«Jende guztiarentzat aritu nahi genuke Alkizako Ostatuan»

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 14a, 09:00
Argazkia: Unai Sorrarain

Marcos Esteban eta Clo Charon hasiberriak dira Alkizako Ostatuan kudeaketa lanetan baina dagoeneko hartua diote tamaina eguneroko lanari. Astearteetan izan ezik, gainerako egunetan zabalik izango dute herriko ostatua

Abuztu bukaeratik daramate Alkizako Ostatuaren ardura Marcos Estebanek (Irun, 1989) eta Clo Charonek (Donibane Lohitzune, 1993). Eskolako umeen otordua prestatzen ari direla, erantzun diete TOLOSALDEKO ATARIAren galderei.

Zer nolako harrera egin dizuete Alkizan?

Marcos Esteban: Oso harrera ona. Gu oso gustura gaude. Hasieran herri txikietan gertatu ohi den bezala, kuriositatez begiratzen gintuzten, baina pixkanaka ari gara konfiantza hartzen eta herrira moldatzen.

Zer dela eta erabaki zenuten herri txiki batera etortzea?

M.E.: Ostalaritza munduan lanean aritu izan naiz, lehenik Hondarribian eta, ondoren, Ziburun. Horrelako lekuetan, hainbeste turismo dagoen hirietan, ez duzu gertuko harremanik izaten bezeroekin. Buruan hori generabilen eta lagun batek komentatu zidan herriko ostatuen aukera. Beste herri bateko ostatuaren berri izan genuen aurrena eta gero, Alkizakoa aipatu ziguten. Lasaitasun handiagoa izango genuela pentsatzen nuen, baina hemen ere bada nahikoa mugimendu.

Zein esperientzia duzue ostalaritza munduan?

M.E.: Hondarribiko Jaizkibel Hotelean hasi nintzen laguntzaile bezala eta gero han geratu nintzen pare bat urtez, sukaldari. Ondoren, Txantxangorri tabernara pasa nintzen, bi urtez sukaldari-buru izan nintzen eta handik hotelera itzuli nintzen. Pare bat urtez, beste gauza batzuetan aritu nintzen eta Ziburura joatea proposatu zidaten eta orain arte han aritu naiz lanean.

Clo Charon: Gauza askotan ibili izan naiz. Itsasontzietan aritu naiz sukaldari bezala, baina umeak zaintzen ere jardun izan dut. Berez, gozogintza ikasketak egin nituen eta hemen Alkizako Ostatuan ere arlo horretaz arduratuko naiz.

Zein baldintzatan hartu duzue Alkizako Ostatua?

M.E.: Kontratuak bost urtez behin berritzen dira. Udal jabetzakoa da taberna-jatetxea eta guk kudeatzen dugu. Orain, sei hilabeteko proba epe bat izango dugu. Herriak edo udaletxeak ikusten badu ez duela ondo funtzionatzen, herri galdeketa bat egin eta kontratua berrikusteko aukera izango dute.

Noiz egongo da zabalik ostatua?

C.C.: Normala den bezala, gutxieneko ordutegi bat bete behar dugu, herriko taberna bakarra baita gurea. Egunero irekitzen dugu 10:00etan eta astean zehar, 22:00 aldera ixten dugu. Astelehen arratsaldean eta asteartean egun osoan, ez dugu taberna zabaltzen eta asteburuetan 02:00 arte irekita mantentzen dugu.

Beste konpromiso bat ere hartu duzue, zuek ematen diezue jaten eskolako umeei.

M.E.: Bai. Duela gutxiko kontua da. Aurreko arduradunak utzi zuenean guri eskatu ziguten ea guk emango ote genien bazkaltzen eskolako umeei.

C.C.: Egunero 30 ume ingururi ematen diegu jaten. Badira egunak 28 direnak eta beste batzuetan jantokian 38 geratzen dira.

Eskolako jantokiaz gainera, zein eskaintza egingo duzue?

M.E.: Egunero prestatzen dugu menua garaiko produktuekin. Ez da oso menu luzea, baina saiatzen gara plater bakoitza ondo lantzen. Etxeko sukaldaritza da egiten duguna. Karta ere badugu eta asteburuetan menu bereziak prestatzen ditugu. Teknika berriak lantzen ditugu, baina gehienbat, eltzea bor-bor sutan jartzea gustatzen zaigu.

Zenbatean saltzen duzue menua?

C.C.: 11 euroan, edaria barne. Asteburuko menua, berriz, 20 euroan ematen dugu. Proposamen interesgarriak dauzkagu.

M.E.: Gero, ogitartekoak edo plater konbinatuak egiteko aukera ere eskaintzen dugu. Sukaldean dugun horrekin moldatzen gara, bezeroaren gogoa asetzeko.

Erreserbak egiteko aukera ere ba al daukazue?

M.E.: Bai, noski. Ostatuko telefonoa 943 69 18 36 da eta bertara deituta hartu daiteke tokia. Enkargatuz gero, arraina parrillan, arkumea edo babarrunak prestatu ditzakegu. Taldeentzako menu bereziak antolatzeko prest gaude. Proposamen guztietara zabalik gaude.

Zenbat lagunentzako tokia dago jantokian?

C.C.: Asteburuetan, 40 eta 50 lagunentzako eman izan ditugu otorduak. Mahai ezberdinetan banatuta eta eroso egoteko antolatuta daukagu jantokia. Talde handian etorriz gero, jende gehiago ere kabitzen da.

Hemen bizi zarete, gainera.

C.C.: Bai. Alkizako Ostatuarekin batera, hemen udaletxeko eraikinean dagoen etxebizitza hartzeko aukera eman ziguten eta hartu egin dugu.

M.E.: Gauerdian edo beranduago bukatu eta hemendik martxa egitea ez da erraza izaten, hurrengo goizean, berriz, goiz bueltatu behar baduzu. Gainera herrian bizitza egitea ere bada gure asmoa.

Zu, Marcos, musikaria zara gainera. Emanaldiak sustatu nahi al dituzue ostatuan?

M.E.: Bai, nire ideia da hilero zerbait antolatzea. Giroa sortzea, alegia. Selekta Stepi eta Anoetako Xabat etorri ziren eta plazan sound system bat antolatu genuen lehengo hilean. Aurreko asteburuan, Denis eta Flavio Banterla etorri ziren eta azaroaren 24an, Hondarribiko Marmoka taldekoak etorriko dira, pop-rock gitarreroa egiten dute.

Zein publikorentzat egin nahiko zenukete lan Alkizako Ostatuan?

M.E.: Jende guztiarentzat aritu nahi genuke. Hemen bertako herritarrentzat, ondo funtzionatuko duen ostatu bat edukitzea ezinbestekoa da. Herriko baserritarrek eduki behar dute hamaiketakoa egiteko toki bat, gazteentzako proposamenak ere egin nahi ditugu eta beste herrietatik Alkizara mendi buelta bat egitera etorri eta gero lasai bazkaldu nahi duenak aukera izango du Alkizako Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!