[GUTUNA] Alkizako udal taldeak Itzuregiko sutea gaitzetsi du

Ataria 2016ko aza. 17a, 09:07

Alkizako udal taldeak gutun bat kaleratu du duela egun batzuk Itzuregiko inguruan zabaldu zen sutea gaitzetsiz.

Joan zen astean sute bat zabaldu zen Itzuregiko inguruan baten batek propio emanda. Suteak jabe partikular ezberdinen hainbat lur sail, pinudi eta baso zatiak erre zituen.

Oso gertakizun larria izan zen suak hartu zuen tamainagatik, itzaltzeko egin behar izen lan eskergagatik, sortu zuen arriskuagatik eta landaredian egin zuen kalteagatik.

Idatzi honetan sute horri buruz nondik norakoak azaldu nahi dugu eta gertatutakoa gogor salatu.

Aurrekariak

Itzuregi inguruan, Hernio Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu barruan, Europar Batasunerako garrantzizko habitat batean hobekuntza lanak egiten ari ginen, Udalak bultzatuta, Naturtzaindia elkarteko biologo eta baso zainen laguntzarekin eta horretarako lortutako diru-laguntza berezi bati esker.

Inguruaren biodibertsitatea zaintzeko egitasmo orokorrago baten barruan, uda honetan mendi larreak berreskuratzeko ekimen zehatz bat burutu genuen. Txilarrez eta oteaz jota zeuden sail batzuk garbitu eta abereak larrean jartzeko moduan prestatu. Garbiketa, Udalak orain dela gutxi erosi zuen lur sail batean burutu zen eta horrekin mugan edo aldamenean zeuden beste 4 lursail pribatuetan ere, guztira ia 3.5 hektarea. Horretarako, lur sail horien jabeekin hitz egin eta hitzarmen bana sinatu zen. Behin garbituta, inguru osoa hesitu zen (ia 1.000 metroko itxitura) eta, ondoren 4 metro zabal eta ia 500 metro luzerako heskai (seto vivo) bat sortzeko 900etik gora zuhaixka landatu ziren (hurritza, gorostia, sagar-mina, karraskila, hagina, eta abar)

Diru-laguntza lortzeko justifikazioa udal lursailean berreskuratze lanak egitea eta, batez ere, zuhaixka horiek landatzea izan zen. Horrekin batera, beste helburu osagarria larreak bere horretan mantentzeko abereak sartzeko aukera sortzea zen eta herriko interesatuei eskaini. Eta justu horretan ari ginen une honetan, ganadua bertan bota zezaketenekin lehen konbertsazioak izaten eta bilera egiteko egun aproposa bilatzen.

Aurreko asteko suak eremu hori eta aldameneko eta inguruko beste lur sail batzuk, pinudi bat eta beste zuhaixka eta baso zatiak kiskali ditu. Herriko jabe partikularrenak denak. Garbitutako eremuan, jarritako itxitura eta landatutako zuhaixkak erre ditu eta baita inguruko basoa eta garo, elorri eta otadiak, 6 hektarea baino gehiago kaltetuz.

Erantzukizuna

Aldundiko basozainen eta suhiltzaileen iritziz, itxura guztien arabera norbaitek nahita emandako sua izan da. Sutearen arratsaldean bertan, Jabier Zulaika basozain buruari albisteetan “propio emanda dagoela nahiko garbi dago” esaten entzun genion.

Hala bada, argitu beharra dago sua eman dion arduragabeak, erre zena baino mendi eta baso eremu askoz zabalago bat jarri zuela arriskuan eta baita inguruan zebilen jendea ere, ehiztari ugari baitzebilen inguruan. Egun horretan zeuden eguraldi baldintzekin sua ziztu bizian zabaldu baitzen eta kostata lortu zen areago ez zabaltzea.

Kalte egiteko propio emanda badago, zergatik!? eta, batez ere, nori? Nor kaltetu nahi zuen su-emaileak? Lur jabeak? Egindako hobekuntzak? Horiek bakarrik? Zaila da ulertzea. Baso eta larre horiek beraien jabeenak dira, jakina, eta horiek kaltetu ditu baina, ondare natural gisa, Alkizar guztion aberastasuna dira. Gainera, hor egindako lanak, orokorrean gure ingurunearen onerako bai baina zuzenean gure baserritarrei mesedetan egindakoak izan dira. Bestalde, lanok ez dira Alkizako Udalaren dirutik ordaindu baina, hala ere, diru publikotik ordaindu dira, gu guztion dirutik azken finean!.

Eta orain dena erreta dago eta burututako lana berriro hasieratik egin beharko da, administrazio publikoak soberan ez dituen baliabideak xahutuz (sua bera itzaltzeko erabili behar izan ziren baliabideen kostuak gehituz). Nor da orduan kaltetua? Denak gara kaltetuak, Alkizar guztiak eta, harago, mendia maite duen edozein.

Udalak bidegabekeria salatu du eta dagoeneko, Ertzaintza gertatutakoa argitzen saiatzen eta gaizkilea bilatzen ari da. Berandu baino lehen aurkituko dutela eta ondorioei aurre egin beharko diola espero dugu.

Argi gera dadin, nolanahi ere, mendi larreak berreskuratze lanetan jarraituko dugula 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!