San Martin festekin batera argazki lehiaketa antolatu dute Alkizan

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 7a, 13:01

Fagus Alkiza interpretazio zentroak, herriko eragileekin batera, 'Udazken koloretan' lehiaketa martxan jarriko du ostiralean, hiru eguneko jai egitarauari hasiera emanaz.

Hernio-Gazume ingurunea beti dago ikusgarria, baina are gehiago udazkena iristean. Paisaia hori ikustarazteko argazki lehiaketa jarri du martxan interpretazio zentroak eta parte hartzaileek, Fagus Alkizak aintzat hartzen dituen hiru zutebatetako batean oinarritu beharko dute. Edurne Ayuso teknikariak azaldu duenez, «natura, bertan bizi den gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura da gure proiektuaren oinarria. Hortaz, Alkiza eta natura, Alkiza eta gizakia edota Alkiza eta kultura gaiak presente egon beharko dute argazkietan». Abenduaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira lanak kultura@alkiza.eus helbide elektronikoan.

Aurkeztutako argazkiarekin batera, izenburua, egilearen izen-abizenak harremanetarako bidea eta argazkia non eta noiz aterata dagoen azaldu beharko da. Mezua bidaltzerakoan Udazken koloretan lehiaketarako dela zehaztu beharko da. Kolore edo zuri-beltzean aurkeztu ahal izango dira lanak eta 30 x 20 zentimetroko gutxieneko tamaina izan beharko dute, eta gehienez, 29,7 x 42 zentimetrokoa.

Herriko eragileek lagundu dute argazki lehiaketaren antolaketan eta honenbestez aurkeztutako lan guztien artean, hiru sarituko ditu epaimahaiak. Lete nekazaritza etxean, bi lagunentzako gaua eta gosaria eskuratu ditu saridunetako batek; Inazio Urruzola txakolindegian bisita gidatua eta otordua beste batek; eta Alkizako ostatuan bi lagunentzako otordua azkenak. Parte hartzen duten guztien artean Ur Mara museoan bisita gidatuak egiteko bosna sarrera banatuko dira. Abenduaren 19an jakinaraziko dira irabazleak Fagus Alkiza interpretazio zentroaren webgunean.

HIRU EGUNEKO JAI EGITARAUA

Etzi hasiko da Alkizan, aurtengo sanmartinak ospatzeko prestatu duten egitaraua. Haur eta familientzat kultur etxean Imanol Ituñoren Magia Parrastan ikuskizuna eskainiko dute. 18:30ean, haurrentzako pintxo lehiaketa egingo dute Ostatu jatetxean. Pintxo lehiaketa horretan, 7 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko izena eman beharko da Ostatu jatetxean bertan eta gaur izango da horretarako azken eguna. Parte hartzaileek bere labana, mantala eta taula eraman beharko dituzte.

Ez da Ostatuan egingo duten ekimen bakarra izango, larunbat gauean bertso afaria egingo dute 21:00etatik aurrera. Amaia Agirre, Haritz Mujika eta Aimar Karrikaren ariko dira eta gauean, berriz, musikaz gozatzeko aukera izango da. Denis eta Flavio Bánterla ariko dira musika jartzen larunbat goizaldera arte.

Igandean, 17:30etik aurrera egingo duten eskoba txapelketarekin amaituko da aurtengo sanmartinetarako Alkizan antolatu duten egitaraua. Herritarrei bertara gerturatzeko eta ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu die udalak.

ALKIZAKO SAN MARTIN JAIAK 2018

Azaroak 9, ostirala
17:00. Imanol Ituñoren eskutik Magia Parrastan magia ikuskizuna haur eta familientzat kultur etxeko aretoan.
18:30. Haurrentzako pintxo lehiaketa Ostatu jatetxean.
19:30. Patata tortilla lehiaketa.
22:30. Mus txapelketa Ostatua jatetxean.

Azaroak 10, larunbata
18:00. Lau eta erdiko finala.
21:00. Bertso afaria Amaia Agirre, Haritz Mujika eta Aimar Karrikarekin Ostatu jatetxean.

Azaroak 11, igandea
10:00. Meza.
Ondoren. Hamaiketakoa Ostatuan.
17:30. Eskoba txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!