«Jangela hau eta gero, hobea, etxekoa, dutela diote»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 11a, 10:00

Esperientzia luzea du Saizarrek. Alkizako haur asko pasa dira bere eskuetatik. Lehenengo bere amak prestatzen zituen eskolakoen bazkariak eta ondoren, duela 30 urtetik edo, berak.

30 urte dira Otxamendi jatetxean Alkizako herri eskolako haurren bazkariak ematen dituztela. Eleni Saizar (Alkiza, 1962) du ardura eta otorduak emateko beste hiru pertsona joaten dira jatetxera. Saizar baino lehenago, bere amak ematen zituen jangelako bazkariak, ostatua zutenean.

Noiztik duzu eskolako haurren jangelako ardura?

Hemen, Otxamendin, duela 30 urte, baina hasi, herriko ostatua genuenean hasi ginen, duela 40 urte. Taberna utzi eta Otxamendira etortzerakoan ez genuen jarraitzeko asmorik, baina ostatukoek ez zuten nahi eta gurasoek eskatuta hasi ginen.

Zenbat haur izaten dituzue?

42 bat, baina barnetegiko haurrak ere etortzen dira, eta orduan beste 20 bat edo etortzen dira.

Zein produktu erabiltzen dituzue?

Ingurukoak ekartzen ditugu, guk badugu baratze handi bat eta horiek erabiltzen ditugu, etxekoak, eta bestela Anoetara jaitsi eta bertan erosten ditugu, baina saiatzen gara inguruko produktuak erabiltzen.

Etxean bezala bazkaltzen dute, hortaz.

Horretan saiatzen gara, batzuk esaten dute jangela hau dutela eta gero hobea, etxekoa, alegia. Oso gustura etortzen dira. Egia da ere barnetegira etortzen direnak beste jangela batzuetan daudela ohituta, eta horiek gehiago eskertzen dutela hemen ematen dieguna, hemengoak ohituta daude. Menu orekatua osatzen saiatzen naiz, baditut jarraitu beharreko zenbait pauta eta horiek jarraitzen ditut.

Erlazionatuak

Haurren platerari begira

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 11 Tolosaldea

«Ekoizle nagusiak inguruko bi baserritar dira»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mai 11 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!