Lamien inguruan ariko dira Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 6a, 08:00

Arthitz ekimena gauzatuko dute bihar Mikel Laboa Katedrak, Ur mara museoak, Alkizako Udalak eta elizak

Alkizako herrian badira Lamia erreka edo Lamiosinaga bezalako toki izenak. Bihar, Arthitz ekimenaren hirugarren edizioak pertsonaia mitologiko horiek hartuko ditu ardatz. «Espiritualtasun eta mistizismo puntu bat badu proiektu osoak», Koldobika Jauregi artistaren ustetan, «eta aurten paradisuaren gaia jorratzeko asmoa genuen Arantzazun; Alkizara ekarrita, lamien munduarekin uztartu nahi izan dugu».

Mikel Laboa Katedrak ikerkuntza egiteaz gainera, zenbait ekintza artistiko bultzatzen ditu, arte diziplina ezberdinak lotuz. Horretarako, aurreko bi urteetan, Ur mara museoarekin eta Gandiaga Topagunearekin batera aritu da antolakuntzan eta ekintza Arantzazun lekutu izan dute: «Artearen iturrietako bat izan da eta bertan erreferente diren Oteiza, Chillida edota Basterretxearen lanak aurki daitezke. Toki hori, Euskal Herrian, abiapuntua da estetika aldetik», dio Jauregik.

Aurreko mendeko 50ko eta 60ko hamarkadan esangura berezia hartu zuen santutegiak eta eskulturan bezala poesian eta musikan ere topagune izan zen, besteak beste, Mikel Laboak parte hartzen zuen Ez dok Amairu taldearentzat. Mugimendu horretan aritzen ziren Xabier Lete eta Lourdes Iriondo eta lamien inguruan haiek binilo batean egindako grabazioak aitzakia eman die antolatzaileei, aurten, mitologiaren gaia jorratzeko. Bihar audio hori entzuteko aukera izango da Fagus-Alkiza museoan, eguerdian.

«Aurrekontuan izan diren murrizketak» aipatu ditu Jauregik arrazoi bezala aurten Arthitz ekimena Arantzazun ez egiteko. «Bi zatitan eta modu xumeagoan» egiteko erabakia hartu dute antolatzaileek, eta tartean, Ur mara museoa ari denez, Alkizara ekarri dute egitasmoa. Gainera, aurreko abuztuaren 26an, Lamiaren zubia ikuskizuna prestatu zuten museoan. Musika eta dantza uztartu zituen ikuskizuna izan zen, ikus-entzunezko proiekzio eta grafika efimero batek lagunduta. Koldobika Jauregirekin batera, Susana Cencillo akordeoi jotzaileak eta Nekane Mendizabal dantzariak hartu zuten parte.

Egun osoko egitaraua

Abuztuko emanaldi hori zabalago emango dute, bihar, Alkizako Martin de Tours elizan. Diziplina ezberdinek bat egingo dute eta Jauregiren parte hartzearekin batera, organoan Ana Belen Garcia eta akordeoian Susana Cencillo ariko dira. Emanaldi osatzeko, Iraitz Lizarraga aktore zizurkildarrak performance bat egingo du. «Hurbilpen bat izango da, gai zabala baita lamiena; Guretzako abiapuntu bat izan da, aitzakia bat, kultur ekitaldi bat osatzeko», dio Jauregik.

Horretarako, Alkizako elizan dagoen organoa baliatuko dute. 1926. urtekoa da, «polita» artista alkizarraren esanetan. «Instrumentu oso konplexua da, ez da saxofoi bat bezalakoa, esfortzu handia eskatzen du eta exijentzi handikoa da». Aspaldi honetan, ordea, ez dute askotan jo eta berritu beharrean dagoela uste du Jauregik. Udalaren gogoa, zaharberritze horretan lagundu eta instrumentuari martxa emateko urtero kontzertu batzuk antolatzea izango litzateke.

Iluntzeko 20:00etan izango den Lamiaren zubia ikus-entzunezko emanaldiaz gainera, egongo dira bestelakoak ere. Don Juanena eraikinean, 10:00etan, arte tailer irekia egingo dute eta bertan prestatutako lanak, gero 12:00etan Fagus-Alkiza museoan egingo den ekitaldian proiektatuko dira. Juan Kruz Igerabidek, duela gutxi arte Mikel Laboa Katedrako zuzendaria izan denak, lamien mundua erakutsiko du ipuin eta kontakizunen bitartez eta emanaldi horretan bertan Xabier Letek eta Lourdes Iriondok egin zuten grabazioa entzun ahal izango da. Eguna osatzeko, 17:00etan Aiko taldeak, dantza saio irekia egingo du herriko plazan.

Aurtengo Arthitz ekimenaren lehen partea izango da, urtea amaitu aurretik beste ekitaldi bat antolatzeko asmoa baitute. «Eta datorren urtetik aurrera zer? Espero dugu estetikarekin jolasten jarraitu eta beste proposamen batzuk egin ahal izatea», aipatu du Jauregik.

EGITARAUA

URRIAK 7, LARUNBATA

10:00. Lamien inguruan: arte tailer irekia. Koldobika Jauregi eta Gerezi Jauregiren eskutik Don Juanena eraikinean. Aurrez izena emateko 609 46 59 42 telefonoan.

12:00. Lamien mundua: Ipuinak, kontakizunak...

Juan Kruz Igerabide adunarraren eskutik hitzaldia, udaletxean dagoen Fagus zentroan.

17:00. Dantza saio irekia. Aiko taldearen eskutik Alkizako plazan herritarrentzako zabalik.

17:00. Lamiaren zubia, SK efimeroen ikus-entzunezko emanaldia.

Susana Cencillo akordeoiarekin eta Ana B. Garcia organoan.

Iraitz Lizarraga zizurkildarraren performance-a.

Koldo Jauregiren irudiak.

Alkizako Martis de Tour Deunaren elizan izango da saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!