Artea eta hitza bat eginda, lamiei buruz aritzeko

Ataria 2017ko urriaren 7a

EHUko Mikel Laboa Katedrak, Ur mara museoak, Alkizako Udalak eta bertako elizak antolatuta Arthitz ekimenaren hirugarren edizioa egiten ari dira gaur. Eguerdian, Juan Kruz Igerabide adunarrak lamien inguruko kontakizunak eta ipuinak eman ditu Fagus-Alkiza zentroan. 

Arte diziplina ezberdinek bat egin nahi izaten dute ekintza artistiko honetan eta aurten lamien gaia hartu dute hizpide. Aurreko edizioak Arantzazuko santutegian ospatu badira ere, aurten Alkizara ekarri nahi izan dute. 

Goizean umeentzako arte tailer irekia egin da eta eguerdian Juan Kruz Igerabideren txanda izan da. Gaztetxoek prestatu dituzten lanak proiektatuz lamien inguruko kontakizuna egin du, eta bide batez, Xabier Lete eta Lourdes Iriondok bere garaian biniloan lamiei buruz egindako grabazioa jarri du. Eguerdira artekoak hor bukatu dira. 

Arratsaldean, Aiko taldearen eskutik dantza saio irekia izango da eta iluntzean, 20:00etan Lamiaren zubia ikuskizuna izango da elizan. Susana Cencillo akordeoilariarekin batera organoan arituko da Ana B. Garcia. Iraitz Lizarragak lamien inguruko perfomance bat egingo du eta Koldobika Jauregik ekintza artistiko efimero bat burutuko du bertan. Sarrera irekia izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!