Gizakia eta naturaren arteko harremanaz gogoeta egiteko aukera, Alkizan

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 20a, 14:06

Fagus Alkiza zentroak bosgarren urteurrena duela eta, udalak, Naturtzaindia elkartearekin batera, jardunaldiak antolatu ditu biharko eta etziko, Donostian eta Alkizan

Alkizako udalerriaren zati handi bat Natura 2000 Sarearen barruan aurkitzen da, Hernio-Gazume Kontzerbazio Bereziko Eremuan (KBE). Naturagune honek udalerriaren azaleraren %44 hartzen du, eta udal ordezkarien ustetan, «indargune bat da, herriaren garapenerako tresna». Gizakia eta naturaren arteko harremana «ia guztizko axolagabetasunera» pasa dela uste dute udal arduradunek, eta lotura hori berreskuratu eta indartzeko lanean ari dira azkeneko hamar urte hauetan. «Aurreko belaunaldiek ingurunearekiko harremana ulertu eta bizitzeko zuten modu bereziari esker, arbasoengandik oinordekotzan jaso duten ondare natural paregabea estimatu eta zaintzea erabaki dute Alkizan bizi direnek».

Udalak, herritarrek eta herriko eragileek, eskualdeko eragileekin batera abiatutako gogoeta hori Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan gauzatu da. Bost urte dira, ofizialki, Hernio-Gazume kontserbazio bereziko gune izendatu zutela. Urtemuga hori dela eta, Alkizako Udalak Naturtzaindia elkartearekin batera, jardunaldi zientifikoak antolatu ditu bihar eta etzi, Donostian eta Alkizan, hurrenez hurren.

Bihar, 19:00etan Donostiako Aquariumean egingo da lehenengo solasaldia: Bioaniztasunaren alde egindako tokiko ekarpen baten adibidea izenburua eramango du eta Jon Umerez Alkizako alkatea, Jorge Gonzalez Naturtzaindiako kidea, Joaquin Araujo idazle eta naturalista eta Jordi Sargatal naturalista eta ingurumen dibulgatzailea ariko dira azalpenak ematen. Aitor Elduaien izango da moderatzailea.

Etzi, berriz, larunbatarekin Fagus Alkizara bisita gidatua egingo da. Naturtzaindia elkarteak herrian gauzatu dituen esku hartzeak ezagutzeko ibilaldia egingo da eta Joaquin Araujo eta Jordi Sargatal ariko dira gidari lanak egiten. Udaletxeko goiko solairuan dago Fagus Alkiza zentroa eta etziko hitzordua 11:00etan egin dute.

JARDUNALDI ZIENTIFIKOAK

Irailak 21, ostirala
19:00. Donostiako Aquariumean Bioaniztasunaren alde egindako tokiko ekarpen baten adibidea solasaldia.

Irailak 22, larunbata
11:00. Fagus Alkizara bisita gidatua Naturtzaindia elkarteak herrian gauzatu dituen esku hartzeak ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!