Alkizan kultur astea ari dira ospatzen egunotan

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 20a, 08:18
Gema Arrugaeta argazkilaria

Atzo abiatu zuten kultur astea Alkizan eta tailer batean parte hartu ahal izan zuten herriko txikienek.

Tantatik elkarteak eskainitako tailerrean parte hartzaile bakoitzak bere buruhandia egin ahal izan zuen. Gero, iraila hasieran, herriko festetan, buruhandi hauek ateratzea da asmoa.

Ostiralean jarraituko du kultur asteak, eta 18:30ean elizan, musika eta dantza ikasleen ikasturte amaierako emanaldia izango da. Lehenagotik, ordea, 17:30ean, Gema Arrugaeta argazkilariaren erakusketa inauguratuko dute Fagus Alkiza zentroan.

Gema Arrugaetak naturarekiko eta bidaiekiko grina berezia du eta hori bere lanean agerikoa da. Esperientzia handia du munduko hainbat paisaia, herrialde eta kulturatan. Esate baterako, lan ugari eginak ditu honako tokietan: Peru, Bolivia, Amazonas, Norvegia, Suedia, Laponia, Danimarka, Italia, Maroko, Tanzania, Tibet eta Sri Lankan.

Natura eta gizarte gaiak ardatz dituzten sei libururen egilea da eta hamahiru dokumental egin ditu askotariko formatuetan. Bere ibilbide profesionalean zehar 170.000 argazkitik gora atera ditu eta horien guztien artean aukeraketa bat egingo du argazkilariak, Fagus Alkizan jarriko duen erakusketarako.

Ekainak 22, ostirala

17:30. Gema Arrugaeta argazkilariaren erakusketaren inaugurazioa Fagus Alkizan.
18:30. Elizan musika eta dantza ikasleen ikasturte amaierako emanaldia. Pianoa, dultzaina, trikitixa, gitarra, biolina eta dantza ikuskizuna.

Ekainak 23, larunbata

17:00. Alkizako Txirrindulari Igoera. Anoetatik, Azken Portutik abiatuta bost kilometroko igoera 16 urtetik beherako federatu gabekoentzat.
18:00. Alkizako kilometro bateko igoera 10 urtetik beherakoentzat, Bentzala baserri paretik hasita.
Iluntzean. San Joan sua piztuko dute herriko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!