Hondakinekin arduratsu jokatzeko deia zabaldu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 21a, 17:13

Hondakinak sailkatu eta edukiontzietan uzteko eskaera luzatu du Alkizako Udalak eta aurtengo hondakinen tasaren inguruko argibideak eman ditu.

Behin eta berriro poltsak eta beste eratako hainbat hondakin lurrean botata antzeman dituzte Alkizan eta  edukiontziak gainezka. Udalak jakinarazi duenez, "Mankomunitateak eta zerbitzu publikoak, dagokion ontzian edo lekuan dagoena jasotzeko ardura du, ez ordea kanpoan utzitakoak". Horregatik herritarrei arduratsu izateko deia luzatu diete. 

Sailkatu gabe eta denetik nahastuta daukaten poltsa handiak botaz gero, errefusaren edukiontzi berdea erraz betetzen da. Beraz, hondakinak sailkatu eta hondakin bakoitza bere lekuan botatzeko deia l uzatu dute. Edukiontziak beteta badaude, bestalde, lurrean ezer ez uzteko eskaera ere luzatu dute eta herriko beste puntu batean bota edo edukiontziak hustu arte itxaroteko gomendioa luzatu dute. Bestalde, edukiontzietan sailkatu daitekeen hondakinen bat edukiez gero, lurrean ez uzteko eta dagokion lekura eramateko eskatu du Alkizako udalak. 

Alkizarrek aurten ordaindu duten hondakinen tasa, duela hiru urtekoaren (2014) antzekoa da eta udalak jakinarazi duenez horren arrazoia bikoitza da. Alde batetik, "Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak (GHK) garestitu egin du zabortegian botatzen den hondakinaren kostua eta ondorioz Tolosaldeako Mankomunitateak Alkizari kobratzen diona igo egin da". Alkizan aspaldi hartu zuten ildoari jarraituz, gastu hori herritarren artean banatzen da, udal aurrekontuetan hondakinengatik defizitik sortu gabe. Bestalde, herrian ez dute murriztu sortzen duten errefusa, hau da, zabortegira doan hondakina. Azken urteetan udaletik azaldu duten eran, "hobeto eta gehiago birziklatzea, arduratsu jokatu eta gauzak ondo egiteko modua izateaz gain, aurrezteko era bat ere bada".  Modu bakarra dela gaineratu dute, "ez badugu nahi gaur eguneko kontenedoreak eta sistema aldatu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!