Irudigileen topaleku izango da Alkiza, hilaren 26an

Ataria 2018ko maiatzaren 4a

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak 5 urte beteko ditu aurten eta horren harira, "Natura, Gizakia eta Artea" irudigileen topaketa ospatuko dute maiatzaren 26an.

Maiatzaren 26an Alkiza irudigileen topaleku bihurtuko da. Fagus Alkizak bosgarren urteurrena ospatuko du, eta irudiekin lan egiten duten hainbat artista elkartuko dituzte egun horretan, bakoitzak bere esparruko lan bat sortu dezan. Besteak beste, Ander Ortiz de Zarate, Ainara Azpiazu, Idoia Neves, Ibon Odriozola, Iban Gurrutxaga, Maria Altuna edo Naiara Delgado izango dira.

Fagus Alkizak gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kulturaren inguruan hausnartzen eta hori babestu eta indartzeko lan egiten du. Hori dela eta, hiru elementu horiek hartu dituzte topaleku horren oinarri gisa.

Topaketa Alkizako gune ezberdinetan gauzatuko da, hala nola Koldobika Jauregi artistaren Ur mara museoan. Naiara Delgado artista andoaindarrak, esaterako, bere blogean jakinarazi duenez, “Barne gatazkak askatzeko ibilbidea” deitu diona burutuko du Alkizako basoetan barna, "barruan ditugun mamu, beldur edo gatazkei aurre egin eta askatzeko". Ibilbide hori ikusle moduan edo artista gisa egin ahal izango da, koaderno eta margoak hartuta. Horretarako izena eman beharko da kultura@alkiza.eus helbidean.

Artistentzako "erakusleiho bat" izatea du helburu topaketa honek, eta herritarrei ere bertaratzeko gonbitea luzatu diete, "artisten sortze prozesua bertatik-bertara nolakoa den ikusteko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!