak, saguzarrak eta abar). Alkizan badira ordea, horren ezagunak ez diren beste zeinbait altxor, esate baterako, munduan bakarra den ilargi esnea deituriko formazio geologikoa.  Mondmilch edo ilargi esne deituriko formazio geologikoa aurkitu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko espeleologoek 2004an; oraingoz, ezagutzen den ilargi esnearen erreka likido bakarra da, munduan. Bitxikeria honi buruzko eta oro har Hernio-Gazumek geologiko dituen berezitasunei buruzko azalpenak emango ditu Koldo Nuñezek.

Abenduak 20, osteguna

18:30. Fagus Alkiza interpretazio zentroan Baso-politika berria Gipuzkoarako hitzaldia emango dute Iñaki Aizpuru eta Aitziber Sarobe biologoek. Euskal Herriko zenbait eskualdetan begi bistakoa da basoetan zabaltzen ari den gaitza, izan ere, onddo batek kinka larrian jarri baititu intsinis pinuak. Bi biologoek  egungo egoeraz gogoeta egingo dute eta mendi eta herri basoak gestionatzeko oinarri berriei buruz, baso-politika berri bati buruz solasean ariko dira.

Abenduak 21, ostirala

18:00. Fagus Alkiza interpretazio zentroan, Sormenaren Kabia 2018 ikus-entzunezkoaren estreinaldia. Sormenaren Kabia artistentzako egonaldien lehen ekitaldia nola gauzatu den ikusteko aukera izango da. Unai Sorarrain bideogileak egindako ikus-entzunezko lanean, Kimia Kamvari eta Txiki Keixetak Alkizan zer nolako esperientzia bizi izan duten ikusi ahal izango da. Emanaldiaren ondoren, Kimia Kamvari eta Txiki Keixetarekin solasean aritzeko aukera izango da, bi artistak interpretazio zentroan bertan izango baitira. Amaieran, mokadutxo bat dastatzeko aukera izango dute bertaratatutako guztiek.

Abenduak 22, larunbata

18:30. Fagus Alkiza interpretazio zentroan, Shrabani Aranzabe musika irakasleak gidaturik, herriko musika ikasleek Gabonetako emanaldi berezia eskainiko dute Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Kontzertu amaieran, bertaratutakoek zer jana eta zer edana ere izango dute.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!