Azaroak 25

Alkizako udalak adierazpen instituzionala, azaroaren 25ean

Ataria 2016ko azaroaren 25a

Indarkeri matxistaren kontrako adierazpen instituzionala onartu du Alkizako Udalak. Hona hemen kaleratutako testua:

Nazio Batuen Batzar Nagusiak arazoaren 25a izendatu zuen emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna, eta, egun hori kontuan hartuta, bat egiten dugu emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Bertan, estatuen ardurapeko eremu guztiak jorratzen dira: indarkeria prebenitzea, gizartea sentsibilizatzea (batez ere gizonak eta haurrak), erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, erasotzaileen aurkako ekintza judizialak hastea eta biktimekiko babesa, laguntza eta kalte-ordaina bermatzea, erabili daitezkeen bitartekoen bidez.

Istanbuleko Hitzarmena 2014ko abuztuan berretsi zuen Espainiako Estatuak, eta, hartara, arau guztiz loteslea bilakatu zen, erakunde zentral eta autonomikoetan zein tokiko erakundeetan. Hitzarmena funtsezko tresna dela uste dugu, eta emakumeen aurkako indarkeria errotik ezabatu ahal izateko esparru gisa baliagarria da.

Horiek horrela, Istanbuleko Hitzarmena ezartzen dela bermatzeko, Alkizako Udalak konpromisoa hartzen du Hitzarmenean xedatutako neurrien kalitatezko estandarrak eta betearazpen-maila egiaztatzeko, baita gai horri loturiko nazioarteko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko beste arauetakoak ere.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!