Eskolako eraikin zaharra agurtu dute alkizarrek

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 23a, 14:19

Alkizan eskola berria izango dute eta hori dela eta eraikin zaharra bota egingo dute. Eraikina agurtzeko ekitaldi xumea egin dute. Gaua ere han eman dute 40 bat haur, irakasle, irakasle ohi eta gurasok.

Juan Karlos Alduntzin eskolako zuzendariak esan duenez, eskola berria egiteko kontratazioa abian da jada eta beraz, eraikin zaharra hustu egin behar izan dute, bertan eraikiko baitute eraikin berria. "Eskola berria bertan egingo dute. Ikasturtea, batez ere azken sei hilabeteak, eman ditugu ikasleekin gogoratzen eraikina dela botatzen dutena. Eraikin honetan gauza asko gertatu dira eta gauza horiek biltzen aritu gara; argazkiak, irakasle eta ikasle ohiekin aritu gara...", esan du.

Ikasleek beraiek eskatu zuten agur bezala eskolan bertan egin nahi zutela lo, eta gaua ere bertan eman dute. "40 bat pertsona bildu gara hemen gaua emateko", azaldu du.

"Agur sinbolikoan" eraikin horretan 80 urtetik gora eman dituztela gogoratu dute. "1931n eraiki zen, baserri bat zegoen hemen eta lur horien gainean eraiki zen, Errepublika garaian", esan du.

Eraikin berria egin bitarte Apeztxean emango dituzte eskolak. "Barnetegia zegoen solairuetara pasako gara, penaz, baina badakigu urte luzetan borrokatutako hori iritsiko dela, eraikin berria izango dugula aurki. Azkenean alkizarrek merezi duten eskola izango dute", azaldu du zuzendariak. Ikasturte honetan 56 ikasle aritu dira Alkizako eskolan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!