Esaldiari marrazkia lotuta

Imanol Garcia Landa 2018ko abuztuaren 19a

Ur mara museoan erakusketa berri bat ikusi daiteke, testua eta marrazkia uztartzen dituena. Un point peur etre une phrase recroqueville sur elle-meme izena du erakusketak eta egileak Markant eta Dad.g dira.

Gaur egin dute erakusketaren inaugurazioa, eta Koldobika Jauregik eman ditu azalpenak. Markant belgikarrak sortutako esaldi edo aforismoei gero obra grafikoa gehitu dio Dad.g artista frantsesak. Jauregik azaldu duenez, monotipoak dira ikusi daitezkeen obrak: "Plantxa bat tintaz betetzen duzu eta gero hortik kentzen zoaz tinta nahi duzun marrazkia sortu arte. Ondoren, paper bat jartzen duzu plantxaren gainean eta inprimatu egiten da. Monotipoa deitzen zaio normalean ale bakarra ateratzen delako". Jauregik erakusketaren "freskotasuna" nabarmendu du, eta horrelako obrak normalean hemen ez direla ikusten gaineratu du.

Erakusketari buruzko azalpenak eman ondoren, Hillbilly Jokers taldearen kontzertua entzuteko aukera izan dute Ur marara joan direnak. Erakusketa bi astez egongo da ikusgai.

Ur mara museoan egingo den hurrengo ekitaldia irailaren 1ean izango da. Sara Moranteren ilustrazioak ikusi ahalko dira erakusketa berri batean. Inaugurazioa 20:00etan izango da, eta ondoren aktuazioa egingo dute SK efimeroak-ek, hau da, Susana Cencillok eta Koldobika Jauregik, musika, performancea, dantza eta bideoa uztartuz. Gero, 22:00etan, Community food egingo da.

Irailaren 15ean hitzaldi bat izango da, Thoreau inguruan izenekoa, Antonio Casado da Rochak emana. 18:00etan hasiko da hitzaldia eta ondoren Emekuartet-en kontzertua izango da. 21:00etan Community food egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!