«Sua, ura eta airea tresna gisa erabiliko ditut eta buztina, material bezala»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 27a, 10:21

Antonio Maria Agirre Garate (Arroa, 1963) du berezko izena, nahiz eta artista gisa Txiki Keixeta izena erabiltzen duen. Pintore gisa da ezaguna, baina azken urteetan eskultura lantzen dabil. Alkizan ere horri heldu dio.

Zein proiektu aurkeztu duzu Sormenaren Kabia egonaldirako?

Bekan egiten zuten eskaera bat zen inguruko naturan murgiltzea. Beraz, proiektuan naturako lau elementuak erabiltzea da nire nahia. Lanerako elementu erabiliko ditut; sua, ura eta airea tresna gisa eta material bezala buztina, hau da lurra.

Erabiltzen duzun buztina berezia al da?

Bai, erregogorra da. Gero buztina, raku izeneko teknikarekin egosiko dut eta tenperatura aldaketa zakarrak izaten dira. Ez pitzatzeko buztin erregogorra erabiltzen dut, eskulturan erabili ohi dena. Lehenengo fasean, asmoa dut teknika tradizional batekin, buztingileen tornuarekin, oinarria gauzatzeko. Tutu luze batzuk izango dira eta horren gainean jarriko dut eskultura.

Hiru fasetan banatu duzu zure lana.

Lehen bost egunetan, buztinezko pieza horiek egingo ditut eta gero hurrengo bost egunetan lehortzen utziko ditut. Epe hori aprobetxatuko dut, aurretik estudioan diseinatu dudan labe bat Alkizako plazan muntatzeko. Eta azken bost egunak labekadak egiteko erabiliko dut, plazan bertan, auzotarrek ikus dezaten. Iluntzean planteatzen dut, suaren ikusgarritasuna nabari dadin.

Zuk diseinatu al duzu labea?

Bai. Ez da inoiz erabili lehenagotik. Bi erregailu eta propanoa erabiliko ditut. Espero dut funtzionatzea.

Nondik jaso duzu raku izeneko teknika?

Japoniarra da eta egiten dena da pieza 1.000 gradutara egosi. Sutatik ateratzerakoan, erregai batean sartzen da, egurra, papera edo zerrautsa izan daitekeena. Konbustio horren bitartez oxigenoa kanporatu egiten da eta kolorea erabat aldatzen zaio buztinari. Kolore metalikoak, dirdira dutenak edo beltzuneak sortzen dira. Suak erabakitzen du, sua bera darabilt margotzeko, baina ez dut %100 kontrolatzen. Naturak erabakitzen du, eta piezak hortaz, errepikaezinak dira.

Eskultura hauekin zer adierazi nahi izan duzu?

Azken hiru urte hauetan nabil eskultura tubularrekin. Orain arte, etzanak egin izan ditut eta orain bertikalean ari naiz. Inguruko basoak eta bertan dauden elementuak ditut inspirazio iturri. Pagoak eta pagoek moztuta dauzkaten zuloak islatu nahi ditut eskultura hauetan.

Aurrez ezagutzen al zenuen Alkiza?

Ez nuen ezagutzen eta sorpresa polita izan da. Oso herri lasaia da eta lan hauetarako ederra. Hernio ezagutzen dut, baina beste aldetik, Errezil eta Aizarna ingurutik. Iraileko txikitako igoera horiek gogoan ditut.

Jendaurrean aritzeak motibatzen al zaitu?

Bisitak baditut, sarri igotzen zaizkit umeak. Lehengo eskola zenean aritzen gara lanean eta begiak zabalik dituztela begiratzen naute etortzen direnean. Kalean egin izan dut lan eta Endoian, Itziarren, rakuari buruzko ikastaro bat ematen ari nintzela sortu zitzaidan Alkizan proiektua aurkezteko ideia.

Zure ibilbide profesionalean zein pisu dute eskulturek?

Keixeta margolari bezala da ezagunagoa. Zeramika oso gaztetan landu nuen eta gero 20 bat urtetan utzita eduki ondoren, duela zortzi urte hasi nintzen berriz eskulturekin. Hala ere, lan serioena pintura munduan egin dut. Aurten, Miarritzen eta Getarian izan ditut nire erakusketa indibidualak ikusgai.

Zer iruditzen zaizkizu Alkizakoaren gisako egonaldiak?

Artista bere estudio zuloan lan egitera ohitura egoten da. Ohitura batzuk eta egiteko modu batzuk sortzen dira. Beti dago aurrerapen bat, baina egonaldiak ematen dizu espazioa aldatzeko eta beste ingurune batekin harremanetan jartzeko aukera. Ni egonda nago Artelekun eta Baigorrin beste egonaldietan. Hemen Alkizan buru-belarri ariko naiz hamabost egunetan, guztiz kontzentratuta egongo naiz. Nire estudioan hiru aldiz denbora gehiago beharko nuke lan bera egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!