«Baserriko biztanleen genealogia bat egitera ausartu naiz liburuan»

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 12a, 08:00
Pello Joxe Aranburu Ugartemendia. J. MIRANDA

Aranburuk bere jaiotetxeko historiari erreparatu dio Urruzola historian zehar liburuan. Baserriari buruzko informazio ulerterraza ematen saiatu da, oinarrizko dokumentu, artxibo lan eta transkripzioekin batera.

Urruzolan du jatorria Pello Joxe Aranburu Ugartemendiak (Alkiza, 1936), eta baita, hura bezala, han jaio, hezi eta bizi izan diren askok eta askok ere. Zazpi mendeko historia du baserriak, «eta zepa asko eta aspaldikoak eman ditu enbor zaharrak». Guztiak Urruzola historian zehar liburuan bildu ditu Aranburuk.

Zehazki, non dago Urruzola baserria?

Alkizako Aldapa bailaran dago eta Larraul aldera ematen du. Garai batean bi bailara zeuden inguru horretan: Mendibailara eta Aldapa. Desagertu egin zen lehenengoa eta gaur arte iraun du bigarrenak. Urruzola, Arpide, Arpidegaraikoa... inguru horrek osatzen du gaur egungo Aldapa. Bere garaian garrantzi handia izan zuen bailarak, oraindik zutik dagoen Egurrola errota egon zelako bertan.

Noizkoa da Urruzola baserria?

Argi dago aspaldikoa dela baserri hau. Alkizak Tolosarekin hitzarmen kolektiboa egin zuenean, 1348an, azaltzen da lehenengo aldiz dokumentuetan; orduan agertu ziren Alkizako lehen baserri dokumentatuak. Hala ere, XIX. mende hasierako Alkizako udal dekretu batek lehenago ere kokatzen ditu herriko baserriak; Gipuzkoaren sorreran, hain zuzen. Eta kontuan hartu behar da 1025ean agertu zela, lehen aldiz, Ipuzkoa izena.

Zer esan nahi du Urruzola hitzak?

Zalantzak dauzkat, baina, hurritzetik ote datorren esaten dute. Hurritza eta horri gehitutako ola hitza. Lantokia da ola eta errota ere bai. Alkizan bada, gainera, Aldapa bailaran bertan, Olaa izeneko baserria ere.

Hiru zatitan banatu duzu baserriaren historia, abizen jakin batzuekin lotuta.

Bai. Lehena, 1348 eta 1595 artekoa, nahikoa iluna, zatikatua eta Urruzola abizenarekin lotura daukana; Egurrola bat agertzen da tartean. 1602 eta 1749 artekoa da bigarrena, bost belaunalditako Roteta abizenez osatua. Eta hirugarrena eta azkena, 1749tik gaur egunera artekoa, sei belaunalditako Aranburu abizenarekin lotura daukana.

Zuretzat aurkikuntza handia izan zen jaiotetxean Roteta abizenekoak bizi izan zirela jakitea?

Bai. Baserriko paperen artean arakatuta konturatu nintzen gure etxekoa zela Roteta abizena. Ezusteko handia izan zen niretzat. Aiako Roteta errotan dago Urruzolako Roteta horien abizenaren jatorria. Hango hiru anaia Alkizara ezkondu ziren eta horietako bat, Martin Roteta, Urruzolako Katalina Egurrolarekin ezkondu zen, 1602an. Handik aurrera, abizen horrek bost belaunalditan jarraitu zuen baserrian.

Aranburutarrak Rotetaren ondoren iritsi zineten Urruzola baserrira, eta sei belaunalditan eutsi diozue dagoeneko.

Bai. Gregorio Aranburu izan zen lehenengoa, 1749an. Urruzolako Ana Maria Rotetarekin ezkondu zen hura; Aritzategigaraikoa baserritik etorri zen. Bi anairekin ezkondu ziren bi ahizpa. Ondoren, Aranburutarrek sei belaunalditan segitu dugu Urruzola baserrian. Hil berria den Jose Ramon anaia eta bere emazte Karmen Arruti 1971n itzuli ziren Urruzolara, ama hil eta bi urtera. Orain, koinata alarguna eta haren hiru seme-alabak bizi dira bertan.

Hainbat eranskin batu dituzu bigarren zatian. Zein dokumentu mota dira horiek?

Historia bildu dut lehen partean eta dokumentuak bigarrenean; hemezortzi eranskin dira guztira. Esate baterako, 1348an Alkizan dokumentatutako etxebizitzen zerrendaren transkribapena da lehenengoa. Azken eranskinean, berriz, Urruzolako biztanleen zerrenda edo genealogia egitera ausartu naiz, 1348tik 2018ra artekoa.

Jende asko bizi izan da Urruzolan. Horietako baten bat nabarmenduko zenuke?

Pedro Jose Aranburu izena zuen nire aitonak, eta Gipuzkoako Elizbarrutiko notarioa izan zen bere anaia zaharrena. Aitonak berak ere lan handia egin zuen baserrietako aseguruekin.

Non lortu duzu hainbeste dokumentu liburua osatu ahal izateko?

Liburu honetan Tolosakoa izan da erabili dudan oinarrizkoa artxiboa. 2001ean artxibo hori izan nuen oinarri Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348- 1950) liburua argitaratu nuenean. Asteasun ere badago beste artxibo bat, baina Tolosakoa da Gipuzkoako garrantzitsuenetakoa. Ona da Alkizako udaletxeko artxiboa ere eta han ere ibili naiz informazio bila.

Urruzolak ere badu bere artxibo propioa.

Bai. Dokumentu batzuk mantendu dituzte, eta nik, duela urte batzuk Lazkaon bizi nintzela, liburu forma eman nien ohar horiei guztiei, azaleztatuta. Senideen artean banatu nituen, 2010ean. Zaharkituta zeudela konturatu, eta gaiari heldu nion berriz ere; aurten kaleratu dut liburua.

Ohar horietan al du abiapuntua kaleratu duzun liburuak?

Bai. 1994ko ohar zaharkituetan eta Hernaniko Enrike Larrarte Arregik, nire lagun minak, eskura eman zizkidan Aranburu 1550-1850 Arbasoak liburuan bildutakoetan. Beraz, idazlana ez da hutsetik abiatu. Hala ere, Pello Mari Otañok Oroimenak idazlanean esandakoak bultzatu ninduen nire jaiotetxearen eta arbasoen kontuak idaztera: «Ikusirikan ugaritzen dijoazkidala lanak eta aztutzen direla noizbait izkribatzen ez direnak, liburu ontan jarri nai ditut gogoratzen zaizkidanak».

Zuk zeuk argitaratutakoa al da azken lana?

Bai. 50 ale atera ditut eta liburu horiek banatzen ari naiz orain. Apaiza naiz eta apaizen artean banatu nituen, eta baita senideen artean ere. Gertukoenei eman nizkien lehenengo, eta oparituz joan naiz gero.

Zertan zabiltza orain?

Hernandorena kultur elkartearekin aritzen naiz ikerketan, Zizurkilen; han bizi naiz. Taldetxo batean biltzen gara eta Sustraiak aldizkaria kaleratzen dugu tarteka. Zizurkilgo Elbarrena auzoa nola osatu zen eta trenarekin lotutako mugimendu hori guztia nola sortu zen aztertzen ari gara orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!