agus Alkiza Interpretazio Zentroak, artearen sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta gizarteratzeko helburuarekin, artistek hausnartu, esperimentatu eta lan egiteko espazio berri bat sortu du. Sormenaren Kabia izenarekin eskaini duten bekari esker, bi sortzailek –Kimia Kamvarik eta Txiki Keixetak– Hernio mendiaren magalean, Europa 2000 Sarean aitortutako naturagunearen erdian, euren proiektuak burutzeko aukera izango dute datozen asteetan.
Uztaila hasieran artistentzako egonaldien lehen edizioan parte hartzeko deialdia egin zutenetik, aleka-aleka jaso dituzte proposamenak, 23 orotara. Antolatzaileen esanetan, aurreikuspenak «gainditu» eta «ezustekoa» jaso dute lehen ekitaldian. Hasiera bateko asmoa artista bakarraren lana saritzea bazen ere, finalera iritsi diren bi proiektuen maila ikusita, epaimahaiak azkenik, beka Kimia Kamvariri eta Txiki Kexetari ex aequo ematea erabaki du. Hautatutako pertsonek bi aste izango dituzte euren ideiei forma emateko. Lete nekazaletxea, Ur Mara museoa, Inazio Urruzola txakolindegia eta Alkizako parajeak artisten inspirazio iturri eta lantoki ere izango dira hurrengo asteetan. Proiektua aurrera eramateko, 1.000 euroko beka bana jasoko dute.
Askotariko proposamenak
Jon Umerez Alkizako alkateak, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Maria Altuna, Aitor Irulegi, Laurita Siles eta Ixiar Garcia artistek osatu dute epaimahaia. Jasotako 23 proiektuetatik hamabost emakumezkoenak izan direla azpimarratu dute eta bost gizonezkoenak. «Bestalde, hiru konpainia artistikok aurkeztu dute euren proposamena eta talde hauetan ere emakumeak tarteko izan dira». Euskal Herriko parte hartzaileekin batera izan dira Espainia, Txile, Argentina, Iran eta Erresuma Batukoak ere eta bataz besteko adinari erreparatuta aurkeztutakoak 35-40 urte bueltako artistak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek: «Artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu. Dantzariak, koreografoak, psikologoak, clownak, aktoreak, marrazkilariak, irakasleak, zinemagileak, antzerki sortzaileak... denetariko profesionalen lanak jaso ditugu eta diziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu arteak, esperimentatu eta sortzeko gogoak».
Hain zuzen, epaimahaiak jasotako lan guztiak aztertzerakoan, kontuan izan du artistak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa. Irizpide horrekin batera beste batzuk ere hartu dituzte aintzakotzat: originaltasuna, Fagus Alkizaren hiru ardatzekin –natura, gizakia, kultura– koherentzia izatea eta Alkizan eskaintzen diren lan espazio eta baliabideetara egokitzea.
Egonaldiari buruzko xehetasunak Fagus Alkiza Interpretazio Zentroko web gunean argitaratuko dituzte, baina espero dute iraila bukaeran artistak, dagoeneko, Alkizan lanean aritzea. Gainera, sortzaileen eta herritarren artean sinergiak sortzeko aukera ere eskainiko die Sormenaren Kabiak. Alkizara gerturatuko diren artistek herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin hartu-emanean egoteko aukera izango dute.
«Ekinez eta ilusioz sortu dugu Sormenaren Kabia», esan dute antolatzaileek. «Lan eginez, ikasiz, esperimentatuz, eginez eta deseginez, gure habia handitzen joango gara bertan artista gehiagok tokia izan dezaten».
KIMIA KAMVARI
Orain dela hiru urte iritsi zen Euskal Herrira, 12 milioi biztanle dituen Teherandik (Iran), Beasaingo hogei biztanleko Astigarreta auzora. Aldaketa horrek natura ikusi, sentitu eta ulertzeko modua errotik aldarazi zion. Hala, ingurunea beste ikuspegi batetik behatzen hasi eta eguneroko bizitzan kontsumitzen ditugun zenbait materialekin artelanak sortzen hasi zen.
Azken urteetan perretxikoekin lan egiten du. Kamvariren hitzetan «lurreko elementu magikoak dira, bai errealitatean eta baita ipuinetan ere: ez dira ez animaliak ez eta landareak ere, leku guztietan daude eta gizakion garapenean eragina izan dute».
Azken hiru urteetan egin dituen lanak ikusgai jarriko ditu azaroan Donostiako Cristina Enean. Erakusketa hori behar bezala antolatzeko baliatuko du Alkizako egonaldia.
TXIKI KEIXETA
Izenez, Antonio Maria Agirre Garate arroarrak gaztetatik izan du arterako zaletasuna, batez ere margolaritzarekikoa. Bere ibilbide luze eta oparoan hamaika erakusketa, instalazio eta interbentzio artistiko egin ditu, taldeka nahiz bakarka.
Aurkeztu duen egitasmoa naturan oinarritzen da. Bere lanaren funtsa, hain zuzen, naturako lau elementuen (sua, lurra, airea eta ura) arteko interakzioa da. Lau elementu hauek material eta tresna moduan erabiliz, beraien artean askotariko harremanak sortuz, ondorio berri eta errepikaezinak lortzea izango du helburu artelan bakoitzarekin. Lurra edo buztin errefraktarioa izango da erabiliko duen materiala eta ontzigile teknika tradizionala baliatuko du lanerako.