Ibilbide gidatuak Alkizan, urriko larunbatetan

Ataria 2017ko urriaren 6a

Hernio magaleko altxor naturalak eta Alkizako baserri paisaiak erakusteko bisita gidatuak egingo dira eta izen emateko 943 69 02 35 telefonora deitu edo bilbao.tolosaldeagaratzen@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an 09:30etik 13:30era izango dira bisita gidatuak Hernio magaleko altxor naturalak ezagutzeko. Mendi horren gailurraren azpian, bada pago mugarratuen sail erraldoi bat. Bertako egurrarekin egindako barkuek urruneko itsasoak zeharkatu zituzten eta sortutako ikatzarekin berotzen zituzten industrietako labeak. Garai hartako lanek eraiki zuten egungo Alkizako mendiko paisaia eta hauxe da milaka urteetan bizi izan diren animalia eta landareen bizileku, gotorleku. Fagus-Alkiza zentroak, bertan eragile izan diren aktoreen arteko sinergiak sortutako dibertsitate eta aberastasuna erakutsiko ditu.

Bestalde, urriaren 21ean eta 28an, Alkizako baserri paisaiak erakutsiko dituzte. Ibilbideak bi muino inguratzen ditu, norabide guztietara ikuspegia eskainiaz; lehen planoan Alkizako baserriak ikusiko dira eta barrenean Oria bailarako beste hainbat herrietako paisaiak. Oinetako erosoak eramatea gomendatzen dute eta bi larunbatetan irteera 10:00etan izango da Alkizako plazatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!