Berriz ere martxan da Alkizako Ostatua

Ataria 2016ko mai. 6a, 14:30

Asteazkenean zabaldu zituen ateak hilabeteetako etenaren ostean. Kepa Miranda Urrestarazu donostiarrak hartu du ostatuaren ardura. Gaur, 19:00etan, irekiera festa egingo dute.

Hemeretzi urte zituenetik ostalaritza munduan dabil Kepa Miranda Urrestarazu (Donostia, 1965). "Toki apropos eta ederra" iruditzen zaio Alkiza eta luzaro jardun nahi du bertako Ostatu jatetxean. Taberna zabaldu eta biharamunean hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIArekin.

Zer moduzko harrera egin dizute Alkizan?

Ona. Bi egun bakarrik daramatzagu eta badakizu, hasiera guztiak arraro xamarrak izaten dira. Astebururako lana badugu eta kontentu gaude. Herritarrak hasi dira gerturatzen eta horrela jarraitzea espero dugu.

Nola izan zenuen Ostatu jatetxearen berri?

Kasualitatez. Nire semeen lagun baten bitartez. Hona etorri zen bisitan eta Alkizako Ostatua alokairuan zegoela ikusi zuen. Aurretik ezagutzen nuen Alkiza eta begiratzera etorri nintzen eta taberna oso ondo zegoela ikusi nuen. Urtebete neraman zerbait begiratzen eta Donostiatik ateratzeko gogoz. Mendialdea gustuko dut eta aukera polita iruditu zitzaidan. Animatuta nago.

Aurretik ostalaritzan zein esperientzia izan duzu?

Hemeretzi urterekin hasi nintzen gurasoen jatetxean, Añorgan. Hamabost urte eman zituzten bertan, mendi aldean zegoen eta aitak eta amak erretiroa hartu zutenean nik nire bidea hartu nuen. Madrilen, Santanderren eta Beran aritu naiz, besteak beste. Orain, Alkizan jarraituko dut.

Ezagutzen zenuen aurrez Alkizako herria?

Bai. Mendira joateko ohitura izaten dut eta paraje hau horretarako zoragarria da. Txikitan babarrunak jatera ere etortzen ginen. Orain erabat aldatuta dago, parke eta guzti du eta Donostia dirudi. Gazte asko ere badago, etxe berriak ikusten dira eta horrek herri giroan eragina du.

Zein baldintzatan hartu duzu Ostatu jatetxearen ardura?

Udalak argitaratutako baldintza pleguak beteko ditut. Sei hilerako kontratua sinatu dugu hasiera batean eta gero, bost urtez luzatzeko aukera izango dut. Udalaren laguntza handia izan da eta aurrera jarraitzeko esperantzan nago.

Zein ordutegi izango du Ostatuak?

Astelehen eta astearte arratsaldeetan jai egingo dugu baina bestela egunero irekiko dugu, goiz eta arratsaldez. Hemendik hilabetera ikusiko dugu ordutegia moldatu behar ote den edo ez. Jendea noiz dabilen, ordutegi horretara egokitu beharko dugu guk.

Bakarrik arituko al zara tabernaren kargu?

Ez, ez. Laguntza behar da hau guztia eramateko. Orain beste pertsona baten laguntza dut, hemen bizitakoa da eta orain Tolosa aldera joan dena. Egunero, erabat biak ariko gara. Gero asteburuetan jende gehiago ibiltzea espero dugu eta bi-hiru pertsona beharko ditugu lanerako.

Azalduiguzu zer eskainiko duzuen.

Gosariak, bazkariak, askariak, afariak... behar den guztia emango dugu. Hemen egoteak, herritarren zerbitzura egotea esan nahi du. Umeek euren urtemuga ospatzeko toki bat behar badute, horretarako aukera eskainiko diegu Ostatuan. Eguneroko menua eskainiko dugu eta karta ere bai. Eta menu bereziren bat prestatuko dugu astebururako. Parrila bat ere badugu eta bertan haragia eta arraina prestatzeko aukera izango dugu.

Toki aproposa al da Ostatukoa?

Sukaldea ondo prestatuta dago eta jantokia handia da. 50-60 pertsonentzako tokia dago, gutxi-gora behera.

Zein izango da zure bezero nagusia?

Herriko jendea etortzen dela ikusi dut lehen egunetan. Horien beharra izango dugu baina kanpoko jendea ere erakarri nahi genuke. Asteburuan jende dezente ibiltzen da: Alkiza ikustera etortzen direnak, Herniora buelta egiten dutenak, Ur-mara museoa eta Fagus Alkiza bisitatzen dutenak, Lete nekazal-turismoko bezeroak... Denen beharra izango dugu.

Zer esan dizute alkizarrek lehen egunetan?

Denbora asko eman duela Ostatuak itxita. Bertako gazteak mugitzen dira eta gerturatzen hasiak dira tabernara eta ni gustura nago.

Zer eskainiko duzue ostiraleko irekiera festan?

Luntx edo pintxo-pote bat egingo dugu, dohainik. Udalak antolatu du eta elkar ezagutzeko baliatuko dugu. Tarte on bat pasatzeko aukera izango dugu elkarrekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!