«Inguratzen gaituen materialismo horren presentzia islatu nahi dut»

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 27a, 10:29
Argazkia: Unai Sorarrain

Duela hiru urte iritsi zen Kimia Kamvari (Colonia, Alemania, 1986) Teherandik Beasaingo Astigarreta auzora. Naturan murgilduta bizi da eta harreman hori hartu du oinarri bere arte sorkuntzarako, perretxikoak erdigunean jarrita.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?

2015eko udazkenean iritsi nintzen. Zuzenean Astigarretara etorri nintzen, Beasaingo auzo horretan bizi naiz ordutik. Asko hunkitu nintzen hona iristerakoan, aldaketa handia izan zen niretzako. Maila askotako aldaketak izan ziren: paisaia, klima, ingurunea, jendea, hizkuntza... Horrek eragin handia izan zuen niregan, eta naturak baldintzatu ditu orduz geroztik nire lanak. Hasiera batean, natura bera ulertzen saiatu nintzen eta esperientzia hori lengoaia artistiko batera itzultzen, esperientzia hori besteentzako ere ikusgarri egiteko.

Gero etorri ziren perretxikoak.

Bai. Naturarekin dugun harreman horretan jarri nuen arreta. Hezetasuna, ura, biodibertsitatea... horiek beharrezkoak dira perretxikoetarako. Ni Teheranen bizi nintzen, lehorra eta kutsatuta dagoen hiri handi batean. Beraz, perretxikoen inguruko erreferentziarik ez nuen, soilik ipuinetan nuen haien entzutera. Misterio bat dira organismo horiek eta horregatik agertzen dira kontakizunetan. Horrela ulertzen da hainbesteko afizioa egotea hemen Euskal Herrian eta hauek jateko jendeak duen kapritxoa. Erregalu bat balira bezala dira perretxikoak.

Zein proiektu aurkeztu duzu Sormenaren Kabirako?

Nagusiki, perretxikoez da, eta bere esporen inguruan. Alkizan lanean nabil, baina lan handiago baten zatia da egiten ari naizena. Euskal Herrira iritsitakoan hasi nuen proiektua eta orain udazkena iristearekin batera, urteotan egiten ari naizen lanarekin jarraitzen dut: perretxikoak bildu eta esporografiak egiten ditut sasoi honetan.

Zer nolako hausnarketa dago proiektu honen atzean?

Niretzat oso garrantzitsua da bizi izan dudan esperientzia pertsonala eta azken emaitzaren arteko aldea murriztea. Pentsamolde ekologista batetik egiten dut lan, ulertu nahi baitut zer den natura, biodibertsitatea eta ingurunean bizi den jendearen arteko harremana. Sare hori, nire ustez, oso naturala da. Gugandik oso gertu dago natura eta espazioan eta denboran ematen den trantsizio bat irudikatzen dut, idealismo batetik errealismora, inguratzen gaituen materialismo horren presentzia islatu nahi dut. Gogoetak modu ontologikoan ematen ditut eta horregatik artelanek ez dute forma bakar bat hartzen.

Nola antolatu duzu zure egonaldia Alkizan?

Egonaldi artistikoa, ibilbide luzeago baten parte da, eta beraz, ez da ez hemen Alkizan hasten, ezta bukatzen ere. Donostiako Cristina Enean azaroan egingo dudan erakusketa bitartean, Alkizarekin eta bertan ezagutu dudan jendearekin harremanetan jarraituko dut. Egunotan ingurunea ezagutu dut eta paisaian ibili naiz; bertako jendearekin egin ditut ibilaldiak eta beraiek kontatu didate zein harreman duten naturarekin. Paisaia horrekin dutena harreman intimoa da. Hemen egongo naizen bitartean, bizi egingo dut, esperimentatu egingo dut, gero nire arte lanetan islatzeko. Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologia sailekoekin ere egon naiz harremanetan.

Zein lekutan egin duzu lan Alkizan?

Lanerako espazioa bezala eskola zaharra erabiltzen dut. 1931ko eraikina da eta aurki barrutik bota egingo dute. Horrek ere interesa sortzen dit eta badu harremana nire lanarekin.

Zer iritzi duzu egonaldi artistikoen inguruan?

Euskal Herrian Tabakaleran parte hartu nuen. Baina oraingo honekin alderatuta oso ezberdina izan zen hura. Sormenaren Kabiak natura, gizakia eta kultura jartzen ditu harremanetan eta hori da nire ikerketa gaia. Zaila izaten da askotan artistak egonaldi aproposa topatzea, baina nire kasuan, erabat egokitzen da nire lanera. Gainera gustuko dut, proiektu hau ez baita batere instituzionala. Landa ingurunean norberak betetzen dituen rolak oso definituak dira eta betekizun garrantzitsua dute ingurunearekin lotuta. Sentsibilitate handia duten pertsonak topatu ditut hemen eta asko eskertzen dut. Humanoagoa eta ekologikoagoa da hemengo harremana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!