Artea dastatu dute Ur Mara museoan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko apirilaren 14a

Artea ere poliki, patxadaz eta lasai ikusi eta jaso beharreko zerbait da. Denbora hartu behar da ikusitakoaren inguruko galderak eta hausnarketak egiteko eta horretarako aukera eman du gaur, Ur Mara museoak.

Jatorrian zabor-jana delakoaren aurrean alternatiba osasungarriagoak sortzeko hasi zen erabiltzen slow kontzeptua. Abiadura bizian doan gizarte honetan gauzak lasaitasunez egiteko beharra aldarrikatzen du eta hainbat arlotara zabaldu da, tartean arte edo sorkuntzara. Koldobika Jauregik gidatzen duen Alkizako Ur Mara museoan ere joera horrekin bat egiten dute eta horregatik egin dute gaur, Slow Art Day. "Artea dastatu daiteke eta dastatu behar da. Horretarako aukera eman nahi dugu, lanak lasai ikusi eta gozatzeko aukera eman nahi dugu", esan du sortzaileak. Ez da lehen aldia, dena den, aurretik ere egin izan dute eta bertan elkartzen diren sortzaileek askotariko lanak eman izan dituzte.

Gaurkoan ere hainbat diziplinetako artistek egin dute bat Alkizan. Jauregik berak Formas en crecimiento bideoa erakutsi du, Mari Jose Rekaldek La madre 2005 eskultura eraman du, Irantzu Lekuek ere eskultura kontzeptual bat eraman du eta Myriam Gesalagak Lur mara serigrafiak erakutsi ditu.

Bisita eginda eta artisten zein bisitarien iritzi, azalpen eta hausnarketak entzunda, elkarrekin bazkaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!