Sormen artistikoa sustatzeko saioa

Jon Miranda Labaien 2017ko urr. 13a, 08:01

Egunotan Aiztondo bailarako, Urola Erdiko eta Italiako Napoliko 23 gazte parte hartzen ari dira egonaldi artistikoetan.

Zizurkilgo Udalak, Azpeitiako Udalak eta Azpeitiko Kultura Mahaiak elkarlanean egindako proiektua da GazteArt, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria departamenduak eta Europak diruz lagunduta. Joan den astelehenetik astebeteko egonaldia egiten ari dira 23 gazte Gipuzkoan eta bertako sormen guneak eta sortzaileak ari dira ezagutzen.

Erasmus Plus, Europa mailako programak finantzatu du eta herrialdeen arteko mugikortasuna ahalbidetuz gazteen prestakuntza du helburu. Irekia da eta ez dago lotuta ez hezkuntza formalari ezta unibertsitateko ikasketei ere. Proiektua Napoliko (Italia) elkarte batekin batera antolatu dute eta egunotan hamaika gazte etorri dira bertatik astebeteko egonaldia egitera. Maria Altuna zizurkildarrak koordinatzaile gisa hartu du parte proiektuan eta uste du italiarrek badutela esperientzia era honetako egitasmoetan: «Dantzariak dira asko edota musikariak eta ez dute zuzenean arte munduarekin loturarik. Baina arreta berezia pizten die kulturartekotasunak». Aiztondo bailarako sei gaztek eta Urola erdiko beste hainbestek ere parte hartu dute egitasmoan.

Zarauzko aterpetxean hartu dute ostatu egun hauetan, eta bestek beste, Azpeitian Jon Andoni Martinen eskutik argazkigintza tailerrak jaso dituzte. «Argazkigintzaren hasierako teknikak probatzeko aukera izan dugu eta ikusgarria izan da ikasi duguna», esan du Altunak. Atzo berriz, Ur mara museoa bisitatu eta Koldobika Jauregi artistaren eskutik papera egiteko tailerra jaso zuten ikasleek. Gaur berriz, BilboArtera bisita egingo dute, eta ikasleek horrela eskatuta, Guggenheim museoa ezagutuko dute.

Bihar Atxulondo kultur etxean, Maria Altuna artista zizurkildarrak azaleztatze tailerra eskainiko die parte hartzen ari diren gazteei. «Programaren asmoa da egonaldian zehar sortutako lanak gero erakutsi ahal izatea», esan du Altunak. Horregatik, bihar, Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean egun hauetan ikusi eta ikasi duten guztia erakutsiko dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da inaugurazio ekitaldia eta parte hartu duten gazteekin batera egongo dira udal ordezkariak eta ekimenaren parte izan diren gainerako erakundeak.

Egonaldi honek buelta izango du. Orain parte hartzen ari diren gazte guztiak abenduaren 5etik 11ra bitartean elkartuko dira berriro, Napolin.

Parte hartzaileei galderak:

1. Zer nolako ikasketak burutu dituzu? Artearekin loturikoak?

2. Zergatik eman zenuen izena programa honetan?

3. Zer ikasi duzu egun hauetan? Zertarako balioko dizu zure ibilbidean?

ESTITXU DIAZ. Zizurkil (1998)

1. Diseinu grafikoko ikasketak egiten ari naiz Donostian.

2. Interesgarria iruditu zitzaidalako eman nuen izena eta ez naiz damutu oso gauza ezberdinak ikusi ahal izan ditugulako egunotan.

3. Argazkiak garai batean nola egiten ziren ikusi ahal izan genuen eta oso berezia iruditu zitzaidan, gaur egungoaren oso ezberdina. Ni gaztea naiz oraindik, eta arte mundu hau afizio bezala dut. Ez dakit zertan egingo dudan lan etorkizunean, baina bitartean ikasi egin nahi dut.

AINHOA SUDUPE. Azkoitia (1995)

1. Niri beti gustatu izan zait margotzea eta horregatik ilustrazio ikasketak egin ditut. Arte munduarekiko interesa betidanik izan dut.

2. Pentsatu nuen programa honen bitartez ikusitakoa interesgarria izan zitekeela eta izena eman nuen.

3. Oso interesgarria izan da, argazkiak modu tradizionalean nola egiten diren ikasi genuen Azpeitian eta gaurkoa ere ondo doa. Etorkizunean gustatuko litzaidake ilustratzaile bezala lan egitea, liburuak edo kartelak egiten, adibidez. 

DAMIANO MUSILLI. Napoli (1999)

1. Nik zientzietako ikasketak egin ditut baina arte munduarekiko zaletasuna daukat.

2. Europar proiektu hau antolatzen zuen pertsona ezagutzen nuen eta izen ematera animatu nintzen. Egia esan, zorte handia izan dut parte hartu ahal izan dudalako.

3. Gauza interesgarri asko ikusi ditugu eta bereziki gustatu zait Euskal Herria. Espainiako beste tokien alderatuta nabari da beste kultura bat, beste hizkuntza bat dutela hemen eta oso interesgarria iruditu zait.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!