'Sormenaren Kabia' osatu aurretik irudigileak bilduko dituzte Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 22a, 07:59
Edurne Ayuso kultur dinamizatzaile lanetan ari da Fagus Alkizan. JON MIRANDA

Fagus Alkizaren bosgarren urteurrena dela eta, kulturaren arloari heldu, eta udazkenean martxan jarriko duten ekimenaren aurrekari gisa, topaketa egingo dute larunbatean.

Irudigileentzat erakusleiho ezin hobea izango da Alkiza larunbatean. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era Ur mara museoan, herriko plazan eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan ariko dira margolariak, grafitigileak, diseinatzaileak, ilustratzaileak, tatuatzaileak, tapiz egileak eta irudiak musikatzen dituzten artistak. Natura, gizakia eta kultura gai hartuta artelanak egingo dituzte eta herritarrek euren sormen prozesua nolakoa den ikusteko aukera izango dute bertatik bertara.

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren bosgarren urteurreneko egitaraua prestatzerakoan, naturaren eta gizakiaren arteko harremanetik sortzen den kulturan arreta jarri nahi dutela aipatu du Edurne Ayusok, herriko kultur dinamizatzaileak: «Alkizan, natura eta artea eskutik lotuta datoz, naturak berak eskaintzen dizkigu, hain zuzen ere, artelanik ederrenak». Larunbatean egingo duten Irudigileen Topaketa proiektu zabalago baten abiapuntua izango da, Gipuzkoako kultura maparen barruan egitasmo artistiko baten proposamena egin nahi baitute Alkizatik.

«Gipuzkoa mailan dagoen hutsune bati erantzun nahi diogu. Artistentzako hausnarketarako, sormenerako eta lanerako gune bat sortu nahi dugu, landa ingurunea eta artea eskutik doazela erakusteko», dio Ayusok. Sormenaren Kabia deitu diote proiektuari eta kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, ikerketarako eta difusiorako gunea izango da, artearen sorkuntza gizarteratzeko eta sozializatzeko tresna, alegia.

ARTISTEN EGONALDIA

Egitasmoaren ardatz nagusia artistentzat udazkenean antolatuko den egonaldia izango da. Euskal Herrian ere badira gisa bereko beste hainbat espazio: Araban Azala Kreazio Espazioa eta Garaioko Natur Artea; Bizkaian Lekeitioko Arragua eta Karrantzako Murtur Beltz; eta Nafarroan, Huarteko Arte Garaikideko Zentroa adibidez. Ayusok esan du: «Gipuzkoan horrelako bat falta da, ordea, eta Alkiza bere kokapen geografikoagatik gune estrategiko batean dagoela uste dugu. Hernio mendiaren magalean, ingurune zoragarri batean, Gipuzkoaren bihotzean, mundutik gertu, baina zaratatik urrun».

Hernio-Gazume udazken kolorez janzten den sasoian egingo dute bi artistek hamabost eguneko egonaldia eta eskualdeko artista bat ere gonbidatuko dute parte hartzera. Alkizako Lete nekazal etxeko apartamendu batean hartuko dute ostatu. Hiru gune ezberdin eskainiko zaizkie lanerako: Lete nekazal etxean bertan, Inazio Urruzola txakolindegiko lurretan eta Ur mara museoan. «Aurrez aurkeztutako proiektua gauzatu beharko dute bi astetan eta konpromiso bat eskatuko diegu, zenbait orduz behintzat, herritarren aurrean aritzea, alkizarrek ere bertatik bertara ikus dezaten sormen lana», aipatu du Ayusok.

Sormenaren Kabia ekimenaren barruan, egonaldiez gain, egongo dira bestelako proiektu batzuk ere. Koldobika Jauregi eskulturagile alkizarrak gidatuta estrategia artistikoak lantzeko astebeteko topaketak egingo dira. Bestalde, ekainaren 15ean Gema Arrugaeta argazkilari profesionalak bere lanak jarriko ditu Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan. Hilabetez izango ditu erakusketa honetarako propio aukeratutako lanak ikusgai.

Kultura eta artearen ardatzari helduta, beraz, ekimen ugari izango dira, baina Fagus Alkiza proiektuaren barruko beste bi esparruak ere, natura eta gizakia, ez dituzte ahaztuko. Naturtzaindiarekin elkarlanean jardunaldi zientifikoak burutuko dituzte irailaren 21ean eta 22an Donostiako Aquariumean eta Alkizan. Gainera, herriko paisaian gizakiak izan duen esku hartzea erakusteko prestatutako ibilaldi gidatuei ekingo diete berriro ere. Ekainaren 16an egingo dute hurrengo ibilbidea, Baserri paisaien ibilbidea deitzen diotena.

IRUDIGILEAK EGUN OSOZ

Larunbatean, Ur mara museoan, 11:00etan egin dute hitzordua Naiara Delgado eta Ainara Azpiazu artistek eta Arri Zugarramurdi argazkilariak. Bertan dagoen basoan zehar ibilbide artistiko bat egingo dute eta norberaren barruari begiratuta egingo dute lan. Herritarrak ere gonbidatuta daude ibilbidean parte hartzera eta norbere koaderno eta margoak hartuta azaldu daitezke bertara. Horretarako izena eman daiteke helbide honetan: kultura@alkiza.eus.

Beste guneetako bat plazan atonduko dute eta Ibon Odriozola grafitigileak udaletxeko horman, natura, gizakia eta kultura gaiak hartuta margo bat landuko du. Berarekin batera, plazan egongo da, baita ere, Ander Ortiz de Murua tatuatzaile eta marrazkilaria eta jarduna borobiltzeko Iban Gurrutxagak musikatuko du eguna. Interpretazio zentroan, berriz, Idoia Neves artistak arrainak inprimatzeko gyotaku teknika japoniarra erakutsiko du. Sor ezazu zure mikrobaratza birziklapen tailerra ere izango da umeentzat eta Herriko Ostatuan prestatutako pintxoak dastatuko ahal izango dira. «Topaketa hau bide luzea egiteko asmoz jaio da», esan du Ayusok, «datozen urteetan, ondo bidean, artearen esparru guztietako sortzaileentzat tokia izango da Alkizan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!