Ainhoa Aizpuru diputatuak Alkizara bisita egin du

Ataria 2017ko azaroaren 14a

Herriko errealitatea eta proiektuak ezagutu asmoz izan da gaur goizean Alkizan; Gipuzkoako Foru Aldundiak 66.000 eurorekin lagundu du bertako baserri bideen berritzea.

Landagipuzkoa+ programaren testuinguruan lan jardunaldia izan du gaur Alkizan Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak. Plan honen helburua 2.500 biztanle baino gutxiagoko herriak dira, helburu nagusi batekin: Gipuzkoako herri txikietan hiriguneen maila bereko zerbitzu eta aukerak garatzea, eta tokian tokiko ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzea.

 

Ainhoa Aizpuruk, Alkizako alkate Jon Umerez eta Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labakarekin batera, herrian Lurralde Orekako zuzendaritzak diruz lagundutako proiektuak bertatik bertara ezagutu ditu, batez ere herriko ostatuko berokuntza sistemarako biomasa gunea, zeinetara Foru Aldundiak bideratu zituen ia 10.000 euro 2016an. Baita ere, Landagipuzkoa+ plangintzaren baitan Alkizako baserri bideak hiru eremutan berritzeko eta seinaleztatzeko laguntza eman du Foru Aldundiak 2016 eta 2017an (Areta-Martitegi, Altzorbe-Bengoetxea, Leteberri-Garro), 66.576,92 euroko diru laguntzarekin. Azpiegiturak elementu garrantzitsua baitira herritarren bizi baldintzen ikuspegitik, nahiz lehen sektoreko aktibitatea bultzatzeko.

 

Herriko zenbait ekintzailerekin biltzeko aukera izan du Aizpuruk eta Lete nekazalturismoaren zabaltze lanak ezagutu ditu, baita ere. “Herri txikiek garrantzia berezia dute gure lurraldean. Hizkuntza, kultura, natura, lurralde orekaren ikuspegitik balio nabarmenak dituzte eta ekonomiaren alorrean ere, batez ere landa ingurunea eta lehen sektoreari lotuta, paper esanguratsua dute herriek. Errealitate hori bultzatu eta indartu egin behar da”, azpimarratu du Ainhoa Aizpuruk.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!